KRITIKA. Gasteizko 42. Jazzaldia

Gorabehera handiko gaua

Perico Sambeat, ostiral gaueko kontzertuan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
2018ko uztailaren 22a
00:00
Entzun

Gasteizko Ganbera Orkestra + Perico Sambeat laukotea eta Cory Henry & The Funk Apostles



Lekua: Mendizorrotza kiroldegia. Eguna: Uztailak 20.

Asteburua irekitzeko, Gasteizko Ganbera Orkestra Perico Sambeat laukotearekin dugu. Bi talde horien konbinazioaren izena Elkarrizketak da. Kiroldegia erdi beteta, Iker Sanchezen zuzendaritzapean, orkestra sarrera melodiko batekin hasi da, atmosfera ona osatzeko laukoteko kideak agertokira ateratzean. Perico Sambeat bera hasi da saxo sopranoaren solo luze batekin, Masa Kamaguchik jarraituta kontrabaxuarekin, birtuosismo handiz.

Hurrengo abestian, Sambeatek saxo altua jo du, Joan Diazen pianoaren melodiak lagunduta. Duela zenbait urte, Sambeat eta bateria jotzailea, Marc Miralta, ikusi nituen Madrilgo Cafe Centralen. Han estilo askoz biziagoa zuten, baina esan beharra dago ze gustu ona izan duten Mendizorrotzako errepertorioa hautatzeko. Hasteko, Federico Mompouren Música callada, Sambeatek idatzitako sanba eta George Cables piano jolearen Lullaby. Ondoren, momentu batzuk baliatu ditu Sambeatek laukotea eta orkestra aurkezteko, hurrengo piezarekin jarraitu aurretik: Thelonious Monk mitikoaren Ruby My Dear. Emanaldiaren azken atalerako pieza oso onak gorde dituzte, hala nola McCoy Tynerren Fly With The Wind, Ravel-en Daphne eta Cloe suitea, Sergio Mihanovichek idatzi eta Bill Evansek jo ohi zuen Sometime Ago, eta Sambeaten beste sorkuntza bat, La otra orilla. Bukatzeko, bisak jotzeko bueltatzean, Maurice Ravelen beste pieza bat oparitu digu: Pavane pour une infante difúnte. Pieza ikaragarri polit horrekin bukatu dute.

Cory Henry & The Funk Apostles, hasteko, atzerapen handiarekin atera dira. Lehenengo abestia Hammond organoz kargatuta hasi da. Sei sokako baxuaren energia aipagarria da, dudarik gabe, I Feel Alright jotzean. Abeslari-dantzariak ateratzean, kantu izugarria hautatu dute, nire gogokoenetarikoa: Stayin' Alive, The Bee Gees talde handiarena. Hala ere, soinu kalitatea kiroldegian nahiko eskasa izan da, mikrofonoen erreberberazioa nabarmena izan baita.

Hurrengo abestiek ez dute arrakasta handia izan ikusleengan, jende nahikoa altxatu eta joan egin baita. Funtsean, gaueko bigarren emanaldi honek amaiera gazi-gozoa izan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.