Brasil. Presidentetzarako hauteskundeak

Ezegonkortasunaren ondorioen argazkia

Bolsonaro ultraeskuindarra eta Haddad Lularen ordezkoa dira faboritoak igandean. Botoa polarizatuta dago, eta bigarren itzuliari begira jarriak daude

<b>Mobilizaziok.</b> Joan den larunbatean Bolsonaroren hautagaitzaren kontrako manifestazio jendetsuak egin zituzten Brasilen.
Mobilizaziok. Joan den larunbatean Bolsonaroren hautagaitzaren kontrako manifestazio jendetsuak egin zituzten Brasilen. MARCELO CHELLO / EFE

Igor Susaeta -

2018ko urriak 5

Boto eskubidea duten brasildarren artean, %44k ezin dute begien parean ikusi ere egin Jair Bolsonaro. %41i gauza bera gertatzen zaie, baina Fernando Haddadekin. Biak dira, ordea, Brasilgo presidentetzarako hauteskundeak irabazteko hautagai nagusiak. Igandean egingo dituzte, eta Datafolhak argitaratutako inkesta horrek adierazten du botoa polarizatuta dagoela. Etxe horrek berak duela egun gutxi kaleratutako beste inkesta baten arabera, Bolsonaro ultraeskuindarrak, Brasilen 21 urte iraun zuen diktadura militarraren nostalgikoak (1964-1985), botoen %31 bereganatuko du. Haddad PT Langileen Alderdiko presidentegai ezkertiarrak, Luiz Inacio da Silva Lula hautagai behar zuenaren ordezkoak, botoen %22 lortuko du. Inondik ere ez dirudi bietako inork botoen %50 pilatuko duenik; horrenbestez, hauteskundeen bigarren itzulia egingo dute hilaren 28an, eta etzi boto gehien lortzen dituzten bi hautagaiak lehiatuko dira egun horretan — hamahiru presidentegai daude—. Brasilek azken urteotan sozialki eta ekonomikoki duen egoera ezegonkorrak eragindako ondorioen argazkia ikus daiteke bozen bezperatan.

Oso adierazgarria da, esaterako, inkestek aspalditik hauteskundeen garailetzat jotzen zutena, Lula presidentea ohia (2002-2010), kartzelan egotea. Ustelkeria eta diru garbiketa leporatuta, hamabi urteko kartzelaldia ezarri zion Auzitegi Gorenak, eta Curitibako espetxean dago apiriletik. Aurkezteko asmoa zuen, halere, baina Hauteskunde Auzitegi Nagusiak baliorik gabe utzi zuen hautagaitza iraila hasieran, bigarren instantzian zigortuak hautagai ezin direla izan arrazoituz. 2002tik gertatu izan den bezala, PTk presidentetzarako hauteskundeak berriro irabazteko aukera zuen Lularekin. Presidente ohiaren esanetan, ordea, hori eragozteko kartzelatu dute herrialdeko «eliteek».

Dena dela, badu konfiantzarik Haddadengan. Ordezko izendatu zuen, eta alderdiaren buruzagitzak aho batez onartu zuen proposamena. 2005etik 2012ra Hezkuntza ministro izan zenaren helburua da langileriaren botoa bereganatzea. Haien eskubideak jarri ditu erdigunean kanpainan, eta agindu du pobreziaren, injustizia sozialen, desberdintasunen, enplegurik ezaren, eta diskriminazioaren kontra borrokatuko dela presidente aukeratzen badute. Izan ere, pobrezia da Brasilek duen arazori larrienetako bat. Getulio Vargas fundazioak egindako ikerketa batek dioenez, txiro kopurua 17,1 milioitik 24,3ra igo da azkeneko lau urteotan— 200 milioi biztanle ditu herrialdeak—.

Lula presidente zenean, txiroen bizi baldintzek nabarmen egin zuten hobera. PTk aurrera eramandako politikekin bat egin arren, zenbait ahots kritikok diote baliabideak eman zizkiela txiroei, bai, baina ez zituela antolatu, ez zituela oinarriak landu.

Bolsonaro PSL Alderdi Sozial Liberaleko hautagaiak darabilen diskurtsoa guztiz kontrakoa da, nahiz eta orain arte, behintzat, ez den nabarmendu politikari neoliberal bat izateagatik. Nabarmendu izan da, hori bai, diputatu ahobero bat izateagatik. 1991tik da Diputatuen Ganberako kidea, eta haren etsaiek diotenez inoiz ez du fundamentuzko proposamenik egin. Gai batzuez zein besteez astakeriak esatera mugatu da. Hona adibide batzuk. 2003an diputatu emakumezko bati esandakoa: «Nik zu ez zintuzket bortxatuko, ez duzulako merezi». 1999an, diktaduraz: «30.000 pertsona gehiago hil behar zituen diktadurak, Fernando Henrique Cardoso presidentearengandik hasita». Bi urte geroago, homosexualitateaz: «Seme homosexual bat maitatzeko ezgai nintzateke; nahiago dut auto istripu batean hiltzea». Eta 2007an, Poliziaren biolentzia izan zuen hizpide: «Hiltzen ez duen polizia bat ez da polizia bat».

Xenofoboa eta homofoboa

Esaldi horiek estilo baten eta dauzkan lehentasunen berri ematen dute. Gainera, armak legeztatzearen alde dago, eta tortura legitimatzen du. Segurtasun Publikorako Brasilgo Foroa gobernuz kanpoko erakundeak uda honetan argitaratutako txosten baten arabera, iaz 63.880 lagun hil zituzten Brasilen. Ikerketak dio, gainera, Poliziaren eskuetan hiltzen diren zibilen kopurua %21,4 hazi zela 2016tik 2017ra. Iaz 5.144 hil zituzten agenteek.

Hori guztia kontuan hartuta eta Bolsonarok esaten dituenak jasan ezinik, joan den larunbatean bere hautagaitzaren kontrako manifestazio masiboak egin zituzten Brasilgo 60 bat hiritan, Ele Nao lelopean (Bera ez). Filiak eta fobiak eragiten dituen eskuin muturreko pertsonaia bat da Bolsonaro. Irailaren 6an, kanpainaren hasieran, gizon batek labanaz eraso egin zion sabelean, Juiz de Fora hirian, eta hurrengo hiru asteetan, erasoak eragindako zauritik osatzen ari zenean, sare sozialen bidez egin zuen kanpaina.

Herritarrak adoretzeaz arduratu dira Hamilton Mourau presidente izatekotan presidenteorde izendatuko duena, eta Eduardo semea. Lehena, Bolsonaro bezala, militar ohi bat da, eta langileriari bidali dion mezua izan da enpleguen eta eskubideen artean aukeratu beharko dutela. Eduardo Bolsonarok, berriz, joan den igandean egin zuen bere ekarpena, larunbateko manifestazioei erantzuteko Sao Paulon bere aitaren hautagaitzak antolatutako mobilizazio jendetsuan. «Eskuineko emakumezkoak ezkerrekoak baino ederragoak eta garbiagoak dira», bota zuen, argazkietan metraileta bat aldean duela agertzeko ohitura duenak.

Bolsonarok dioenez, ezkerrak, irabaztekotan, «Brasil suntsituko du». Haddadek «faxista» deitu dio, eta ohartarazi du demokraziarentzako «mehatxu bat» dela. Edonola ere, militar ohia ideologiak diskurtso politikotik erauztearen aldekoa da. «Ideologiak ustelkeria bezain larriak dira, eta biei egin behar zaie aurre». Agertoki politikora jauzi egin du ustelkeria ezaren aldarria eginez, eta jakinik Brasilgo azkeneko hiru presidenteei —Lula, Dilma Roussef (2011-2016) eta 2016tik Michel Temer—, nabarmenago edo modu apalagoan, eragin diela ustelkeriak, botere egiturei eragiten dien bezala.

Elite ekonomikoko kideek errezeloz begiratzen zioten hasieran Bolsonarori. Estatuaren menpeko monopolioak pribatizatzearen edota pentsioen sistema publikoa erreformatzearen kontra bozkatu izan baitu bere ibilian. Baina Bolsonaroren aholkularirik behinena Paulo Guedes ekonomialaria da orain, eta hautagaiak esan du, gainera, hauteskundeak irabaztekotan botere handia edukiko duela. Esaterako, Petrobras eta Brasilgo Bankua pribatizatzearen aldekoa da Guedes, eta Bolsonarok egindako hautuak enpresari brasildarrak lasaitu ditu. Reuters berri agentziak iturri enpresarialak aipatuz kaleratutako erreportaje batek dioenez, Brasilgo enpresaririk boteretsuenen %80k Bolsonaro babesten dute.

Babes hori badu, beraz. Gainera, sare sozialetan ezin aktiboagoa da. Haren kontrarioen iritziz, fake news-ak hedatzen ditu, eta, horren guztiaren ondorioz, duda-mudatan zeuden herritarrak konbentzitzea lortu nahi du. Hala ere, hari negatiboki eragiten dioten eskandaluak kaleratu dituzte azken egunetan zenbait hedabidek. Aldizkari batek argitaratu ditu dokumentu batzuk, zeintzuek leporatzen dioten Bolsonarori bere ondasunak ezkutatu izana. Egunkari baten arabera, bestalde, hiltzearekin mehatxatu du bere emaztea.

Baina PTri ere eragiten diote eskandaluek. Antonio Palocci Lularen garaiko Ogasun ministroak Sergio Moro presidente ohiaren aurkako kausaren instrukzio epailearen aurrean deklaratu zuen iazko irailean. Deklarazioaren sumariopeko sekretua desestaltzearen truke, Palocciri kartzela zigorra laburtuko dio Morok —hamabi urtekoa ezarri zion iazko ekainean—. Paloccik deklarazio hartan esan zuenez, Lulak eta Rousseffek onartzen zituzten neurri parlamentarioen %90ek eroskeria eragiten zuten.

Kongresua, zatikatuta

Kongresurako ordezkariak ere hautatuko dituzte igandean; bai Diputatuen Ganberakoak, baita Senatukoak ere. Bitxia dirudi, baina Bolsonaroren alderdiak zortzi diputatu baino ez ditu behe ganberan —513 kide ditu—, eta bakar bat ere ez goi ganberan —81 kide—. Inkestek diote hauteskundeen ondoren ordezkari gehiago edukiko dituela bi ganberetan, baina PSLk, bere kabuz, apenas edukiko duen indarrik. PTk ere ez, nahiz eta aurrerantzean ere Diputatuen Ganberako alderdi nagusia izateko moduan dagoen. Erabat zatikatuta dago Kongresua, hamaika alderdi daude, eta, hortaz, gobernagarritasun gutxieneko bat edukitzeko babes bila aritu beharko dute biek ala biek.

«Zibilizazioaren eta gizalegerik ezaren artean aukeratu beharko da»

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna