Mossoek salatu dute Madrilek ez diela ematen Europako informazioa

2017ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Mossoen eta Espainiako Polizia indarren arteko tira-birak agerian geratu dira abuztuaren 17ko atentatuak izan zirenetik. Kataluniako Gobernuak eta nazioarteko hainbat hedabidek mossoen lana goraipatu dute, baina Espainiako hainbat egunkarik atentatua eragotzi zitekeela leporatu diote Kataluniako Poliziari. Belgikako Poliziak mossoei Abdelbaki Es Satty Ripolleko imamaren inguruan susmoak zituztela adierazi ziela argitaratu zenean hartu zuen indarra iritzi horrek, Espainiako hainbat hedabideren artean. Atzo, baina, Josep Lluis Trapero mossoen buruak azaldu zuen, Catalunya Radion egindako elkarrizketa batean, Ripolleko imamari buruz izena besterik ez zekitela, eta kexatu zen Madrilek jasotako Europako polizien informazioa ez dela Kataluniara heltzen. «Nazioarteko informazioa Espainiako Poliziaren leihatila batera heltzen da, eta gu ez gara ondo ateratzen, ez baitzaigu informazio hori heltzen. Espainiako segurtasun indarrekez dizkigute nazioartean izan ditzazkegun eskumenak aitortzen, are gutxiago zerbitzu sekretuekin harremanik izatea. Ez da egia CIAk Ripolleko imamari buruz ezer esan zigunik».

Trapero mossoen babesean agertu zen atzo ere, eta esan zuen Es Sattyren inguruko informazio gehiago izan balute, «gutxienez» horretan lan egin zezaketela. Horretaz gain, jakinarazi zuen ez dakitela Espainiako Barne Ministerioa Kataluniako imamen inguruko ikerketarik egiten ari ote diren. Traperok gezurtatu zuen Guardia Zibilak Alcanarreko (Tarragona) leherketaren ikerketan parte hartzeko eskatu ziela.

Bestalde, Rob Wainwright Europoleko buruak elkarrekin lan egiteko eskatu zien atzo Europako Polizia eta inteligentzia zerbitzuei, «terrorismoa» gelditzeko. Europako Batasuneko agentzia da Europol, eta horren kide dira Espainiako Polizia Nazionala, Guardia Zibila eta Ertzaintza orain dela gutxitik, baina Espainiako Gobernuak ukatu egin die mossoei horren kide izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.