Elena Loyo

Hobe berandu inoiz ez baino

Elena Loyok esku-eskura du Tokioko Olinpiar Jokoetan aritzea, gutxieneko marka lortu baitu maratoian: 2.28.25. 38 urte betetzear da, eta duela sei urte eskas hasi zen serio atletismoan. Ez du damu lehenago hasi ez izana: «Inoiz saiatu ez izana izango nuke damu».

RAUL BOGAJO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Hobe poza berandu inoiz ez baino. Eta zer esanik ez poza lehen aldiz Olinpiar Jokoetan lehiatzea baldin bada. 38 urte egin berritan, ametsa betetzear dago Elena Loyo (Murgia, Araba, 1983). Egina du lehen betebeharra: Tokioko Olinpiar Jokoetako maratoian aritzeko gutxieneko marka: 2.28.25. Duela hilabete egin zuen, Valentzian (Herrialde Katalanak). Orain, Espainiako Federazioaren sailkapeneko lehen hiru postuen artean geratu behar du. Egun, bigarren da. Atarian dago, ate joka. Ondo bidean, barruraino sartuko da.

Zuhur izan nahi badu ere, kosta egiten zaio bere burua ez ikustea Tokion. «Ez naiz ari etxafuegoak botatzen, baina aukera asko ditut». Badu baikor egoteko arrazoirik. «Batetik, osasun egoera dela eta, oso maratoi gutxi antolatuko dira aurten; bestetik, antolatzera ausartzen den hiriak ibilbide aproposa izan behar du; eta, azkenik, hori beteta ere, marka oso ona egin behar da bai Marta Galimanyrena [hura dago lehena: 2.27.07 egin zuen Valentzian] bai nirea oso denbora onak baitira».

Hilabete eta erdi joan da gutxieneko marka egin zuenetik, baina, aitortu duenez, oraindik «hunkitu» egiten da eguna gogoratzean. «Sentipen festa baten gisa» definitu ditu bezperak. «Aurreko bi asteetan nerbioak jota egon nintzen. Beldurra nuen egun txarra izan eta egindako lan guztia pikutara bidaltzeko. Prestaketa ere ezohikoa izan zen, osasun egoera dela eta». Baina beldur eta kezka guztiak desagertu egin ziren lasterketaren egunean. «Oso lasai eta kontzentratuta aritu nintzen. Hanka onak izan nituen, gainera. Eta helmugan, osorik iritsi nintzen, sentipen oso onekin. Sinatuko nuke hainbeste jokoan dagoen egun batean dena hain ondo ateratzea. Ederra izan zen benetan».

Zaila da gorputza mugara eramaten duen proba batean gozatzea, baina horixe egin zuen Loyok: «Gozatu». Eta gozamen horrek goia jo zuen ohartu zenean helburua lortuko zuela. «40. kilometroan, amaitzeko bi kilometro pasatxo falta zirela, erlojua begiratu nuen, eta 2.21 zioen. Orduan konturatu nintzen okerrik ezean lortuko nuela. Hala, neure buruari 'Ondo, Elena, ondo! Lortu duzu!' esanez egin nituen azken bi kilometroak». Helmugan, ordea, kostatu egin zitzaion egindakoa barneratzea. «Han, kontzentratuta nengoen marka egitearekin, momentu batez ez nintzen konturatu marka egiteak zer sari handia zuen: Tokioko Olinpiar Jokoetan aritzeko aukera. Horretaz jabetu nintzenean, sekulako poza hartu nuen. Zirraragarria da zeure buruari helburu bat jarri eta betetzea. Duela gutxi arte ez zitzaidan burutik pasatuko Olinpiar Joko batzuetan lehiatuko nintzela. Denbora gutxi daramat buru-belarri honetan: bospasei urte baino ez. Baina lan asko egin dut azken hilabeteetan, eta saria jaso dut».

Ezohiko ibilbidea

Badaki «ezohiko» kasua dela berea. «Berandu hasi nintzen honetan, baina egin behar nuen zerbait zen. Sentitu nuen apustua egin behar nuela, eta, zorionez, ondo atera da». Ez du damu pausoa lehenago eman ez izana. «Martinekin [Martin Fiz atleta eta haren entrenatzailea] entrenatzen hasi eta berehala asko hobetu nuen, eta emaitza onak lortzen hasi nintzen. Orduan bai, eman nizkion buelta batzuk buruari. Pena nuen zergatik ez nintzen hasi lehenago. Baina konturatu nintzen horretan pentsatzeak ez zidala mesederik egiten. Nire hautua egin nuen: karrera bat ikasi [Ingeniaritza Mekanikoa] eta lan egin [zerbitzari, irakasle eta modelo izan da, besteak beste]. Ez zegoen atzera-bueltarik. Orainean zentratu behar nuen, eta barruan nuen guzti-guztia eman. Zirt edo zart egin behar nuen. 50 urterekin izango nuen aukera ingeniari gisa lan egiteko, baina ez lehiatzeko. Eta horixe egin dut azken urteetan. Ez dut inolako damurik lehenago hasi ez izanaz. Izatekotan, saiatu ez izana izango nuke damu».

Berehala atera da Fizen izena. Ezin da ulertu Loyoren garapena Euskal Herriko inoizko maratoilari onenaren laguntzarik gabe. «Funtsezkoa izan da. Berak bultzatu nau aurrera. Ziur naiz beste entrenatzaile batekin ez nituela emaitza hauek lortuko. Sekulako ezagutza eta eskarmentua du, eta hori helarazteko gaitasun handia. Asko hobetu dut hari esker».Datuei erreparatu besterik ez dago: sei maratoitan lehiatu da, eta aurrenekotik [2017ko otsailean egin zuen debuta, Sevillan (Espainia)] azkenekora hamar minutu hobetu du. Hala ere, zehaztu du lehenbizikoa min hartuta egin zuela.

Kirol oinetakoen iraultzaren garaian egin ditu azkenak. Hark ere erabiltzen ditu [Nike Alphafly], eta aldea sumatu du. «Lehen, entrenatzen nintzen oinetakoekin parte hartzen nuen lasterketetan, moteltze hobea baitzuten. Hain zuzen ere, horregatik erabiltzen ditut orain zapatila berri hauek: giharrek ez dute horrenbeste sufritzen, eta ez duzu horrenbeste sumatzen asfaltoa. Horri esker, askoz hobeto iristen zara azken kilometroetara». Baina segituan zehaztu du ez dutela magiarik egiten. «Kipchogek eramaten ditu, baina baita azkenak ere. Gauza asko daude marken atzean: lana, atsedena, elikadura...». Oso ondo zaintzen ditu berak guztiak, baina gustura egiten dituen beste hainbat ekintzari uko egin gabe: pianoa jo, puntua egin, txakurrak paseatu, pilates egin, eskola partikularrak eman, irakurri... «Burua lasaitzeko balio didate. Argi dut dena ez da atletismoa».

Berandu hasi zenez, «ahal den gehien zukutu» nahi du bere kirol ibilbidea. «Ez ditut kilometro asko hanketan, eta ez nago beste batzuk bezain erreta. Gainera, gero eta hobeto ari naiz, gero eta azkarrago. Ea garapen honi euts diezaiokedan». Ez du pentsatu ere egin nahi Tokioko Jokoak bertan behera gera daitezkeenik. «Iaz ondo etorri zitzaidan atzeratzea, ez bainuen marka. Aurten, berriz, sekulako faena litzateke». Hala ere, eman du abisua. «Parisen ikusten dut neure 2024an. Soka luzea dut oraindik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.