Iker Zabala. Santurtziko entrenatzailea

«Aurrerapausoa eman nahi dugu datorren udan»

Azkar hasi zen Santurtzi arraunlari berriak bereganatzen, eta izen handikoak batu ditu. Zabala gustura da osatu duten taldearekin.

Aitor Manterola Garate.
2018ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Debuta zuen aurtengoa Santurtzik Eusko Label ligan, eta bosgarren eginda amaitu zuen. Gehiago nahi du Iker Zabala entrenatzaileak (Bermeo, Bizkaia, 1979), eta indartu egin du taldea. Izenek elkar hartu, eta izana osatzeko garaia da orain. Arraunlariak ikusita, ezin da ukatu eskulan ona duela.

Egin dituzue uretako lehen entrenamenduak, eta zer itxura hartzen diozu taldeari?

Gogoz gaude; azken denboraldi honekin alderatuta, beste pauso bat eman nahi dugu. Bakarka hartuta, arraunlari garrantzitsuak dauzkagu, eta falta zaiguna da taldea osatzea, bat egitea. Uretan eta gimnasioan orduak sartzen ari gara.

Izenen gainetik taldeak egon behar duelako, ezta?

Bai. Kanpotik lauzpabost arraunlari garrantzitsu ekarri arren, hori guztia uztartu egin behar da taldearekin. Fitxaketak egin eta haiekin ezin konpondu ibiltzea alferrik izaten da. Nire asmoa izan da nirekin ibilitako arraunlariak ekartzea, haiekin sekulako konfiantza dudalako, eta pausoa emateko arraunlari indartsuak ekarri ditugu.

Elkar ezagutzen duzue, eta lan bat gutxiago, alde horretatik.

Bai. Ezagutzen naute, eta nik haiek ere bai. Sortu den familia txikiaren barruan ea sartzen ditugun kanpokoak, familia handitzeko.

Atentzioa eman du Juan Mari Lujanbioren itzulerak. Zergatik aukeratu duzu patroi beteranoa?

Urdaibain elkarrekin ibili ginen, konfiantza osoa daukat berarengan, eta, gainera, Laredon (Espainia) bizi da, Santurtzitik gertu. Erretreta hartuta dago lanetik. Taldera eta material berrira moldatu beharko du. Hainbat urtez lehiatu gabe egon da traineruan, baina sasoiko dago, eta ez du arazorik izango berriz lehiatzeko.

Esan duzu taldeari beste pauso bat emateko eskatuko diozula, eta zer da banderen lehian ibiltzea?

Apaltasunez joan behar dugu, eta ligako bosgarren postua hobetu nahiko genuke. Horrek esan nahi du ohorezko txandan sartzea, eta hitz handiak dira. Lautik barrura sartzeko, guk hobetu egin behar dugu, eta besteek atzera egin. Guk egin dezakegu gurea, baina ikusi egin behar zer egingo duten besteek. Izugarrizko lana egin beharko dugu, eta ez da erraza izango. Sartutakoan hasiko gara banderetan pentsatzen.

Zerk eman dizu atentzioa beste taldeetako aldaketetan?

Mugimendu asko dagoenean, dena aztoratu egiten da, eta, Santurtzik fitxaketa asko egin dituenez, beste taldeak zuloak betetzera joan dira. Domino efektua gertatzen da. Oriok arraunlari asko galdu ditu, baina ez du esan nahi okerrago ariko denik. Klub handia da, eta entrenatzailea ere bai. Aurkituko ditu tresnak berriz ere puntan ibiltzeko. Beste aldean Hondarribia dago, taldeari eutsi baitio. Onena hori da, zaratarik ez egitea, esan nahi duelako taldeari eusten diozula. Gainera, ondo indartu da, eta, teorian, indartsuena izango da. Baina ezusteak izango dira. Izen handiko arraunlari asko daude hainbat taldetan.Gero forma eman behar zaio horri, eta horretan ari gara denok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.