Eskola segregazioa.

Garrantzian ados, bidean ez

Hezkuntza eragileak bat datoz: eskola segregazioa dago, eta horri heldu behar zaio. Horretarako, ordea, bide kontrajarriak proposatu dituzte. Batzuen iritziz, egungo araudiarekin neurriak har daitezke; beste batzuek lege berri bat eskatu dute, baina ez bidean dagoena. Gehienek administrazioan jarri dute arreta.

Jon Rejado.
2018ko azaroaren 11
00:00
Entzun
1. Segregaziorik badago hezkuntza sisteman? Hala bada, zergatik?

Lurdes Imaz. «Segregazioa badago. Hori eragozteko, ezinbestekoak dira botere publikoen ardura eta gizartearen kontzientziazioa. Ikastetxe bakoitzak izango duen ikasle kopurua gurasoen ikastetxea aukeratzeko eskubidean oinarritzen bada, eta, hezkuntza administrazioek ezer egiten ez badute, segregazioa egongo da. Maila sozioekonomikoak zerikusia dauka horretan: batetik, ikastetxe pribatuek kuotak kobratzen dituztelako; bestetik, hainbat familiaren artean badagoelako ikastetxe homogeneoak aukeratzeko joera. Segregazioa ez da gai berria, baina ezkutatu egin nahi izan da, eragile batzuek mahai gainean ipini dugun arte. Eta hezkuntza sistema bera eztabaidan ipintzen duelako ezkutatu da».

Iñigo Salaberria. «Euskal Eskola Publikoan bertatik bertara ezagutzen dugun errealitatearen dimentsioa aipatu izan dugu aspalditik, baita horren zergatiak ere: familiek eskola erabakitzeko aukeraren atzean egon diren gaizki-ulertu interesatuak, matrikulazio garaiko trikimailuak, aniztasuna handitzen den heinean bertakoek alde egitea... Ez da soilik herritar etorri berrien kontua; maila sozioekonomikoarekin zerikusia du. Hainbat jardunbide de facto normalizatu dira, ikastetxeen kuotak kasurako, eta horren aurrean egin diren kontrol lausoek eraman gaituzte egoera honetara, baita urteetan zenbait estamentuk halakoen aurrean izan duten nolabaiteko utzikeriak ere».

Mikel Ormazabal. «Gaiari heldu behar zaio maila sozioekonomiko apala duten ikasleen ikuspuntutik, ez bakarrik jatorriaren ikuspuntutik. Hain zuzen ere, lehena zuzenduz gero, bigarrena konponduko litzateke. Egungo egoera gertatu da politikak ez direlako behar bezain sentikorrak izan familia horien hezkuntza beharrekin. Oso babesgabe dauden familiek zailtasunak dituzte ikastetxea aukeratzeko eskubidea baliatzeko. Bestalde, sare publikoaren eta itunduaren finantzaketa ezberdintasunak eragiten du familiei kuotak eskatu behar izatea, eta hori familia batzuentzat muga izan daiteke ikastetxea aukeratzekoan. Gizarteak, historikoki, zailtasunak izan ditu aniztasun sozioekonomikoa kudeatzeko ikuspuntu integratzaile batetik. Bada, aniztasun kulturala kudeatzeko zailtasuna aurrekoaren oinordekoa da, gure ustez».

Koldo Tellitu. «Gizarteko ezberdintasun sozialek isla dute hezkuntza sisteman, baina hezkuntza sistemak ez du ezer sortzen. Pertsona batzuek pentsa dezakete hezkuntza sistematik konpon daitekeela, baina ez da horrela. Hezkuntzak dauden aldeak konpentsa ditzake, eta ikasle guztiei aukera berdintasuna eskaini. Hortik harago, sistemaren arazoa da. Aldaketek alde guztietatik heldu behar dute, eta guztien arteko elkarlanetik. Proposamen egokiak egon dira duela zenbait urtetik hona. Azken urteetan, egoera asko aldatu da, baina. Zenbakiak hartuta, duela hamar urte etorkin gutxi zeuden, eta azken bost urteetan gorakada gertatu da, eta prestatu gabe harrapatu gaitu».

Gonzalo Larruzea. «Segregazioaren fenomenoak, funtsean, ez dauka zerikusi zuzenik ikasleen sorterriarekin. Batez ere, maila sozioekonomikoarekin du erlazio zuzena, eta, alde horretatik, etorkin gehienek berton jaiotakoek baino maila ekonomiko apalagoa daukate. Atzerritarren banaketan desorekak daudela adierazten duten datuak ezagunak dira. Egia da etorkinen etorrera areagotu egin dela azken urteetan, baina ezberdintasunak beti egon dira. Gainera, gure hezkuntza sisteman aspaldi naturaltzat hartu dira beste toki batzuetan hain ohikoak ez diren fenomeno batzuk: sareen pisu berdintsua eta haien arteko lehia, kuotak, administrazioak edozein ikastetxerekin ituna sinatzea... Fenomenoa handituz joan da, eta lehertzeko itxura hartzen ari da».

Aitor Idigoras. «Segregazioa aurreikusitako estrategia politiko bat da, aspalditik datorrena. Ez da berez sortzen. Politika zehatzak behar dira segregazioa sortu eta zabaltzeko. Osagai asko behar badira ere, sistemaren pribatizazioa lortzea ezinbesteko baldintza eta helburua da. Edozein zerbitzu publiko pribatizatzeko ematen den lehen pausoa da zerbitzu publikoa estigmatizatzea, eta segregazioa horren parte bat da. Gatazka sozioekonomikoa da: klase gatazka. Galdera da: noiz arte saihestu nahi du Jaurlaritzak arazoaren benetako erroa? Gobernuak eta orain arte beste aldera begiratu duten eragile askok badakite arazoari heldu beharko diotela, presioa jasangaitza izaten ari delako, baina oraingoz ez dago zentzuzko proposamenik mahaian».

Maider Izagirre. «Segregazioa egon badago, mota ezberdinetakoa: sexuaren araberakoa, erlijioa ardatz duena, hizkuntza ereduak ere elementu segregatzaileak dira... Urteotan, areagotzen ari da egoera sozioekonomikoaren araberako segregazioa. Eskuin neoliberalak sustatzen eta babesten duen politika da. Familien jatorrian baino gehiago, maila sozioekonomikoan dago muina. Hezkuntzak ezin ditu klase sozialak edota patriarkatua bere horretan gainditu, baina hori dugun bitartean hezkuntza sistemaren lehentasun nagusietako bat izan behar du haur horiek ahalduntzea. Egia da, halaber, immigrazioren eta kulturartekotasunaren trataeran asmatu behar dela. Gai garrantzitsua da jendartearen kohesioa dagoelako jokoan, eta une honetan zatiketa nabaria da».

Miren Zubizarreta. «Ikasleen banaketa nabarmen desorekatua da EAEko ikastetxeetan: bertoko jatorria duten eta ez duten ikasleen artean, egoera sozioekonomiko-kultural desberdina dutenen artean, edota hezkuntza behar bereziak dituztenen eta ez dituzten artean. Azterketek agerian utzi dute inklusiboagoak diren hezkuntza sistemak segmentatutakoak baino egokiagoak direla, bai emaitza globalen aldetik, bai ikasleen sozializazio aldetik, bai kohesio soziala sustatzeko. Hezkuntza Sailak argitaratu berri duen dokumentuan erabiltzen den terminologia eta markatzen den norabidea salagarria iruditzen zaigu. Atzerriko jatorria duten ikasleetan jarri du arreta, eta, hori eginez, uler daiteke atzerriko jatorria izatea dela arazoa».

2. Segregazioari aurre egiteko tresnarik badago gaur egun? Zeintzuk? Nahikoa dira?

Lurdes Imaz. «Lehenik eta behin, ikastetxea aukeratzeko eskubidea ezin da absolutua izan: ezin du baldintzatu eskaintza, eta, ondorioz, sistema. Administrazioari dagokio askatasun indibidualak eta guztion eskubideak uztartzea. Bigarrenik, ikaspostu publikoak dauden eremuetan ikastetxe pribatuen hazkundea laguntzen duten politikek desorekak areagotu dituzte. Epez kanpoko matrikulazioari dagokionez, administrazioak berak sortu du segregazioa, maila sozioekonomiko apaleko ikasleak ikastetxe jakin batzuetara bidaliaz: ia beti publikoak eta ikasle etorkin asko dituztenak. EAEn daukagun hezkuntza sistema bera da segregatzailea, sare publikoan pilatzen baititu egoera sozioekonomiko txarrean dauden ikasleak. Statu quo berri bat behar da».

Iñigo Salaberria. «Gaia poliedrikoa da: krisiak zerbitzu publikoen finantzaketan izan dituen ondorio ekonomikoak, jaiotza tasaren beherakada, familiek lana eta familia uztartzeko dituzten zailtasunak, hirigintza plan batzuk, egoera geopolitikoa... Gizarte inklusibo bat eraikiz joateko neurri politiko koordinatuak behar dira, eta, horiek hartzeko, benetan sinistu behar dugu gizarte inklusiboan. Hainbatetan adierazi dugu hezkuntzak bakarrik ezin duela. Politikariei eta administrazioei dagokie analisi zabalago bat egitea, eta EAEk dituen gihar guztiak justizia sozialaren hezurduraren mesedetan modu koordinatu batean jartzea, gizarte osoaren mesedetan».

Mikel Ormazabal. «Historikoki neurriak proposatu izan dira, baina, aurrez aipatutako arazoen ondorioz, zaila izan da horiek garatzea. Hainbat tresna daude: hezkuntza proiektu berritzaileak abiaraztea, behar diren giza baliabideekin, ikastetxeak erakargarriak izateko; harrera programak ikasle eta familientzat; diru laguntzak materialerako, garraiorako eta jantokirako; tokiko edo eskualdeko bulegoak jartzea familiak informatu eta laguntzeko; doakotasuna bermatzea Haur Hezkuntzatik DBHra arte; ikastetxe guztietan lekuak gordetzea aniztasuna bermatzeko... Hori guztia martxan jarrita ere ez da helburua erdietsiko, baldin eta eragile guztien babesa eta konpromisoa ez badago».

Koldo Tellitu. «Tresnak badaude: eskolatze batzordeak, kasurako. Batzorde horien lana funtsezkoa da. Jaurlaritzak onartu du hori aldatu egin behar duela. Iaz ikasleak nola banatu ziren aztertuz gero, egoera eskandalua dela ikusten da. Araban gertatzen dena hezkuntza eragile guztiok salatu beharko genuke. Egia da matrikulatu eta bigarren ikasturtean gurasoek aukera dezaketela nora joan, baina, aipatutako oinarrizko egoera horiek zuzenduta, ikastetxeen lana izango da harrera planak egitea, ikasle berriak gustura egotea... Neurriak proposa ditzakete, baina diruz lagunduta egon beharko dute. Diru gehiago behar da hezkuntza sistema osorako, ez soilik itundutako sarerako».

Gonzalo Larruzea. «Segregazioren gaiari heltzeak adore eta ausardia politikoa eskatzen du, eta zezena adarretatik hartzea. Baina Euskal Eskola Publikoaren legea ezarri zenetik egin diren politikak motzak izan dira: adabakiak baino ez dira izan, dugun egoeratik askorik ez mugitzeko. Ezin da ahaztu eskola segregazioa segregazio sozialaren agerpena baino ez dela eta ahaleginak koordinatu behar direla arlo sozial guztietan. Matrikulazioa tresna oso garrantzitsua da kohesiorako. Halere, dekretuz bakarrik ezin da bazterkeria gainditu. Denon arteko adostasunak behar dira. Gaur, gizartea apurtxo bat kontzientziatuago dago segregazioarekin. Une apropos batean gaude. Ea bakoitza bere txokotik ateratzen den».

Aitor Idigoras. «Segregazioari aurre egiteko lanabesak egon badaude: doakotasunaren bermea, kasurako. Hortik abiatuta, lege tresnak garatu dira ikastetxeekin itunak lotzeko, baina baldintzak ez dira betetzen, eta administrazioak ez du ezer egin. Legeak jasotzen du familiek ikastetxea aukeratzeko eskubidea dutela, baina ez du esaten administrazioak diruz hornitu behar duenik. Erlijioa segregaziorako arrazoia da, baina Jaurlaritzak ez ikusiarena egiten du. Azter daiteke ikastetxe batzuen hezkuntza proiektua iraunkorra ote den ere: hezkuntza sistema batean egon daitezke igerilekuak ikastetxeetan, belar artifiziala duten zelaiak? Neurriak har daitezke egun. Traumatikoak izango dira gizartearen esparru askotan, baina progresiboki egin daiteke aurrera».

Maider Izagirre. «Hezkuntza Sailak jarri dituen neurriak urriak eta exijentzia oso eskasekoak dira. Neurri horiek proposatzerakoan, bere erara jokatu du. Ez du aintzat hartu hezkuntza komunitatea, eta erabakiak alde bakarrez hartu ditu. Administrazioak arazoa konpontzeko borondatea duela erakutsiko luketen adierazleak falta zaizkigu. Gasteizko plataformak bere garaian proposatu zituen neurri zehatzak. Sailak ez zituen bere gain hartu. Horrek guztiak erakusten duena da egun ditugun hezkuntza sistemek porrot egiten dutela, ikasleak segregatzen jarraitzen dutelako. Horren aurrean, premiazkoa da hezkuntza eskumen guztiak eskuratzea, eta sistema propioa eraikitzen jarraitzea. Hezkuntza lege baten beharra dagoela ikusten dugu, baina ez planteatu zaigun terminoetan».

Miren Zubizarreta. «Borondate politikoa falta da tresna egokiak abian jartzeko eta baliabideak ahalbidetzeko. Gure erkidegoan segregazioaren zergatia azaltzen duten hainbat arrazoi daude, eta Eusko Jaurlaritzak neurri eraginkorrak jarrita gainditu daitezke nagusiak. Matrikulazio garaian, ikastetxe batzuek familiak erakarri edota aldentzeko mekanismo zenbait erabiltzen dituzte. Eragile askok esan dugu mekanismo horiek eragozteko modu bat matrikulazio mahai bakarra ezartzea izan daitekeela, adibidez. Gehitzen ari den ikasleriaren aniztasunak dakartzan jatorrizko desberdintasunak gainditu ahal izateko baliabide gehiago ere behar ditu gure hezkuntzak».

3. Zer tresna beharko dira etorkizunean segregazioari aurre egiteko? Zer ekarpen egin dezake hezkuntza lege berriak?

Lurdes Imaz. «Hezkuntzaren aldeko akordioa dokumentua ikusita, argi dago ez zaiola gaiari heldu nahi. Ez diogu onespenik emango egungo hezkuntza sistema segregatzaileari lege babesa eman nahi dion inongo legeri: gu eta sindikatuak gabe egingo dute hezkuntza legea? Finantzaketari heldu behar zaio. Europan anormala den hezkuntza sistema bat eraiki dute orain arteko politikek. Estatuan gehien finantzatzen den sare pribatua dugu, eta segregazioa ekarri du, eta eduki beharko genituzkeen baino emaitza txarragoak».

Iñigo Salaberria. «Hezkuntzan, epe motzerako jokaldiek ez dute onura sakonik ekarri. Euskal eskola publikoak badu legea, eta, eguneratu bitartean, araudi hori gara daiteke. Sareei dagokien tokia eta betebeharrak zehaztea ere egokia izan daiteke, betiere argi izanik eskola publikoa dela ardatza, hori baita guztiona eta guztientzat. Gustatuko litzaiguke osasun arloarekin egin zen herri apustua hezkuntzarekin egitea. Euskal Eskola Publikoa ahalduntze prozesuan dago, eta aspaldian izan ez duen aitortza izaten ari da gizartean».

Mikel Ormazabal. «Legebiltzarrak ez zuen onartu herri ekinbide legegilea, baina horrek ez ditu atzeratuko hel daitezkeen neurriak. Hezkuntza lege batera heltzeko akordiorako proposamen bat dago, eta ontzat jotzen dugu sare publikoari eta itunpekoari baldintza berak jartzea. Guztiok zerbitzu publikoa eskaintzen dugun heinean, gure helburua da ikastetxe guztiek kalitatezko hezkuntza eskaintzea. Kristau Eskolak beti saihestu du, besteak beste, maila sozioekonomiko apaleko ikasleak pilatzea, batez ere HHn eta LHn».

Koldo Tellitu. «Batzuek lege zehatz bat nahi zuten gaiari heltzeko. Ikastolen Elkarteak beti defendatu du lege orokor bat behar dela. Legerik gabe zerbait egiteko tartea egon daitekeela? Bai, baina guztia bideratzeko legea behar da. Horrez gain, araudi berri horrek euskalduntzea eta inklusibitatea lotzen ez baditu, jai daukagu; horretarako, murgiltze eredua gakoa da. Hezkuntza herri apustua da, eta, Jaurlaritzak hala ulertzen badu, dirua jarri beharko du: laguntzaileak izateko, irakasleek etengabe ikasteko era izateko... Gure hezkuntza sisteman giltzarri diren bi gai daude: euskara eta hau, eta, biei heltzeko, dirua behar da».

Gonzalo Larruzea. «Konplexua da, eta neurriak maila ezberdinetan hartu behar dira. Gure herri ekinbide legegilean aipatzen direnak oinarrizkoak dira, baina hasteko balio dute. Ekinbidea aintzat hartu ez izana etsigarria izan zen, ikuspuntu demokratikotik. Gaiari berari dagokionez, aurka bozkatu zutenek beldurra erakutsi dute. Bestalde, ez dugu uste hezkuntza legea aurrera joango denik. Onartuz gero, ez du balioko funtsezko gaiak iraultzeko. Finantzaketari ere heldu beharko lioke. Ez badira karta guztiak mahai gainean jartzen, jai daukagu: itunpeko ikastetxeek nahiko dirurik jasotzen duten, itunez jasotzen dituzten laguntzak, kuotak...».

Aitor Idigoras. «Sistema publiko indartsu bat izango bagenu, segregazioa, egonez gero, txikiagoa izango zen. Hezkuntza legea beste norabide batean jarri nahi dute, baina. Nahi duten legeak lau zutabe ditu: 2009ko akordioa, sare pribatuaren finantzaketa handitzeko; Europa 2020 esparrua, non zehazten den hezkuntza enpresa mundura egokitu behar dela; PISA txostena; eta, azkenik, ikastetxe guztiak garela zerbitzu publiko, publikoa zein itundutako pribatua izan».

Maider Izagirre. «Zubiak Eraikiz-ek aurkeztu zuen herri ekinbide legegileak eskatzen zituen neurri guztiak gure egiteaz gain, urrunago goaz: hizkuntza ereduak gainditu behar dira, matrikulaziorako udal bulegoak sortu behar dira leihatila bakarrarekin, eskola mapak berrikustera egin behar da, laikotasunera, doakotasunera, aniztasunaren trataerara... Finantzaketari dagokionez, hezkuntza legeak ausardiaz jokatu beharko du: publikotasun eredu berria jaso, sareen arteko kohesioa...».

Miren Zubizarreta. «Argigarria izan da balizko hezkuntza legearen oinarritzat jotzen duten ituna onartzeko prozesua. Uste dugu Hezkuntza Sailak hainbat gairen inguruko erabaki politikoak hartuak dituela. Segregazioari eta ikasleen aniztasun eta behar konplexuei aurre egiteko baliabideen beharra ezagututa, ez dugu uste legeak hezkuntza sistemaren beharrei erantzungo liokeenik. Bestalde, Hezkuntza Sailak hezkuntza sistema ereduari heldu behar dio: hezkuntza sistemaren ardatza hezkuntza publikoa izatea bultzatuko duen edo egungoarekin jarraituko duen».

4. Desorekak daude sare publikoaren eta itunpekoaren artean? Nola zuzendu daitezke?

Lurdes Imaz. «Sare publikoan daude egoera sozioekonomiko baxuan dauden ikasle gehienak. Baina ikastetxe guztiak ez dira berdinak, ez sare publikoan, ez itunpekoan ere. Gure etxeari begira, argi daukagu: inklusioaren alde egiten dugu, eta ikasleen selekzioaren kontra. Bestalde, itunen araudia argia da, baina ez da betetzen: diru publikoz finantzatzen dira ikastetxe elitistak, eta baita sexuz segregatzen dutenak ere. Nora begira dago administrazioa?».

Iñigo Salaberria. «Eztabaida oinarritzen badugu sareen arteko aurkakotasun dialektika batean, gaiaren konponbidetik urrunduko gara. Fokua beste bat da: zer-nolako gizarte kohesionatua nahi dugun eta nolako herritar osoak nahi ditugun. Nolako konpromisoak hartzeko prest gauden halako gizarte bat lortzeko. Helburu goren horiek lortzeko, denon inplikazioa ezinbestekoa da. Euskal Eskola Publikoa aspaldi jorratzen dabil ibilbide hori».

Mikel Ormazabal. «Egia da ikasle atzerritar gehiago dagoela sare publikoan, baina alde hori txikiagoa da DBHn. Edonola ere, zehaztu behar da ikastetxe bakoitzaren errealitatea ezberdina dela, sare batean zein bestean: batzuetan ez dago segregazio arrastorik, eta, beste batzuetan, arazo handia dago. Guztiona da ardura gai horretan: administrazioa, ikastetxeak, gizartea... Baina administrazioari dagokio arazoari aurre egiteko baliabideak jartzea».

Koldo Tellitu. «Ikastolen Elkarteak kezka izugarria du gaiarekin. Azken urteetan lasai ibili gara, eta ez genuen lasai egon behar. Orain sakonean ari gara lantzen. Sare publikotik asko kritikatzen dira ikastolak, baina 82 ikastetxe publikotan ikasle guztien %10ek baino gutxiagok dute jatorri atzerritarra. Arazoa orokorra da, eta Ikastolen Elkarteak onartu du guretzat bereziki handia dela. Apustua herri gisa egiten ez badugu, oso zaila izango da».

Gonzalo Larruzea. «Ikastetxea aukeratzeko askatasunaren eskubideak ezin du jokatu giza kohesioaren kontra. Hori gertatzen den bitartean, bazterkeria gertatu ahal da sareen artean eta sare bakoitzaren barruan. Ohartu behar dugu heterogeneotasunak solidarioagoak eta aberatsagoak bihurtzen gaituela. Administrazioak dagoena kudeatu du 25 urteotan, eraldatzeko asmorik gabe. Ez du hartu dagokion ardura. Horretan jarraituko luke, eragile sozialek egoera salatu izan ez bagenu».

Aitor Idigoras. «Ikastetxeen arteko homogeneotasuna ezinezkoa da, baina ez dut uste bere inguruko errealitate soziala jasotzen ez duten ikastetxe publikoen ehunekoa aipagarriak denik. Ikastetxe publikoetan alde horretatik arazorik egon bada, administrazioak esku hartu du. Sareen arteko desoreka datuak baino gehiago dira: sare bakoitzak zerbitzua ulertzeko modua da. Sare pribatuaren eta gobernuaren artean klientelismo politika dagoela uste dugu. Administrazioaren eta estatuaren babesa jasotzen dute, eta, trukean, praktikan jartzen dituzte egungo agintarien hezkuntza eredua indartzeko politikak».

Maider Izagirre. «Ez dugu ikusten arazoa sareen artean dagoenik. Interpretazio sinplista eta iruzurtia da. Batetik, ikastetxe publikoen artean ere alde handiak daude. Bestetik, onartu behar da, era berean, itunpeko ikastetxe batzuek ez dituztela ardurak hartzen, eta trikimailuak egiten dituztela. Ikastetxe guztien elkartasuna eta inplikazioa behar da, diren sarekoak direla, egoerari aurre egiteko. Iruditzen zaigu administrazioak ez duela borondate argirik egoerari buelta emateko».

Miren Zubizarreta. «Aurrez aipatutako desoreka nabaria da ikastetxe publikoen eta itunduriko ikastetxe pribatuen artean. Oro har, desoreka hori ikastetxe publikoen eta pribatuen artean dago, baina hainbat herri eta auzotan ikastetxe publikoen artean ere ikus daiteke, kasuren batzuetan alderantzizko proportzioan. Hezkuntza Saila da gure hezkuntza sistemaren norabidearen arduradun nagusia. oraingoz, hezkuntza administrazioak ez dio gaiari heldu, eta aurkeztu duen azken dokumentuan ere ez dugu konkrezio handirik ikusten».

Nola hezi hesietatik harago

Eskola segregazioa, bidegurutzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.