Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak. Sustrai Colina. Bertsolaria

«Gustuko dut aurrez ibili ez naizen eremuetan ibiltzea»

Saioen aurretik, plaza horretan zer ekarpen egin dezakeen pentsatzen saiatzen da Colina. Pozik geratu zen Amurrion, bere arropen barruan ikusi zuelako bere burua, ez Bastidako kortseetan.
IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Miren Garate -

2017ko azaroak 21
2009ko eta 2013ko txapelketetan bezala, bi finalaurrekoak irabazi ditu Sustrai Colinak aurten ere, eta ia seguru finalean izango da, bosgarren aldiz. Gorantz zetorrela ikusi nahi zuen, eta lortu zuen. Puntuetan ez zen igarri koska hori, baina bai «sentsazio pertsonaletan». Abenduaren 17an oholtzan izan edo ez, gozatzen jarraitu nahi du hurrengo asteetan, helduagoengandik nahiz gazteagoengandik ikasiz.

Bastidako finalaurrekoan ez zenituela nahi bezain sentsazio onak izan aipatu zenuen: ideiak baztertzen-eta nahiko bukaeran hasi zinela, ordura arte buzoa jantzi eta lanean aritu zinela. Alde horretatik, hobeto aurkitu zenuen zeure burua Amurrion?

Bai. Amurrion, nire burua tenple hobean eta libreago topatu nuen hasieratik, eta horrek lagundu zidan gora egiten. Nire helburua zen nik sentitzea, eta era berean sentiaraztea, gorantz nentorrela, eta uste dut transmititu nuela hori.

Astebururo egiten duzunetik gertuago egon zarela ere esan duzu. Hori zen helburua?

Ni saiatzen naiz joaten naizen plaza guztietan, txapelketa izan edo ez, nire ekarpena zein izan daitekeen pentsatzen, eta horren arabera, barruan dauzkadan baliabideetatik zeinekin agertu nahi dudan erabakitzen. Nire ustez, hori da nik izan nahi dudan bertsolaria izateko modua. Amurrion, poztu nintzen topatu nuelako nire burua nire arroparen barruan, ez hainbeste txapelketaren kortseetan.

Adibidez, zein momentutan?

Seguru asko, jendeak pertzibitzen duen zerbait baino gehiago, sentsazio pertsonalak dira: ideiak baztertzeko aukera izatea, bide batzuk hartu edo beste batzuetatik abiatzea, tenple maila... Uste dut, gaien aurrean, Bastidan baino dezente hobeto posizionatu nintzela. Gutxi gorabehera gai guztietan topatu nuen nik gai horren ingurun esan nahi nuena esateko zirrikitu bat. Bastidan ez zen inondik inora horrela izan. Aipatutako gauza horiek ondo egiten dituzunean, normalean, bertsoa ere argiago etortzen zaizu, beste toki batzuetatik hasten zara bertsoa pentsatzen, ikusi egiten duzu esan nahi duzuna, eta errazagoa da bertso ona ez, oso ona botatzea.

Aurreko fasean ez bezala, zortziko handian, bi bertsolariok posizioak markatuta zenituzten. Aldiz, hamarreko txikian, egoera bat jartzen zuen gaiak, eta zuen esku zegoen posizioa.

Zortziko handia bada ariketa bat ofizio ez izateko arriskua duena; hau da, denok dugu sentsazioa, txapelketan, askotan, ofizioa izan beharrean bi monologo izaten direla. Uste dut, Amurrion, denak ere nahiko elkarrizketa txukunak izan zirela. Hamarreko txikian ere jendea erantzuteko zegoen, elkarrizketak harilkatzeko gogoz. Zentzu horretan, esango nuke nahiko interaktiboa atera zela saioa, elkarrekin egindakoa.

Puntukako ariketa ere sartu da fase honetan. Ondo aritu zineten guztiok, baina lehertzen asmatu gabe.

Akaso, lau ofizioetan pattalena hura izan zen. Ez da ariketa erraza. Alde batetik, bertso kopurua mugatuta dagoenez, zeure burua ere mugatzen duzulako, etengabe ari baitzara pentsatzen noiz hasi bukaerarantz bideratzen. Bestetik, plazan, erantzun bat etortzen zaizunean, kantatu egiten duzu, gero konturatzen zara poto egin duzun edo ez. Puntutan oso ondo egiteko, erortzeko prest egon behar duzu, eta txapelketan erortzeko prest egotea ez da hain erraza.

Lehertu ezin hori ez al da saio gehienetan gertatzen ari?

Ez dakit. Nik sentsazioa daukat txapelketaro kostatzen dela lehertzea, eta txapelketa pasatzen dela, eta iruditzen zaigula lehen beti gehiago lehertzen zela. Plaza lehertzea beti iruditu izan zait gauza zaila.

Kartzelako ariketan jaso zenituen puntu gehien. «Usaina sumatu, eta urduri jarri zara», zen gaia. Dolce Gabbana usaina hautatu zenuen, eta bikote harreman baten errutina aipatu zenuen. Emakume baten roletik aritu zinen. Nolatan?

Hori ere erabaki bat da. Aspalditik buruan dabilkidan zerbait da, beste batzuetan egitera ausartu ez naizena. Zirkunstantziengatik, tenplearengatik edo istorioa horrelaxe etorri zitzaidalako, egitea erabaki nuen. Batzuetan, gure espektroa handitzea ere ondo etortzen da.Emakumeek mila aldiz kantatu dute gizonezkoen roletik, baita kartzelan ere, eta batzuetan gizonezkooi ere ondo etortzen zaigu kontrakoa egitea. Nire kasuan behintzat, aurretik ibili ez naizen eremu batzuetan ibiltzeko aukera ematen dit, eta sortzeko orduan, positiboa da, ematen didalako barne txispa berezi bat, gauzak ondo egiteko eta gauzak bilatzeko. Gustuko dut aurrez ibili ez naizen eremuetan ibiltzea.

Aukeratutako doinua, Izarren hautsa, zaila da teknikoki.

Doinu desberdina da, ohituta ez gauden pentsatzeko modu bat dakarrena. Doinu hori erabiltzen ere horregatik hasi nintzen: ikusten nuelako aurrez ibili ez nintzen eremu batzuetara eramango ninduela. Beti doinu, metrika, rol eta posizio berdintsuetatik kantatzen duzunean, zure burua aspertzeko arriskua dago. Gainera, momentu batetik aurrera, nik behintzat neure buruari ez diot hainbesteko aurrerabiderik ikusten, eta nire kasuan, gauzak egiteko beste bide bat topatzen dudanean, sekulako arnasa ematen dit.

Zuk zurea egin duzu, eta itxarotea dagokizu orain, baina ia ziur finalean egongo zara.

Gorantz natorren sentipena daukat, eta era berean, arantza bat ere bai orain dela lau urtetik, finalean ez nuelako nirea eman. Amurrion kantatu nuen hilabete polit bat dugula aurretik. Txapelketa honetan, agian saioak lehertzea kostatzen ari da, baina zer ikasi asko dago, bai helduagoengandik, baina baita gazteagoengandik ere. Ikusi besterik ez dago Nerearen [Ibarzabal] kartzela Amurrion eta Miren Amurizaren Zallakoa. Horiengandik asko dut ikasteko, eta zentzu horretan disfrutatzen ari naiz.

Txalo zaparrada handia jaso zuen Jon Maiak bukaerako agurra bota ostean. Harekin ez beste guztiekin kantatu zenuen.

Pena hartu nuen. Ostiralean elkarrekin izan ginen bertso afari batean, eta komentatzen aritu ginen ea batera egokitzen zitzaigun. Ea aurrerago aukerarik dugun.
Miren Garate

Informazio osagarria