Ez du antzik azkenekoarekin

Etxarrik eta Amorrortuk Venezuelaren aurka jokatzeko deitutako hemezortzi futbolarietatik zortzi estreinakoz ariko dira. Espainiako Lehen Mailakoak dira zerrendan dauden guztiak
Mikel Etxarri, hizketan, atzoko aurkezpenean. Jose Mari Amorrortu eta Luis Mari Elustondo ageri dira haren ondoan.
Mikel Etxarri, hizketan, atzoko aurkezpenean. Jose Mari Amorrortu eta Luis Mari Elustondo ageri dira haren ondoan. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Julen Etxeberria -

2018ko urriak 11
Eraberrituta dator euskal selekzioa. Mikel Etxarri eta Jose Mari Amorrortu hautatzaileek atzo eman zuten bihar 20:45ean Mendizorrotzan Venezuelaren aurka jokatuko duen selekzioaren deialdia, eta aldaketa asko daude jokalarien zerrendan. Deitutakoen ia erdiak estreinakoz ariko dira: hemezortzitik zortzi. Hala, selekzioaren azken partida jokatu zuten 22 futbolarietatik sei baino ez daude deialdian. Aldatu ez dena da zerrenda osatzeko Espainiako Lehen Mailako taldeetako jokalariak bakarrik deitu dituztela Etxarrik eta Amorrortuk.

Beste behin, Athleticeko eta Realeko jokalariak dira gehiengo: hamar. Bost jokalari daude talde bakoitzetik: talde zuri-gorritik, Yuri Berchiche, Iñigo Martinez, Dani Garcia, Iñaki Williams eta Aritz Aduriz; eta txuri-urdinekotik, Aritz Elustondo, Asier Illarramendi, David Zurutuza, Luca Sangalli eta Jon Bautista. Haiekin batera, Alaveseko hiru eta Leganeseko hiru daude: Martin Agirregabiria, Manu Garcia eta Ibai Gomez euskal taldetik, eta Jon Ander Serantes, Mikel Vesga eta Javi Eraso Espainiakotik. Azkenik, Eibarrek du jokalari gutxien, bi, lehen taldean dituen bakarrak: Asier Riesgo eta Anaitz Arbilla.

Zortzi jokalarik estreinakoz jokatuko dute euskal selekzioarekin: Williamsek, Aritz Elustondok, Luca Sangallik, Bautistak, Martinek, Serantesek, Vesgak eta Arbillak. Orain deitutakoetatik seik baino ez zuten jokatu 2016ko abenduaren 30ean Tunisiaren aurka: Iñigo Martinezek, Yurik, Dani Garciak, Adurizek, Illarramendik eta Manu Garciak. Zerrendan, Athleticeko aurrelaria da, halaber, selekzioarekin partida gehien jokatu duena: 11 aldiz.

«Berandu» baimenentzat

Etxarrik eta Amorrortuk deitutako futbolari guztiak Espainiako Lehen Mailan ari dira. Osasunako ordezkaririk ez dago, beraz. Espainiako Bigarren Mailako ligak ez du etenik, eta Iruñeko taldeak partida du larunbatean, Sadarren, Kordobaren aurka. Astelehenean ere jokatu zuen. Horrek guztiak ezinezko egin du Osasunako jokalariren bat bezperan selekzioarekin aritzea. Egun, aukera handia dago talde gorritxoan, euskal jokalari dezente baitago: Miguel Flaño, Unai eta Imanol Garcia, Oier Sanjurjo eta Iñigo Perez, besteak beste. Antzeko egoeran daude, adibidez, duela bi urte selekzioarekin aritu ziren Gaizka Toquero —Zaragozan ari da— eta Eneko Boveda —Deportivon—.

Ez dira faltako diren jokalari bakarrak. Euskal taldeei dagokienez, Unai Simon, Unai Nuñez, Igor Zubeldia eta Mikel Oiartzabal ez daude deialdian, Espainiako 21 urtez azpiko selekzioarekin jokatuko baitute gaur, Tiranan. Espainiako selekzio nagusiarekin ariko dira, berriz, Kepa Arrizabalaga eta Cesar Azpilikueta, gaur, Cardiffen. Min hartuta daude Oier Olazabal, Joseba Zaldua, Mikel Merino eta Ander Capa, besteak beste. Ez dago Espainiako Ligatik kanpoko jokalaririk ere. Etxarrik azaldu zuenez, Natxo Monreal (Arsenal), Javi Martinez (Bayern Munich) eta Ander Herrera (Manchester United) deialdian sartzeko ahalegina egin dute, baina «berandu» zen baimenak eskatzeko. Herrera, gainera, min hartuta dago. Ez zituen aipatu atzerrian ari diren beste zenbait jokalari: Mikel Gonzalez (AEK Larnaka), Igor Angulo (Gornik Zabrze), Alex Berenguer (Turin) eta Stephane Ruffier (Saint-Etienne), besteak beste. Oraingoan ere ez dago Ipar Euskal Herriko jokalaririk.

Aukeratuak gaur entrenatuko dira, Ibaian, 17:00etan. «Ez dugu aldatu euren jokatzeko modua. Gu egokituko gara haietara», esan zuen Amorrortuk. Aurkariaz, berriz, Etxarrik azaldu zuen Venezuelak «bizi» jokatzen duela, eta «erasokorra» dela.

Luis Mari Elustondo Euskadiko Futbol Federazioko presidentea, berriz, baikor azaldu zen. «Uste dut oso sarrera ona izango dela».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Julen Etxeberria

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna