Albistea entzun

Koronabirusa

Zortzi hilabeteko pandemiaren arrastoa: 13.000 ospitaleratu eta ia 2.900 hildako

Tamaina handiagoan ikusi

Mikel P. Ansa -

2020ko azaroak 5

Martxoa, apirila, maiatza. Ekaina eta uztaila. Abuztua, iraila; urria. Zortzi hilabete, COVID-19aren pandemia Euskal Herrira iritsi zenetik. Epe horretan 13.000 gaixo baino gehiago ospitaleratu dituzte, eta ia 2.900 hil dira: biztanleen %0,1. Lehen olatuaren, arintzearen, eta udako gorabeheren ondoren, bigarren olatua indartu egin da, eta fase berri bat hasi du izurriak. Hau izan da bilakaera:

Lehen fasea: martxoko aldapa

Otsaileko lehen hamabostaldirako behintzat Euskal Herrian zen SARS-CoV-2a, baina lehen bi kasuak ez zituzten detektatu otsailaren 28 arte. Ordurako milaka izan zitezkeen kutsatuak, eta abaila batean zabaldu zen: martxo bukaeran 2.800 lagun baino gehiago zeuden ospitaleetan: hilabete bakarrean bete ziren oheak. Lehen olatua zen, pandemiaren lehen fasea. ZIU zainketa intentsiboetako unitateak ere abaila berean bete ziren —ia 300 gaixo zeuzkaten martxo bukaeran—; Osakidetzak eta Osasunbideak unitate berriak jarri zituztelako ez zuten erabat gainezka egin.

Konfinamendua indarrean jarri eta hamabost bat egunera hasi ziren jaisten kutsatuen kopuruak, eta ondoren hasi ziren husten ospitaleak eta ZIUak. Ospitaleratuen datuak erakusle: martxoan, ia 4.000 gaixok behar izan zuten ospitaleko arta; apirilean, 2.747k; maiatzean, 564k. ZIUetako presioa asko jaitsi zen maiatz bukaerarako: 37 gaixo zeuzkaten orduan, bi hilabete lehenago baino bederatzi aldiz gutxiago.

Martxoan, apirilean eta maiatzean 2.075 gaixo hil ziren koronabirusaren eraginez —horietatik 871 zahar egoitzetako egoiliarrak ziren—. Eta hilabete horien artean, apirilean pilatu ziren heriotzen erdiak baino gehiago: 1.237. Konparazio batera, maiatzean, 275 heriotza erregistratu ziren; martxoan, 563. Horiek izan dira lehen faseak utzitako datu gordinak. Arabak eta Nafarroak nabaritu zuten gehien lehen olatuaren kolpea. Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak, berriz, apenas ikusi zuten gaitzaren eragina: apiril bukaeran hamar heriotza zituzten zenbatuak.

Maiatzean, ospitaleek arintze bat sentitu zuten, eta, arnas aparatuko beste gaitz batzuekin gertatzen den bezala, intzidentzia jaisten hasi zen. Beste fase bat hasi zen, horrela, ekainean: arintzea.

Bigarren fasea: ekaineko arnasa

Hor daude datuak: ekainean 332 eri ospitaleratu zituzten; uztailean, 391. Apirilean baino zortzi aldiz gutxiago, alegia. ZIUetan 11 lagun zeuden ekain bukaeran, eta bi uztail bukaeran. Bigarren fasea izan zen, konfinamendua arintzeko eta kalera itzultzeko garaia: koronabirusak intzidentzia txikiena izan duen bi hilabeteak. Heriotzen datuak beste hainbeste erakusten du: ekainean eta uztailean 87 eri hil ziren koronabirusaren eraginez —horietatik 11, zahar egoitzetan—. Aldea ikaragarria da: aurreko hiru hilabeteetan ia 2.000 gaixo gehiago hil ziren.

Hirugarren fasea: udako ezustekoak

Uztaila bukatu aurretik hasi zen hirugarren fasea, ordea. Nafarroan positiboen kopurua dezente handitu zen; uztailaren 22tik aurrera, egindako testen batez besteko portzentajea %5etik gora igo zen, eta ez da langa horretatik jaitsi —%5etik gorako portzentajeak edukitzea birusa kontrolik gabe hedatzen ari den seinaletzat hartzen da—. Hegoaldeko beste probintzien udako portzentajeak apalagoak izan dira, baina %5etik gora ibili dira denbora gehienean.

Uztaileko datuen ondorioak ez ziren ikusi abuztu bukaera arte. Ospitaleratuak ugaritu ziren: 1.215 izan ziren abuztuan; ZIUetan 43 gaixo zeuden hilabete bukaeran; eta koronabirusak eragindako 96 heriotza zenbatu zituzten —uztailean, hamahiru—.

Araban eta Bizkaian ere kasu positiboak nabarmen ugaritu ziren, eta abuztu bukaeran iritsi ziren gailurrera —100.000 biztanleko 400 kutsatu baino gehiago zituzten, hamalau eguneko kasuak batuta—, baina handik aurrera beheranzko joera hartu zuten. Hilabete nahasiak izan dira horiek, kasu positibo asko agertu arren ondorioak ez zirelako ospitaleetan hainbeste nabaritzen, seguru asko kutsatuen artean gazteen portzentajea igo zelako, eta koronabirus honek, normalean, eragin arinagoak dituelako gazteen artean. Europan leku gutxitan ikusi dute halako positiboen ugaritzea udan; bigarren olatua uztail bukaeran hasi zen Euskal Herrian, eta Europako leku gehienetan, ia bi hilabete geroago.

Araba eta Bizkaia beherantz hasi bitartean, ordea, Nafarroan hasi ziren kasuak izugarri ugaritzen, eta irail bukaeran, hamalau eguneko kasuak batuta, 100.000 biztanleko 600 kasu baino gehiago zituzten; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa kasuen erdiekin zeuden orduan. Eta abuztuko positiboen ugaritzearen ondorioa irailean sentitzen hasi ziren: 1.779 eri eraman zituzten ospitalera irailean, eta 313 heriotza zenbatu zituzten —abuztuan baino hiru bider gehiago—. Irail bukaeran, 79 gaixo zeuden ZIUetan, hilabete lehenago zeudenen doblea ia.

Birusaren udako zabaltzearen ondorioak irailean hasi ziren sentitzen, eta bigarren olatu hori bukatu aurretik iritsi da beste olde bat: hori izan da laugarren fasearen hasiera, urriko lehen astean.

Laugarren fasea: urriko aldapa

Nafarroan hasi zen birusa zabaltzen azkar: urriaren 7an, 100.000 biztanleko tasa 600 pasatxokoa zuen, batez beste, eta urriaren 31n, 1.100etik gorakoa. Gipuzkoak jarraitu zion Nafarroari atzetik: urriaren 8an 100.000 biztanleko 267ko tasa zuen positiboetan; urriaren 31n, 900ekoa: hiru aldiz handiagoa. Orain arte, bi herrialde horietan sentitu dute bigarren olatuaren eragin handiena, baina Bizkaia eta Araba atzetik doaz: astebete geroago hasi dira ugaritzen positiboak, urriaren 14-15etik.

Ipar Euskal Herriak ez du intzidentzia nabarmenik izan lehen olatuan, baina uda ostean hasi dira ugaritzen kasu positiboak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Orain, 100.000 biztanleko 100 kasu baino gehiago dituzte herri guztiek, hamalau eguneko positiboak batuta, eta herri gehienek 300dik gorako tasak dituzte. Martxotik 400 bat gaixo ospitaleratu dituzte; Ipar Euskal Herriko biztanleen %0,12 inguru dira horiek. Hego Euskal Herrian lau aldiz gaixo gehiago ospitaleratu dituzte martxotik (%0,45).

Kasu positibo berriak orain ari dira ugaritzen, eta hiruzpalau aste igaro arte ezingo da argi jakin heriotzatan zer ondorio izango duen. Urrian 356 heriotza eragin ditu koronabirusak, irailean baino 43 gehiago; igo egin da ospitaleratuen kopurua —2.059; irailean baino 300 gehiago, eta abuztuan baino 800 gehiago—, eta igo egin da ZIUetako okupazioa —urri bukaeran 150 gaixo, hilabete lehenago zeudenen doblea—.

Joandakoaren eta datorkeenaren artean

Urriko datuak ez dira martxokoak bezain txarrak, oraingoz. Kalkulu matematikoek erakusten dute martxoko egun batzuetan 6.000 lagun kutsatu zirela —detektatzen ez zituzten arren—, eta urrian 2.000ko langa gainditu bada ere, zabalkundea udaberrikoa baino motelagoa da —atzeman gabeko kasuak gehituta, 3.000 edo 3.500 izan litezke orain egun batzuetan; martxoan baino gutxiago, edozein moduz—.

Nolanahi ere, zerbait aldatu da lehen olatutik bigarren olatura: martxotik ekain bukaerara, 7.600 lagun inguru ospitaleratu zituzten, eta 2.150 heriotza inguru gertatu ziren. Horietako asko ez ziren ospitaleetan hil, baina, hala ere, proportzioa paraleloki kalkulatzea esanguratsua da: ospitaleratutako lau laguneko, heriotza bat gertatu zen lehen olatuan —alegia, ospitaleratuen aldean, %28 ziren hildakoak—; uztailetik urri bukaerara, berriz, 5.700 bat gaixo ospitaleratu dituzte, eta 275 bat heriotza gertatu dira; proportzioa askoz txikiagoa da, momentuz: %5.

Datozen aste eta hilabeteetan ospitaleetako eta ZIUetako okupazioak gora egingo duela ia segurua da, kasu positiboek etenik gabe ugaritzen jarraitu baitute azkeneko asteetan. Erritmoa udaberrian baino motelagoa da, baina aintzat hartu behar da ospitaleak, osasun zentroak eta osagileak orduan baino prestatuago daudela orain. Hurrengo asteetan heriotza kopurua zenbat haz litekeen kalkulatzea ezinezkoa da orain; itxaron egin beharko da, laugarren fasea hasi besterik ez baita egin, eta bigarren olatuak indarra hartu baitu urrian.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Emakundeko zuzendari kargutik kendu dute Izaskun Landaida

Emakundeko zuzendari kargutik kendu dute Izaskun Landaida

Arantxa Iraola - Maite Asensio Lozano

Miren Elgarresta izendatu dute ordezko; Berdintasuneko foru zuzendaria izan da orain arte Gipuzkoan.

Luiziaen ostean zabortegian egindako lanak. ©Jaizki Fontaneda / Fou

Zaldibarko luiziaren aurretik eta ostean Jaurlaritzak Europako legedia bete duela ebatzi du Europako Batzordeak

Iñaut Matauko Rada

Batzordeak dio ez duela lege hausterik ikusi, eta Eusko Jaurlaritzaren jokaera babestu du. Tapiak adierazi du Verter Recycling enpresak 2018ko egonkortasun ikerketa bat ezkutatu ziola Jaurlaritzari.

Metano ihesa Gasteizko Enagasen garraio zentro bateko balbuletatik ©Ekolgistak Martxan

Durangoko eta Gasteizko gas azpiegituretan metano ihesak aurkitu ditu Ekologistak Martxan taldeak

Isabel Jaurena

Gasteizko zentroan «isurketa jarraituak eta emari handikoak» aurkitu dituzte, eta Durangokoan haizatze hotzaren jarduera erabiltzen dela ondorioztatu dute.

Baionako Oihana ikastolako ikasleak, ikasturteko lehen egunean ©Guillaume Fauveau

Euskarazko diktaketa sistema bat garatuko dute, «desgaitasuna duten umeen eskolatzea errazteko»

Irati Urdalleta Lete

Ikastolen Elkarteak, Seaskaren Integrazio Batzordeak eta Sortzen elkarteak aurkeztu dute proiektua, Languneren aholkularitzarekin, eta Orai NLP Teknologiak garatuko du. Proiektuaren bidez, desgaitasunak dituzten ikasleek idazlanak ordenagailuari hitz eginez idatzi eta zuzendu ahal izango dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...