Arrauna. Kontxako bandera

Lehiaketa Batzordeak ez du onartu Urdaibairen helegitea

Aitor Manterola -

2018ko irailak 8
Urdaibaik azkena segitzen du aurtengo Kontxan, eta leku horretatik ekingo dio biharko jardunaldiari, estropadako Lehiaketa Batzordeak ez baititu onartu Bermeoko taldeak helegitean jarritakoak. Bada aldaketa, baina, sailkapenean, aurreko igandean epaileek ezarri zioten zigorra zuzendu egin baitute batzordekoek: ez dute onartu azkenaren denborari hamabost segundo gehitzea, eta, horrenbestez, 34, 44 segundora dago orain Zierbenarekiko, lehen igandeko garailearekiko.

Batzordearen epaiak dioenez, «Urdaibaik eskatu du helegitean estropadaren epaileen eskumena den erabaki hertsiki teknikoa berriz interpretatzea, baina batzorde honek ezin du hori egin, ezta kirol lehiaketan erabiltzen dituzten irizpideak berraztertu ere. Erabakia estropada jokatu ahala hartu zutenez epaileek, ezin da erabaki tekniko hori mugitu». Erabakiak zera dio: «Ezin da epaileek balioztatutako estropada bat berriz epaitu, ezta auzitan jarri ere bi taldeen pala talkak kalte handiagoa bietako zeini eragin zion, abordatzea izan zen edo ez. Hori dena epaileei dagokie, eta, ondorioz, haiek eman behar dute epaia, eta ez Lehiaketa batzordeak».

Batzordeak zuzendu duena hamabost segundoko denborarena izan denez, «ofizioz jardunez», horren azalpena ere ematen du: «Araudiaren 64. artikuluko paragrafo bat gaizki erabili zen, beste bat dagokiolako honi, eta, horren arabera, lehen igandekoa ere finaltzat hartzen denez, zigor hori kendu egin dugu».

Urdaibai, «haserre»

Azkar eman zuen iritzia Urdaibaik Lehiaketa Batzordearen epaiaz, eta, Agustin Aranburu presidentearen arabera,«txistea da helegitea egiteko aukera eman ondoren esatea ezin dutela epaileen estropada berriz epaitu. Horretarako, esan dezatela hasieratik ezin dela helegiterik aurkeztu. Guk ez dugu eskatu estropada berriz epaitzeko; aktarekin ez gaudela ados adierazi dugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna