SAIOA ITXI

Hasiera / Ekonomia

Atzeraldi Handia hasi zenetik, hamabigarren greba litzateke aurtengoa

2009. urtetik 2013. urtera zazpi greba orokor egin ziren. 2020ko urtarrilaren 30ekoa izan da azkena, pandemia lehertzearen atarian
BBVAren bulego bat ixten, Iruñean, 2013ko maiatzaren 30ean. JESUS DIGES / EFE

Xabier Martin

2021eko irailak 24
1970eko hamarkadatik 2000ko hamarkadara greba orokor asko egin ziren Euskal Herrian, eta gehienak euskal gatazkarekin lotuak. 1979an, esaterako, lau egin ziren segidan. Ostera, tarte handiagoz egin zituzten deialdiak, baina lanuzte orokorren jarioa ez da eten inoiz ere. 2008ko krisi ekonomikoa lehertu arte, ordea, ez zen errepikatu 1979-1981 zikloaren ugaritasuna. Lau urtean zazpi greba orokor antolatu zituzten sindikatuek Atzeraldi Handiaren gordinean. 2013ko maiatzean izan zen azkena, eta ordutik, 2018ko eta 2019ko greba feministek baizik ez dute bete 2020ko urtarrilera doan tartea. Orduantxe izan zen Euskal Herrian egindako azken greba orokorra.

2009KO MAIATZAREN 21A
Beste eredu sozioekonomiko bat
eskatu zuten ELAk, LABek eta harekin batera gehiengo sindikala osatzen zutenek. Patxi Lopez sozialistak Eusko Jaurlaritzako lehendakaritza eskuratu eta gutxira egin zen.

2010EKO EKAINAREN 29A
Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak indarrean jarri nahi zuen lan merkatuaren erreformaren aurkako greba izan zen. Bi deialdi izan ziren, ELAk, LABek eta, oro har, sindikatu abertzaleek egindakoa, batetik, eta CCOOk eta UGTk egindakoa, bestetik.

2010EKO IRAILAREN 29A
Lan merkatuaren erreformaren aurkakoa hau ere. Hego Euskal Herrian, CCOOk, UGTk eta beste talde txikiagoek soilik deitu zuten, eta Nafarroan eta Araban izan zuen eragin handiena.

2011KO URTARRILAREN 27A
PSOEren gobernuak pentsio sistema erreformatzeari ekin zion, erretiratzeko adin ofiziala 65 urtetik 67ra atzeratzeko. Gehiengo sindikalak deitu zuen, baina ez, ordea, CCOOk eta UGTk, haiek adostu zutelako erreforma Madrilgo gobernuarekin.

2012KO MARTXOAREN 29A
Lan merkatuaren erreformaren aurkakoa izan zen, inoizko handienetakoa. ELAk, LABek eta beste sindikatu txikiagoek deitu zuten Hego Euskal Herrian, eta ondoren batu ziren CCOOk, UGTk eta beste batzuk ere, Espainiarako deialdia egin zenean.

2012KO IRAILAREN 26A
Murrizketen aurkako grebara deitu zuten ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT, CNT, Hiru eta EHNE sindikatuek eta beste gizarte eragile batzuek. Ez zuen martxokoaren erantzunik izan, baina manifestazio jendetsuak izan ziren hiriburuetan. Espainiako Polizia oso gogor oldartu zitzaien Iruñeko manifestariei, eta Sabino Kuadra Amaiurreko diputatua jo zuen.

2012KO AZAROAREN 14A
Goi Bilera Sozialak (CCOO, UGT, LSB-USO eta gizarte talde batzuek) deitutakoa, eta ESK, CNT eta CGTren sostengua izan zuena. Horrelakoetan gertatzen den moduan, Nafarroan izan zuen eraginik handiena, Erriberan.

2013KO MAIATZAREN 30A
ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru eta CNT sindikatuek deitu zuten Euskal Herriarentzat «eredu ekonomiko eta sozial berria eta propioa» eskatuz.

2018KO MARTXOAREN 8A
Euskal Herriko Mugimendu Feministak Martxoaren 8an «planto» egitera deitu zuen lau arlotan: lanean, zaintzan, irakaskuntzan eta kontsumoan.

2019KO MARTXOAREN 8A
Bigarren urtez jarraian deitu zuen grebara Mugimendu Feministak. «Bizitza erdian» jartzeko eskaria egin zuen, zaintzaren arloko desorekak azpimarratuz.

2020KO URTARRILAREN 30A
Pentsio eta bizitza duinen aldeko grebara deitu zuen Eskubide Sozialen Gutunak Hego Euskal Herrirako. Pentsiodunak, emakumeak, langileak eta gazteak batu ziren, pandemia lehertu baino aste batzuk lehenago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna