Kataluniako erreferenduma. Kronika

Kataluniako lezioa

Urriaren 1arena da kronika. Erreferendum egunean usaitu eta ukitu zen giroari buruzkoa. Tristuraren aurkako eta etsiaren kontrako lezioei buruzkoa. Gezurra eta egurra beltz jo zutenean ere sumatu zenari eta ez zenari buruzkoa.

Bartzelonako Industria Eskolako bozkalekua, erreferendumaren egunean. ENRIC FONTCUBERTA / EFE.
Lorea Agirre.
Bartzelona
2017ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Festa batean bukatu da igandea. Festa betean. Dena eta festa. Tristurarik ez da sumatzen Bartzelonako Catalunya plazako ekitaldi jendetsuan. Ez da sumatu egunean zehar ere. Ezta gezurra eta egurra beltz jo dutenean ere. Tristura ez. Marina Garces filosofoak txioa bota du Balmes kaleko Infant Jesus eskolako bozkalekutik: «Hori tema tristurarekin! Hemen ez dago tristurarik: amorrua dago, mina, sumina, poza, ilusioa». 95 karakteretan laburbildu du independentzia erreferendum egunean usaitu eta ukitu den giroa. Tristuraren aurkako lezioa izan da gaurkoa. Lezioetako bat, etsiaren kontra.

Horrelaxe izan da Raval auzoko Miquel Tarradell Goi Institutoko bozkalekuan ere. Goizaldeko 05:00etan da bertara biltzeko hitzordua. Hirurehun bat lagun daude ate atarian. Orduerdira ireki da eskolako atea. Gaua bertan eman duten ehundik gora lagunetako batek egun ona luzatu die kanpokoei eta euren egitekoa zein den azaldu die: «elkarri besotik heldu, gorputza gorputzari lotu, lurrean eseri, eta hilda utzi gorputza». Polizia badator egon daitezela prest. Erresistentzia pasiboa, indartsua, irmoa eta alaia eskatu du, jendea bertan egoteko egun osoan, bozka emanda gero ere ez egiteko hanka. Herri harresia. 

Une kritikoa 06:00etatik aurrera izango omen da, ordu horretan bukatzen baizaie mossoei bozkalekuak prezintatzeko Espainiako fiskaltzak emandako agindua, eta, beraz, espero izatekoa da, portuko zamaketariek ohartarazi dutenez, gauerdian Bartzelonako portutik irteten hasi diren Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak hasiko direla bozkaleku diren eskoletara hurbiltzen. Eta hauek ez dute mossoek bezala egingo, boto-kutxarik eta boto-paperik baden galdetu, eta, ezezko erantzunarekin, etorritako bidetik joan.

Miquel Tarradell institutoa 0 puntuko bozkalekua da. Hau da, auzoko beste bozkalekuetan edozer gertatuta bertan zentralizatuko litzateke bozka eremua. Beraz, garrantzi berezia du irekita gorde dadin egun osoan. Gero eta jende gehiago dago atarian. Lau gazte gaupasero pasa dira jendearen artetik «soy facha, teneis la bandera española?» Oihuka, eta, cara el sol kantatzen barre artean. Inork ez die kasurik egin. Dagoeneko bostehun bat lagun daude atarian.

Gorputza, boto kutxa

Barruko txaloak entzuten dira. Eskola handia da, auzoko handiena. Auzoaren bihotzetako bat. Erresistitzen badu esperientzia, sinbolo bat da auzoaren historian, 1936an faxistek bonbardatu geroztik. Eskolako zuzendariak ez du eskola ireki nahi izan bozkaleku gisa erabiltzeko. Ez da agertu, ez ditu giltzak utzi, eta, horregatik, barruan dauden ehun bat lagunek sarrerako korridorea eta komun bat baino ez dituzte erabilgarri.

06:05 dira. Euria hasi du. Eskolako atea zabaldu da berriro ere. Umeekin daudenei barrura sartzen utziko diete. Ez da umerik. Gizonezko bat «i inda indapendencia» ohiuka hasi da, baina, berehala isilarazi dute bildutakoek. Erresistentziak baketsua eta isila behar du izan. Markarik gabea. Ez dago inongo banderarik ez afitxik ikusten. Adin guztietako jendea dago, edadetuak asko eta asko. Gazteak ere, are oso gazteak, ez dira gutxi. Zain. Egotea da gakoa. Egon, gorputzarekin denfedatzea etor daitekeen erasoa. Erasoa erasotu gabe eragoztea. Gorputza barrikada bihurtzea. Gorputz izatea. Herri. Boto-kutxa. David Fernandez kazetariak orain astebete txiokatua, «boto-kutxak gure gorputzak dira», haragiztatzea. Demokrazia eta eskubideak gorputz hutsez defendatzen dira hemen. Tentsioa dago, baina lasai dago jendea. Erne eta lasai. Zer gerta daitekeen ez jakitearen edo okerrena gerta daitekeela pentsatzearen giro tenkatu hori. Baina lasaitasuna. Eta poza. Antolakuntza eta diziplina sare oso bat. Herritarrek euren esku hartu dute etorkizuna. Lezio handi bat.

Eskola barruan jende saldoa dago. Larehun lagun bai. Askoz gehiago kanpoan. Txoko guztiak beteta. Motxila, lozaku eta lastairak pilatuta bazterretan. Nazioarteko bi begirale sartu diren unean, arduradunek isiltzeko agindu dute. Ez da arnasik entzuten. Polizia auzora hurbiltzen ari delakoan. Alarma faltsua, oihukatu dute. Ordulaurdenera alarma berriro. Mossoak dira errondan. Kale kantoian paratu dute furgoneta eta bertan geratu dira egun osorako, ezer eragozteko baino laguntzeko daudela bistako da. Poliziak ere babes dezake, herritarren alde egin lezake. Lezio bat gehiago.

Polizia infiltratuari txalo

 07:20etan, eskola hustutzeko agindu dute, bozkaleku gisa atontzeko. Bozka kutxak bertan ote dira. Hemen inork ez daki filma osoa. Bakoitzak jakin behar duena daki. Kitto. Irteten lehena izateko ohorea polizia nazional infiltratu bati eman diote, eta harentzako txalo zaparrada eskatu dute. Apuntatua. Begi gorrituko begirada galdu bat du, nola esan nolakoa den, ez da harroa, gehiago da gertatzen dena ulertzen ez duenarena, edo damutuarena akaso, edo kokainaz goraino dagoenarena. Ez da erraza atzematen.

Polizia infiltratuak atzemateko protokoloa jarri zuten egun batzuk badirela eta erraz identifikatzen omen dituzte dagoeneko. Zenbat holako, bakarka, inorekin hitz egiten ez dutenak, belarrian entzungailua. Begira begira jartzen zara eta denak harrapatzen dituzu, dio irakasle jubilatu batek. Jendeak nor zaren galdetzen dizu, nondik zatozen eta, agian, kuriositatea baino segurtasun neurri bat da. Eta esker ona adierazten dizute: «Egun on Euskadi, eta eskerrik asko», dio gaua barruan pasa duen emakume edadetu batek. «Bon dia Catalunya, a vosaltres».

Bozka-mahai zenbakiak eta hurrenkerak idazteko arbela handi bat jaitsi dute ikasgela batetik eta ikastorduren batean klarionaz idatzitako lezioa ezabatu behar izan dute: Solo el poble salva el poble. Txalo artean irten da jendea, eta minutu gutxira, txalo erauntsi pean, sartu dituzte boto-kutxak. Ez dago atzera bueltarik. Bederatziak minutu gutxi pasata ireki dute eskolako atea, bozka-lekuko atea. Txalo eta txalo, eta lehen aldiz aldarrien ixilaldia hautsi da: «votarem» eta «votarem». Txio bat, jendearen pozari: eguneko lehen garaipena.

09:30ean, Kataluniako kazetarien kolegioko telebistan, poliziaren lehen kargen irudiak, Puigdemont lehendakariari dagokion bozkalekuan. Bozka-kutxak eraman, jendea jipoitu, leihoak hautsi. Bozkalekuak ixten zituztenerako neurria jarri du gobernuak indarrean: errolda unibertsala 6.940 bozka-mahaietara zabaltzea. Edonork edonon bozka dezake. Zer espero daitekeen hasi da gorpuzten.

Kalean bozkalekuz bozkaleku. Graçia inguruko batean, jendea kanpoan samaldan. Geldi. Ezin sartu. Bozkatzeko atari eta sistema informatikoa hackeatu egin dute. Ramon llull institutoa itxita. Jendea zaurituta. Jendea suminduta. Haserre. Amorruz. Malkoka. Zaurituak anbulatziak utzi eta hedabideen aurrean testigantza ematen, basakieriari argazkia jartzen. Eskuetan gomazko pilotak dituen gazte bat sekreta batek kendu nahi izan dizkiola salatzen. Bolbora zorroak, beste batek. Jendea bozkaleku bila dabil. Alemaniako SPD alderdiko kargudun eta nazioarteko begirale Bernhard Von Grunberg ikusia ezin sinetsi dago: «Ikaragarri biolentoa izan da», «Frankoren garaira garamatza honek». «Horrelakorik ez da onargarria Europan». 

Jendea Fort Pienc eskolara jaitsi da. Bi lerro jendetsu bozkatzeko zai, milaka lagun. Edadeko jendea da bozkatzen lehena. Sistema informatikoa enegarrenez hackeatu dute, eta boto ematea motel doa, oso motel. Langile auzo independentista dirudi kanpotarraren begietara, balkoi eta leihoetan eskegita dauden estelada eta afitxen ugariengatik. Polizia hurbiltzea eragotzi dute lineako autobusek eta taxistek, errepide erdian gurutzatuta. Hurbil den Pau Claris institutoan, egurra, ikaragarri bortitz, minutu gutxi direla. Bideoa sarean dabil dagoeneko. Metro gutxira, oihuak eta turutak: igande goizeko futbol partida jokatzen ari dira auzokide batzuk. Euria ari du. Tabernako telebistan Espainiako telebista publikoa dute piztuta. Gezurra ari du.

Hackeatu, eta konpondu

Arratsaldean, Tarradell eskolara buelta. Jendetza dago bozkatzeko. Ilara luzeak kale estu luzeetan behera. Hemen dagoeneko ez da polizia erraz sartuko, ez badu sarraski bat egiten behintzat. Denbora aurrera doa. Nekez bozkatu ahal izango dute. Hackeaketek jarraitzen dute. Lehen etenaldiak, goizeko bederatzitakoak, ordu t’erdi iraun du. Ondorengoak hamar minututan konpondu dira. Zortzigarrenez hackeatu dute bozka sistema. Zortzigarrenez konpondu dute. Zortzigarrenez pasahitz berria ematen zaie mahai-arduradunei. Mugikorren bitartez kudeatzen da errolda eta bozka ematea. Etenka dabiltza. Pazientzia eskola bat da hau. Bozkatzea lortzen duten denei txalo jotzen zaie. Beste garaipen bat, txio. Aurki, bozkak zenbatzea baino ez da geratuko. 

Festa bat da Catalunya plaza. Kataluniako telebista publikoa dago jarrita pantaila erraldoian. Jendea adi-adi so. Bost orduz. Harrigarria. Espainiako presidente ordearen adierazpenak, poliziaren proportzionalitatea azpimarratuz, poliziaren kargen irudien gainean. Estatu indarkeriaren soinu banda. Begiek gezurtatzen dute belarriek entzuten dutena. Kazetaritza hori da. Kazetari bat egin beharreko galderak egiten. Demokrazia hor ere hasten da, morrontzarik gabeko kazetaritzan eta morrontzarik gabeko irakurletzan. Enegarren lezio bat.

Ramblak ere festa bat dira. Bestelakoa. Mundu bat, turistak eta bertakoak, igandean paseoan, tabernak eta kaleak lepo, taxiak batetik bestera. Hiriaren beste zarata bat, erreferenduma antolatu, babestu, bozkatu dutenen eta polizien indarkeriaren bestelako zarata bat. Bizitzea zerbaiten alde egitea da, dio CUP alderdiaren hauteskunde leloak, Gramsciren hitzak bere eginez. Lezio guztien ama. Zeren alde egiten duzun da aldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.