Luis Miguel Arkonada eta Jose Angel Iribar

Garai loriatsuagoen ikurrak

Lehengo eta oraingo futbolaren ertzak tolestu dituzte Luis Miguel Arkonadak eta Jose Angel Iribarrek, Donostian, Korner Kultura eta Futbol Festibalaren barruan. Urte asko dira erretiratu zirela, baina uste dute «betirako atezain» izango direla.
JJON URBE7FOKU

Jon Ander De la Hoz -

2019ko otsailak 5
Ilea ondo urdinduta zuten atzo Donostiako Antzoki Zaharrean elkartu ziren gehienek. Behinola izandako sentipenak berritzeko asmotan edo, dozenaka lagun bildu ziren Luis Miguel Arkonadaren (Donostia, 1954) eta Jose Angel Iribarren (Zarautz, Gipuzkoa, 1943) arteko solasaldia entzutera. Baloiak gelditzeagatik ezagun dira atepeko bi mitoak, baina hitzak jaurtitzen aritu ziren atzo, lehengo eta oraingo garaiak gogora ekarriz.

Mitoen derbia izenburupean bildu ziren Realeko eta Athleticeko kapitain ohiak. Ez alferrik, ondo merezia dute deitura bi atezainek. Txuri-urdinen eta zuri-gorrien garai hobeagoetan talde bakoitzaren ikur izan ziren, eta, urteak igaro arren, zaleen ahotan jarraitzen dute.

Alabaina, garaikurrak altxatu zituzten garaitik harago joan ziren atzoko ekitaldian. Atzera begirako errepasoarekin ekin zioten saioari, eta gogoratu zuten nola biak soinean kolore berak zituztela hasi ziren futbolean: La Salle ikastetxekoak. Donostian hasi zen Arkonada, eta Zarautzen Iribar: «Eskola arteko atsedenaldi batean jarri ninduten atepean. Bizilagun bat nuen ikastetxean, eta Musika plazan asko aritzen ginen futbolean. Hark esan zuen atezain ona nintzela». Begi ona zuen ikaskide hark.

Arkonada, berriz, «lurrera erortzeari beldurrik ez» zuelako jarri zuten atean. Biak garaiz nabarmendu ziren postu horretan, eta ibilbide luzea egin zuten Realean eta Athleticen. Talde bakoitzaren garai loriatsuenetan aritu ziren, eta beren postuan jokalari onak zituen Euskal Herriak. Uste dute hemengo kirolzaletasunak eragina izan zuela horretan. Esaterako, pilotan eta eskubaloian aritu ziren Arkonada eta Iribar: «Gaur egun ere, pilotan aurrelari direnen artean atezain onak egon daitezkeela pentsatzen dut haien jokatzeko modua ikusita», esan zuen Iribarrek. Euskal taldeetako harrobiak egun atezain gutxiago ateratzen ote dituen galdetuta, biek uste dute «lan ona» egiten dela, baina beste lekuetan aurrerapauso bat egin izanak berdindu egin dituela Espainiako eta Euskal Herriko atezainak.

1976an Atotxan jokatutako derbian aritu ziren estreinakoz elkarren aurka. Egun hartan, ikurrina atera zuten bi taldeetako jokalariek: «Gure herriak une hartan behar zuena egin genuen», azpimarratu zuen Iribarrek. Atzoko ekitaldian garrantzi berezia izan zuen egun hartan jazotakoaren kontakizunak. Ikurrina ilegalizatua zegoen orduan, eta ekintza haren nondik norakoak azaldu zituzten Salva Iriarte eta Josean de la Hoz Realeko jokalari ohiek, eta Jabo Irureta eta Dani Ruiz Bazan Athleticeko jokalari izandakoek.

Ez zen hizlariak joko hutsetik aldendu ziren une bakarra izan. Futbolaren pisuak eguneroko egoeretan duen eraginari balioa eman zion Arkonadak: «Memoria lantzeko tailerrak egiten ditugu zaharren egoitzetan eta. Batzuk ez dira oroitzen zer bazkaldu duten, baina duela urte askotako emaitzak esaten dituzte».

Atezainak, oro har, «serioak» dira, Arkonadaren esanetan: «Hala behar du, esker txarreko lanbidea baita». Donostiarraren ustez, burua «etenik gabe martxan» izaten dute postu horretan ari direnek, denbora asko igarotzen baitute bakartuta: «Zerbait gaizki ateraz gero, garrantzitsua da hurrengo jokaldian ondo erreakzionatzea».

Hargatik, oraindik ere atezainekiko «enpatia» sentitzen dutela zehaztu zuten biek. Urte asko joan dira jokatzeari utzi ziotenetik, baina azaldu zuten «betirako atezain» izango direla : «Oraindik ere, partidak ikustean nahiago izaten dut atearen atzean jarri, harmailan baino», amaitu zuen Iribarrek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna