Inma Errea.
Stephane Hessel hil da. Iritzia

Egiazkoa zen, egiazkoa da

2013ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Indignez-vous ! euskaratzeko proposamena egin zidaten arte, ez nuen izan Stephane Hesselen berri. Zerbait nuen entzunda bere liburuak Frantzian izandako oihartzunari buruz, baina bene-benetan itzulpenaren enkargua onartu nuenean hasi nintzen liburuarekin eta egilearekin interesatzen.

Egilea, Hessel, pertsona interesgarria iruditu zitzaidan, edozein momentutan pertsonaia bilakatzen den horietakoa. Amets egin nuen, aitortu behar dut, harekin hitz egiteko aukera izatearekin, eta hamaika galdera egitearekin (horra hor nire kazetari-bokazio ordurako ja hila berpiztua!), baina ez nuen aukerarik izan. Eta, beraz, hari buruz ahal nuen guztia irakurtzearekin konformatu nintzen. Eta irakurritakoagatik pentsatu nuen haren bizitzak film edo telesail bat egiteko beste ematen zuela.

Baina, batez ere, haren esanekin maitemindu nintzen. Ongi idazten zuen, argi zegoen, baina uste dut, bere idazkerak baino, esaten zituen gauzek erakarri nindutela, edo, areago, hitzak eta edukiak —forma eta mamia zorionekoak— zeharkatuta helarazten zituen gogoa eta jarrera. Egiazkoa zen, egiazkoa da, bere mezua, hala bihotzean nola buruan tinko ainguratuta. Eta horrek beti erakartzen du jendea.

Niri poz handia eman zidan Indignez-vous ! hura Haserretu zaitezte! bihurtzeak. Poza, eta buruko min zenbait ere bai. Jatorrizkoa argitara eman zuen Indigene Montpellierreko argitaletxeak Espainian argitaratzekoak ziren itzulpen guztiak batera ateratzea nahi zuen. Eta nik enkargua eskuratu nuenerako banekien gaztelaniara eta katalanera behinik behin hasiak zirela itzultzen. Horregatik, bizi-bizi joan zen dena: dokumentatze-lana, itzulpena bera, zuzenketa...

Erronka handia zen halako liburu arrakastatsu bat itzultzea, baina, batik bat, erantzukizuna zen handia. Itzultzaile guztiok nahi dugu jatorrizkoari fidel izateari utzi gabe jatorrizko hizkuntzari ere ahalik eta hurbilenetik segitzea. Eta ez da erraza: hizkuntzez gain, hizkuntza horien kulturetan errotutako moldeak hartu behar dira kontuan, eta etengabe sortzen dira itzultzaileari zalantzak eragiten dizkioten kontuak. Kasu honetan, ordea, erantzukizuna beste afera batek areagotzen zuen: Hesselen hitzak zuzenean zeuden lotuta denok bizitzen ari ginen errealitateari, eta horregatik tentu handiagoaz itzuli behar zirela iruditzen zitzaidan. Beldurrak airean egin nuen itzulpena, asmatuko ez nuelakoan... Izenburutik hasi eta Indigeneko editorearen gibelsolasa amaitu arte. Eta bigarren eta hirugarren argitalpenean zuzenketa pare bat sartu nituen. Eta oraindik ez dakit asmatu nuen (segur aski gauza batzuetan, bai, eta beste batzuetan, ez)...

Denborarekin ohartu nintzen liburu batzuetan (filmetan, kantetan, antzezlanetan...)egileen zein itzultzaileen artea eta ofizioa gainditzen dituen zerbaitek dirauela —deitu bihotza, arima edo egia, deitu, sinesmen, mezu edo bultzada— eta lasaiago gelditu nintzen. Hesselen liburuak halako zer edo zer baitauka, jendeari mezu bat —itxaropen bat, ideia bat, asmo bat...— helarazten diona, hitzak beraiek gaindituta.

Irudikatzen dut Hessel bakean hil dela. Jende asko ukitu eta hunkitu duen zerbait egin duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.