Kataluniako erreferenduma. Joan Rabasseda. Arenys de Munteko alkatea

«Ilusioa dugu, bidegurutze historiko batera heltzen ari garelako»

ORIOL CLAVERA.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
<i>Arenys de Munt</i>
2017ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Atzo deklaratzera joan baino egun batzuk lehenago egon zenJoan Rabasseda alkatea BERRIArekin Arenys de Munteko bere udaleko bulegoan. Adeitsu eta pozik zegoen bisitarekin, eta edozein berri zegoenerako telefono zenbakia eman zion. Atzo berrikuntza zen fiskalaren aurrera joan behar izan zuela, eta telefonoaren bestaldera mintzatu zen. «Baina egoera ez da aldatu. Ez dugu deklaratu, eta gurean jarraitzen dugu». 2009an Kataluniako lehen galdeketa egiteagatik egin da ezagun Arenys de Munt, eta herritarrak «harro» daudela dio.

Gaur (atzo) zure txanda izan da. Nola sentitu zara fiskalaren aurrean?

Lasai, denok batera hartu dugun erabakia aurrera eramaten, alegia, deklaratzeari uko egiten. Alkateok konbentzimendu osoz gaude prozesuan, denak bat, bidegabekeria honen aurka. Erabateko konpromisoa daukagu herritarrekin eta gobernuarekin. Gure eginbeharra da bide guztiak jartzea bozkatzera joan nahi duten herritarrei; bestela, ez ginateke herriaren alde lanean ariko.Gertatzen ari dena da sinestezina; ez zait buruan sartzen.

Beldur zara gerta dakizukeenaz?

Noski. Familia daukat, lagunak, bizilagunak... gustatuko litzaidake ez gertatzea gertatzen ari dena, baina kalean geratzen naute, eta babes osoa dudala esaten didate. Seguru nago Arenys de Munten parte hartze izugarria egongo dela.

Ez badute egitea oztopatzen. Gaur bertan (atzo) neurri gehiago hartu baitituzte. Noraino irits daitezke?

Erreferenduma egin dadin gure esku dagoen guztia egiten ari gara, baina egunez egun hartzen dituzte erabakiak: mehatxuak, atxiloketak, botopaperak direla, hautetsontziak, bozkalekuak. Igandera bitartean denbora asko geratzen da, eta gauza asko ikusiko ditugu, baina gure esku ez dagoenaz ezin dut ezer esan.

Langileek parte hartuko dute antolaketan?

Inork ez du parte hartuko borondatez ez bada. Zerrenda batzuk osatu ditugu, eskualdeetan antolatu dugu dena, eta hauteskunde ordezkariak daude udal bakoitzean. Sistema bat aplikatzen ari gara ahalik eta normaltasun handienarekin bozka dezagun. Herrian normaltasun erabatekoa dago, ez dago haustura sozialik. Erreferendumaren kontra daudenak daude erretxinduta. Guk ilusioa daukagu, bidegurutze historiko batera heltzen ari garelako.

Gogoan duzu 2009ko galdeketa? Zer esanahi dauka ekinaldi hark?

Demokrazia festa bat bezala gogoratzen dut, eta paradigma aldaketa ekarri zuen, jende asko konturatu baitzen erabakitzeko eskubidea erabiliz gauza asko alda daitezkeela. Lehen olio tanta izan zen, eta txorrotada handiak etorri ziren ehunka herritara zabalduz galdeketak. Orduan pentsatu ez genuen abiadura hartu zuen prozesuak. Orain, benetako erreferenduma ate joka daukagu azkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.