UR APARRETAN

Uda giro

Ane Pescador - San Juaneko arraunlaria

2018ko ekainak 22
Kostata, gogor joan den negua atzean gelditu da, eta harekin batera egindako lan pisutsuak ere.

Dena prest, dena puntuan. Baina, hainbat dira zalantzak: nola egongo dira beste taldeak? zein maila emango dugu? Zalantza guztiak kitatzeko unea iritsi da, ordea, estropada eguna da jada.

Estropada eremura iritsi eta uraren baldintzei begira jarri gara. Honezkero, zein kale nahi dugun ondorioztatu dugu (kontrako kalea egokituko zaigula onartu dugu ere). Lehia aurreko erritualak bete eta uretaratu gara, lehorrean gelditzen direnekin azken besarkadak eta animo hitzak partekatuz.

Une honetatik aurrera, bukatu dira bromak. Lemazainaren hitzei men eginez eman dugu hurrengo ordu guztia. Trainerutik at dagoen guztia desagertu egin da. Beroketa bukatzeko azken irteerak egin ditugu. Eta orain bai, iritsi da irteera eremura gerturatzeko unea. Banan-banan begiratzen diogu elkarri, ondokoaren begietan zure amets berdina elkarbanatzen duenaren konplizitatea aurkituz. Denok dakigulako zeinen gogor joan den negua, denok utzi ditugulako gauza asko alde batera honaino iristeko.

Eta irteerara hurbilduz, burura datozkigu horraino iristen lagundu gaituzten pertsonak, arraunak sortutako haserre eta nekeak baretu dizkigutenak, egunero indarrak eman dizkigutenak... Orduantxe dakigu, haiengatik, atzetik animoak ematen dugun herriarengatik eta guregatik, dena eman behar dugula.

Denboraldia ez da erraza izango. Itsasoko baldintzen, arerioen eta gure buruen aurka borrokatu beharko dugu. Baina, arraunzaleek, argi eduki ezazue... Gure bertsiorik onena ematera goazela!

3,2,1... Ba! Has dadila dantza!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna