mikel reina
HIRUKOTIK

Pitzadurak

2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun
'Carpe diem'. Sei norgehiagoka atzeratu dituzte eliteko saskibaloiko lehen jardunaldian: hiru, ACB ligan, Obradoiro-Fuenlabrada eta Tenerife-Zaragoza eta, azken orduko aldaketa batekin, atzo jokatutako Joventut-Unicaja; eta beste hiru Espainiako Ohorezko Mailan: La Seu-Zaragoza, Promete-Zamarat eta Caceres-Araski —gaur jokatuko da, 20:00etan—. Gogor jo du koronabirusak hasieratik. Albistea da, baina aurrerantzean ez da izango. Ohitzen joan beharko dugu, atzeratutako lehiak egunerokoak izango baitira. Txapelketetako antolaketak eraberritu dira, hankaz gora geratu. Hain egutegi estuetan partidak sartzea oso zaila izanen da, eta oraindik ez dira Europako txapelketak hasi, inoiz hasiko badira. Astean bizpahiru partida, bidaia amaigabeak eta atzeratutako partidek ezinezkoa bilakatzen dute planifikazioa. ACB ligan, hemeretzi taldeetatik 11k jokatzen dute Europan, tartean Bilbo Basketek eta Baskoniak. Emakumezkoetan, berriz, hamaseitik seik; tartean Gernikak, Eurokopa. Arrakala gehiegi. Carpe diem, gozatu momentua. Iraganak ez du balio, ezta etorkizunak ere. Soilik orainaldiak.

Hasi eta bukatu. Amaitu zuen bezala hasi da Vildoza: erabakigarria izaten azken segundoetan. Ez zion Polonarak asistentzia eman, Henryk baizik. Ez zen 6,75 metroko marratik emandako pasea izan, saskipetik baizik. Ez zen sarrera bat izan, hiruko bat baizik. Aldagaiak aldatu dira, baina emaitza ez. Beti bera. Antolatzailearen denboraldia da. Lesioak atzean utzita, bere onena eman beharrean dago, eta ezin hobeto hasi da. Baskoniako zaleentzat aski ezaguna den beste argentinar batek ondo hasi, baina ezin izan zuen ondo bukatu. Marcelona Nicolaren Gipuzkoa Basket ondo aritu zen Real Madrilen aurka hirugarren laurdena arte. Etxeko taldea izan arren, donostiarrek etxetik kanpo jokatu behar izan zuten, Miribillan, Illunbeko obrak direla eta. Bilbo Basketek ere berreraikuntza lan sakonak izan ditu taldean, betiere muina galdu barik. Beti bezain lehiakor aritu zen, azkenera arte. Kanaria Handia plaza zaila da beti, are gehiago bilbotarrentzat. Denboraldi-aurreko emaitzak ez dira onak izan. Hala ere, behin txapelketa hasten denean, Alex Mumbruk zuzentzen duen taldeak gerlari sen hori ateratzen du. Ez da bidean galdu.

Bi mundu. Zorte txarretik harago doa Doc Riversen jarduna. Los Angeles Clippersek hurbil ikusten zuen NBAko Mendebaldeko Konferentziako finala. Denek, entrenatzaileak izan ezik. 3-1 irabazten zion Kawhi Leonard eta Paul Georgen taldeak Denver Nuggetsi zazpi partidako kanporaketan. Kanporaketetako historia luzean soilik hamahiru aldiz irauli da3-1eko bat. Doc Rivers izan da gehien pairatu dituen entrenatzailea, hirutan: 2003an, Orlando Magiceko arduraduna izanik, Tracy McGradyri esker 3-1 aurreratu zen Detroit Pistonsen aurka. 2015ean, dagoeneko Los Angelesen, konferentziako finalerdietan Houston Rocketsen aurka irabazten hasi ondore, berriro galdu zuen. Aurten izan da azkena. Nikola Jokicen Nuggetsek ere badu meritua. Lehen kanporaketan,3-1eko bati buelta eman zion Utah Jazzen aurka, eta hurrengoan Clippersen aurka. Ez etsi, eutsi.

NBAn, liga erregularrak eta kanporaketek ez dute zerikusirik batak bestearekin. Bi mundu desberdin dira. Esan diezaiotela bestela Giannis Antetokoumpori. Greziarra bigarren urtez jarraian izendatu dute MVP. Liga erregularrekoa, ez kanporaketetakoa. Hegalekoa LeBron James, Larry Bird, Michael Jordan edo Magic Johnsonekin batera bi urtez jarraian sari hori eskuratu duen hamabigarren jokalaria izan da; eta lehen europarra. Halere, garaile denek bezala, ezin izan du polemikatik ihes egin. Adam Silverrek argi utzi zuen sarietarako burbuila aurreko emaitzak hartuko zirela kontuan. Berdin dio. Gizakiok memoria txarra dugu, eta Antetokoumporen azken oroimena NBAko eraztuna irabazteko bere hamaikagarren porrota da. Plan orok pitzadurak ditu. Ez dago perfekziorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.