begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Ikusleak non, 'pelikuleroak' hara

2022ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Miarritzetik Iruñera daramaten kaminoek dituzten tuneletan zehar eta barna hitz eten bi egin genuen Txantrea auzoan bizi den Iñaki Alforja Andoaingo Zinema eta Bideo Eskolako ikasle ohiarekin.

Iban Toledorekin batera Bolante baten historia egin du, eta dokumentalen amorante amorratua dugu, Ezkaba: la gran fuga de las cárceles franquistas eta Oskara zinema piezak sinatu dituena; Iñaki Otxoa de Olza alpinista primerakoaren laguna, Anapurnan haren bizitza salbatzeko antolatu zen erreskate sekulakoa kontatzen duen Pura vida zeluloide harribitxian parte hartutakoa.

Miarritzera arrimatu zen Iñaki, bertan Fipadoc zinemaldia zegoelako pantailetan, kaleetan eta... bilera geletan. Izan ere, igeriketa sinkronizatuan hasi berriak diren hainbat emakume edadeturen balentria txiki/handiak gureganatuko dituen El vuelo de las libélulas izeneko filma bukatu hurren duen sortzaileak Corniche ondorantz egin zuen bidaia hurrengo bere lanetarako finantzaketa lortu nahi zuelako (duelako), eta hantxe zirelako mezenas, inbestitzaile eta balizko ekoizle franko, ezagutu/konbentzitu beharrekoak.

Txantrerako buelta bidean zela egin genituen hitz eten bi horiek. Zertaz? Ba... zinema zirkuitu alternatiboez.

Bai, Zinema Zirkuitu Alternatiboez.

Jende askok pentsatuko du ohiko pantailetatik at aukerarik, bizitzarik, zinema islarik ez dagoela. Ohiko hiriburuetan eta herri handietan diren saloi komertzialetatik kanpo irudiak ez duela inon aterperik aurkitzen, ez duela dir-dir egiterik.

Ba, horrelako pentsamendu ilunetan den jendea oker dago. Eskerrak. Ez naiz plataformez ari. Ez naiz zinema jaialdiez ari. Ez naiz hiritar merezimendu dominak jasotzen dituzten zineklubez ari. Ez naiz Euskadiko Filmategiak Euskal Herrian barna antolatzen dituen emanaldiez ari. Ez naiz kultura garaikideko nazioarteko gure zentroetan suertatzen diren irudizko sorpresez ari. Eta ez naiz han-hemenka aspaldian jaio eta egun eta harro bizirik irauten duten zinemalditzarrez eta zinemalditxoez ari.

Ez, (agian) aipaturiko inguru horietan aukera handi-handirik ez duten pelikulentzako beste abegi zentroez ari naiz. Jende askok ez du, apika, jakingo, baina zinema komertzialetan ikusgai izateak sortu ohi duen presiorik gabe eta libre sentitu nahi duten zinema puskentzako beste mota bateko kobazulo majoak badira gurean.

Eta horren gainean egin genuen bi hitz eten Iñakik eta biok, Iruñerako bidean, tuneletan barna.

Izan ere, Donostiako Zinemaldiaren Zinemiratik eta Bilboko Zinebitik pasatu ondoren, gure kapitaletako areto usuetako pare bat baino gehiagotan ikusle kopuru majo bat lortu ostean, Bolante baten historia han eta hemen izan da eta izango da ikusgai. Herrietan barna. Ermuan eztabaidatu zuten urte honek hamahiru egun bete berri zituela. Getxoko kultur etxean izango du estreinaldia datorren astelehenean. Eta Hernanikoan, asteazkenean. Otsailak aurrera egin ahala (12an eta 16an), Lezoko Gezala auditoriumean eta Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean erakutsiko dute.

Zin egiten dute Naparra-ren oroimena gordez bere inguruko guztien mina agerian jartzen duen dokumental taxuzko honen arduradunek ez direla aipatutako horiek izango emanaldi bakarrak. Are gehiago, Euskal Herriko zazpi probintzietatik urrun asko diren lurraldeetan ari dira eske. Mexikon nahi dute ikusi. Txilen. Argentinan. Paraguain, bertan ederki ezagutzen baitute, tamalez, desagertua hitzaren barruan dagoen dolu, amorru, biolentzia eta desosegu erabatekoa.

Munduan zehar beti existitu dira zinema ikusteko zirkuitu paralelo horiek; Pariseko, New Yorkeko, Berlineko, Londreseko etorbide dotoreetatik at baziren, badira, auzoko zinema egongelak. Aurrekontu urriko film malapartatu eta, askotan, traketsentzako zein anbizio handiko proposamenentzako.

Orain gure karriketako bazterretan ditugu txoko paralelo horiek. Eta Iñakik esanda, Iruñera bueltan, ikusleak non, hara joango dira haiek, pelikula besapean, kalitate handiko disko digitaletan edo USB memoria batean harturik.

Azken-aurreko eskaera nirea: ez galdu, arren, datorren asteartean Donostiako Kresalak eskainiko duen oparia, A metamorfose dos pássaros.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.