Donostiako 68. Zinemaldia. KRITIKA. Zinemira

Kalea, bertan bizi direnen begietatik

Amaia Garcia.
2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun

'Hijos de Dios'

Zuzendaria: Ekain Irigoien. Aktoreak: Javier Lea Cano, Mariano Lopez de la Isidra, Maria Jose Sarabia. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 70 minutu.

Kalean bizi den jendearen bizitza oso ezezaguna izaten da. Ikusi ez dugun errealitate bat izaten da, kalean traba egiten duena, edo hiri baten argazki politean itsusi egiten duena. Ekain Irigoien zuzendaria errealitate gordin horretara jaisten da Hijos de Dios lanean. Mariano eta Javier kalean bizi dira, eta bien bizipenak oso desberdinak dira.

Javierrek alkohola eta drogak utzi behar izan zituen, eta Marianok ezin du egun bat pasatu garagardo lata bat edan gabe. Iragan duten bizitzaren oroimenak ere desberdin bizi dituzte: Javier beti ari da pasatu duena gogoratzen, batez ere bere alabaren heriotza askotan aipatzen du; Marianok, aldiz, ez du iragana gogoratu nahi, eta Javierrek aipatzen dionean, saihestu egiten du hizketaldia. Bien artean errespetuzko harreman bat dago, eta batera lo egiten dute Madrilgo zinema areto baten aurrean aurkitzen dituzten kartoietan.

Ekain Irigoien maisuki gerturatu da egoera hain larrian bizi diren bi pertsona horiengana. Errespetu erabatekoarekin erakusten digu nolakoa den haien egunerokoa, zeintzuk diren euren beldurrak, eta zer-nolako etorkizuna eduki dezaketen. Madrilgo kaleak oso desberdin ikusten dira lan honetan: eraikin handiei azpitik begiratzen zaie, eta nahiz eta Madrilgo erdigunean egon, ez dugu erosotasunik sumatzen.

Ausardiaz eta zintzotasunez beteriko lana da Zinemira Sailean aurkeztu den Irigoienen film luze hau. Dokumentalaren eta autofikzioaren artean dago, eta kasu honetan pertsona hauek halako lan bat egiteko prest agertu izanak asko dio euskal zuzendariaren inguruan. Kaleko errealitateari begiratu nahi dioenarentzat pelikula aski gomendagarri eta ia beharrezkoa dugu honakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.