Ikuspuntu jaialdiak 23 film erakutsiko ditu Sail Ofizialeko lehian

Mila lan baino gehiagoren artetik aukeratu dituzte. Martxoaren 2tik 7ra egingo dute Iruñeko zinema jaialdia, eta hamalaugarren aldia izango du

Lawrence Abu Hamdan zinemagilearen Once removed filma emango dute jaialdian. IKUSPUNTU JAIALDIA.
Erredakzioa
Iruñea
2020ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Mila lan baino gehiago aurkeztu zituzten egileek Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdian parte hartzeko. Eta, horien guztien artetik, 23 film hautatu ditu jaialdiak bere hamalaugarren aldiko Sail Ofiziala osatzeko. Hainbat herrialdetatik iritsitako lanak dira, bost luze eta hemezortzi labur, askotariko gaiak eta begiradak erakusten dituztenak. Martxoaren 2tik 7ra erakusiko dituzte guztiak, Iruñean, eta hainbat sari irabazteko lehian izango dira denak.

AEB, Belgika, Brasil, Frantzia, Herbehereak, Portugal, Tunisia, Argentina, Egipto, Erresuma Batua, Espainia, Kolonbia, Libano, Siria eta Kurdistango lanak daude Sail Ofizialean, jaialdiak jakinarazi duenez. Filmok «ikus-entzunezko hizkuntza garaikideen eta abangoardiakoen askotarikotasuna» esploratzen dutela azaldu du, eta hori askotariko gaiak landuz egiten dutela gaineratu. Badira errepikatzen diren zenbait gai; esaterako, familiaren historia berreginez, beren jatorria eta nortasuna bilatzen dute hainbat zinemagile gaztek.

Jaialdiak nabarmendu du «zinema garaikideko izen handiak» daudela sortzaileen artean: besteak beste, Lawrence Abu Hamdan, Ben Rivers, Eric Baudelaire, Lynne Sachs, Ana Vaz eta Laura Huertas Millan. Sail Ofizialeko programazioa Nuria Cubasek, Matias Piñeirok, Maria Palacios Cruzek, Miguel Zozaiak eta Garbiñe Ortegak prestatu dute.

Film horien artean, lan onenaren saria, zuzendaritza onenarena eta film labur onenarena banatuko ditu epaimahai ofizialak. Ikusleen Sari Berezia eta Gazteen Saria ere banatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.