Asier Garitano

Suitzar mendi bateko gidari

Realak galdu egin ditu azken hiru partidak, eta beheraturik ikusi ditu azken asteetan jarritako helburuak. Garitanorengan daude begirada asko.
JUAN CARLOS HIDALGO / EFE

Jon Ander De la Hoz -

2018ko abenduak 18
Igeldoko jolas parkeko suitzar mendian bidaiatuko balu bezala. Horrela ari da azkenaldian Reala, eta haren gidari lanak egiten ari da Asier Garitano entrenatzailea. Bergarakoak taldearen ardura hartu zuenetik sailkapenean gora eta behera dabiltza txuri-urdinak, etenik gabe, Espainiako Ligari emozio pixka bat gehitu nahiko baliote bezala.

Munduan oraindik martxan dagoen gisa horretako atrakziorik zaharrena da Igeldokoa. Garitanoren proiektua, aldiz, berri-berria da. Ikusteko dago zer emango duen, oraindik garaiz baita ganorazko ondoriorik atera ahal izateko. Alabaina, utzi ditu lehendabiziko printzak, eta haiek gorabeheratsuak izan dira. Ondo aritu da batzuetan, bizi besteetan. Nahi baino sarriagotan astun ere aritu da, altzairuz egina balego bezala. Igeldoko suitzar mendiaren eran.

Sasoiko boladarik apalenean dago orain Reala. Azken hiru partidak galdu egin ditu, eta sailkapenean behera begira jarri behar izan du, halabeharrez. Gainera, azken hiru aurkari horiek —Betis, Valladolid eta Getafe— ez dira Realaren aurretik ibili ohi diren taldeak. Horrek kezka sortu du donostiarren jiran. Are gehiago, erabat aldatu denean orain arteko dinamika. Liga hasieran Anoetan irabazi ezinik aritu ziren arren, etxetik urrun bisitaririk onena zen Reala. Azken jardunaldietan, baina, lehorteak eragin egin dio Donostiatik landa jokatzen ari denetan ere, eta Europara begira jarria zen taldea azken postuetatik urruntzera behartu du.

Hargatik, begiradarik gehienek Garitano jarri dute jo puntuan. Zortea ez du lagun izan, eta badago kontuan hartzeko beste aldagai bat ere: Realak etxetik kanpo bi partida gehiago jokatu ditu Anoetan baino. Amarako estadioko lanek lehen hiru partidak etxetik kanpo jokatzera behartu zituzten txuri-urdinak. Lesioek ere erasan egin dio Realari sasoiaren hasieran. Atzealdeko eta aurrealdeko lerroetan izan dituzte gabeziarik gehienak. Alabaina, aurrelariak osatu ahala, txikitu egin da haien gola sartzeko gaitasuna. Horren adibide azken zortzi jardunaldietatik bostetan golik sartu ezinda aritu izana. Partida kopuru hori handiagoa litzateke Mikel Oiartzabalek ez balitu babak eltzetik atera. Urriaren 5etik zortzi gol sartu ditu Realak, eta eibartarrak sartu ditu haien erdiak.

Egoera hori kontuan, praktikotasunaren aldeko apustu argia egin du Garitanok. Prestatzaileak sasoi hasieran esan zuen bere egitekoa uneko egoeraren arabera moldatuko zuela, eta asmo horri ez dio hutsik egin. Batzuetan asmatuta, besteetan asmatu ezinda, baina leial izan zaio ideia horri: ahalik eta emaitzarik onena lortzeko, unean-unean komeni dena egitea izan da bere abiapuntua. Hala, sarri aldatu ditu jokalariak, baita eskemak ere.

Jokalari guztien artean, fitxaketek zeresana eman dute. Kasualitatea ala ez, aurreikusitako jokoa erakutsi ezinik aritu dira lehendabiziko hamasei jardunaldietan. Min hartuta egon da Mikel Merino. Nafarrak ez du jarraitutasunik izan lehendabiziko jardunaldietan, eta osatutakoan ere zalantzak sortu ditu haren jokoak. Gauza bera gertatu da Sandro Ramirezekin; Valentziaren aurka egin zuen estreinakoa, irailaren amaieran, baina ez du gol bat bera ere sartu.

Theo Hernandez izan da aukera gehien izan duen fitxatua. Garitanok liga hasi bezain pronto eman zion defentsako ezker hegaleko giltza, baina azkar geratu zen zelaitik kanpo. Huescaren aurka ateratako txartel gorriak lau partidako zigorra ekarri zion, eta eten egin zuen haren bilakaera. Nolanahi ere, Garitanok eutsi egin dio harengan zuen konfiantzari, eta berriz zelaian ari da. Ordutik, argi-ilunak izan ditu haren jokatzeko erak; zelaian joko ona erakutsi du gehienetan, baina jokabide txarrak izan ditu: Levanteren zelaian gola sartu eta isilarazi egin zuen Orriolseko harmaila, eta Valladoliden aurka, aldatu zuenean, keinu zatar bat egin zion Garitanori. Horrek kritikak ekarri dizkio jokalari frantziarrari.

Alabaina, zenbait jokalariri bultzada handia eman dio Garitanok. Joseba Zaldua da horietako bat. Donostiarrarengan konfiantza handia du Garitanok, eta jokatzeko moduan izan denetan zelaian izan da. Igor Zubeldia ere jokalari garrantzitsua da egun. Gazteagoa zenean Atotxan ikusten zuen Realaren ukitua emateko prest da Garitano; pazientzia behar du horretarako. Behera egiten duen bezala, gora ere egiten baitu suitzar mendiak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna