Ezarian. Zientzia

Marterako bidean (berriro)

NASAk Martera bidaliko duen ibilgailu konplexu eta handiena, 'Curiosity', etzi espazioratuko dute, Cañaveral lurmuturretik (AEB), atzerapenik egon ezean. 'Atlas V' suziriarekin bat abiatuko da planeta gorrira. 2012ko abuztuan iritsiko da ondo bidean, Gale kraterrera, eta bi urte emango ditu inguru hori esploratzen.

Ares vallis; Marte. Mars Pathfinder-ek 1997an ateratako irudi bat. NASA.
xabier martin
2011ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Lur orotarako ibilgailu-robot handi bat da, tona batekoa kasik. Etorkizuneko tanke bat edo zientzia fikzioko armiarma elektromekaniko bat dakar gogora. Auto txiki baten neurriak ditu eta sei gurpil; orduko 90 km-ko abiaduran joateko gai da. Marte orain arte ikertu den baino modu sakonagoan esploratzeko tresna da Curiosity, Mars Science Laboratory misioaren oinarria. NASAk aspaldian dauka begiz jota planeta gorria, eguzki sistemako laugarren planeta, Lurra bezala telurikoa, arrokazkoa dena. Iraganeko aurkikuntzek —ura egon zela eta oraindik ere egon daitekeelako ustea (izotza bai baitago)— oso interesgarri egiten dute Marte ikerketarako. Eguzki sistemaren barruan Lurraren antz handiena duen planeta da.

Atzerapenik ez bada, etzi jaurtiko dute Curiosity, Atlas V suziri batekin batera (16:02 eta 17:45 artean, Euskal Herriko ordua), Kennedy Space Centerretik (Cañaveral lurmuturra, Florida). Arazoak sortzen badira, abenduaren 18a izango da jaurtiketa egiteko azken eguna. 2012ko abuztuan iristea espero dute misioko arduradunek, 570 milioi kilometro egin ondoren. Marteko Gale kraterrera iritsiko litzateke; 150 kilometroko diametroa du krater horrek, eta erdian tontor bat, bost kilometroko altuerakoa.

Ia bi urtez (Lur planetako bi urte, Marteko bat, 686 egun) planeta gorriaren inguru hura ikertuko luke Curiosity-k, lur orotarako ibilgailu ahaltsu gisa diseinatu dutenez. Martera joandako aurreko robotek airbag sistemaren bidez jo zuten zorua; Curiosity beste modu batera kokatuko da Marteko zoruan. Suziriak beheratuko du lurrazalera, gutxika-gutxika.

AEBek bezala, Errusiak ere badaki Martek jakintza handia eskain dezakeela hura behar bezala ikertzen jakiten duenarentzat. Hilaren 9an, ez alferrik, Phobos-Grunt zunda jaurti zuten Martera —haren Phobos ilargira—, baina misio hori porrot handia izateko bidean da. Motorrak piztu ez, eta Lurraren orbitan geratu da zunda, bidea galduta, nora ezean. Azaroak azken eguna izan arte «garaiz» izango dira, Roscosmos agentziak dioenez, zunda berriro Marterako bidean jartzeko. «Baina errealistak izan behar dugu; apenas dagoen aukerarik misio hau egiteko», esan du Vitali Davidov Errusiako Espazio Agentziako zuzendariordeak. Esperantza txiki bat badute oraindik, alabaina, Europako Espazio Agentziak (ESA) Perthen (Australia) duen jarraipen estazio batek Phobos-Grunten seinalea jaso baitzuen atzo. «Frekuentzia batean harekin bat egitea lortu dugu, baina ez dugu informaziorik jasotzen», esan dute ESAko iturriek. Ikuskizun dago Errusiako zundarekin zer gertatuko den.

Behin betiko erantzunik ez

Sasoi berdina aukeratu dute potentzia biek Marterako jaurtiketak egiteko. Izan ere, bi urtetik behin izaten da une egokia horretarako. Lurra eta Marte kokagune egokietan daude ibilbidea ahalik eta laburren egiteko eta, ondorioz, erregaia aurrezteko.

Curiosity erantzunak eman ditzan diseinatu dute; lur orotarako gurpilen gainean laborategi zientifiko aurreratu bat dauka, izan ere. NASAko adituek jakin nahi dute zer-nolako ingurumen baldintzak izan zituen Martek iraganean, mikrobio bizitza sortzeko gai izan ote zen klimatologia hartan, eta hala balitz, iraganeko baldintza horien frogak gorde ote diren.

Bizitza egon ote zen Marten? Hori da azken galdera; baina erantzuna ez du Curiosity-ren jarduerak emango. Halaxe diote NASAn. Marte zapalduko duen laugarren rover-a ez omen dago erantzun biribil eta zail hori emateko diseinaturik. Dena den, ezinbestekoa izango da etorkizunean misio gehiago egingo dituztenetz erabakitzeko; Curiosity-k bilduko duen informazioaren arabera, Marten bizitzaren zantzuak aurkitzeko esperantzak handitu edo txikituko dira.

Bizitza aurkitzeko, ura behar da, ur likidoa; hala diote egungo teoria onartuenek. Orain arte izotza baino ez dute aurkitu Marten (ur solidoa), baina lur azpian ur likidoa aurkitzeko baldintzak egon daitezkeelako ustea dute NASAko adituek. Bestalde, metano gasaren aztarnak ere aurkitu dituzte planeta gorrian, eta hori arraroa da oso zientzialarientzat, planeta horren baldintza klimatologikoek ezinezkoa egingo bailukete hori. Beraz, Marten metano iturri bat egon daiteke, bere atmosferara gas hori isurtzen. Mars Science Laboratoryren helburuetako bat izango da iturri horrek jatorri geologikoa edo biologikoa duen ikertzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.