Otsailaren 18tik 24ra egingo dute Sadarren inguruko kontsulta

Eñaut Agirrebengoa -

2019ko urtarrilak 23
Osasunako bazkide guztiek erabakiko dute Sadar nola eraberritu, otsailaren 18tik 24ra egingo den bozketan. Bi aukera izango dituzte: batetik, oinarrizko berriztatzea; eta, bestetik, estadioa handitu eta azalberrituko lukeen proiektu integrala. Batak bederatzi milioi euroko kostua luke, eta besteak, hamasei milioi eurokoa. Bost egitasmo daude berriztatze osoa egiteko, eta horietatik bat aukeratu beharko dute bazkideek.

18 urtetik gorako 11.000 bazkide inguru daude deituta kontsultan parte hartzera. Bi izango dira galderak: «Zein birmoldaketa egin nahi duzu Sadarren?», eta «Estadioaren birmoldaketa osoak irabaziz gero, zein proiektu aukeratuko zenuke?». Oinarrizko berritzearen alde daudenek ere erantzun beharko diote bigarren itaunari. Otsailaren 18tik 23ra, Internetez bozkatzeko aukera egongo da, eta 24an iritsiko da boza aurrez aurre emateko txanda.

Gero, ezohiko batzar orokorra egingo da kontsulta egin eta hurrengo asteburuan. Bertan erabakiko da proiektu irabazlea finantzatu ala ez. Alegia, bazkide konpromisarioek izango dute azken hitza. Orain arte, mesfidantza erakutsi dute kluba berriz ere zorpetu dezaketen proiektuaz. Esaterako, iazko martxoan atzera bota zuten Sadar berrerosteko plana. Horretaz gain, hainbatek ez du begi onez ikusten estadioa handitzea. Berrikuntza lan osoa egiten bada, 23.000 edo 25.000 ikuslerentzako tokia izango luke. Egun, 18.375 ikusle sartzen dira, eta, sasoi honetan, partidako 13.807 egon dira.

Edonola ere, zuzendaritza eta taldeko kapitainak zaharberritze integralaren aldekoak dira. Egitasmo hori aurrera ateratzeko, Nafarroako Gobernuaren bermea beharko luke. Horren harira, kluba Nafarroako Parlamentuko talde guztiekin bildu da, egitasmoaren xehetasunak azaldu eta babesa eskatzeko. Luis Sabalza presidenteak atzo azaldu zuenez, «oso harkor» agertu dira guztiak. Horrekin batera, argitu zuen Osasunak «bere gain» hartuko duela berritze lanen «kostu osoa». «Ez dugu diru publikorik eskatuko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna