martxelo otamendi
HIZPIDEAK

Festa eredu arrakastatsua

2018ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Askotan esan izan da krisi garaietan sortzen direla ideiarik bikainenak, eta beharrak eragiten duela bide berriak zabaltzea. Antzeko zer edo zer pentsatuko zuten duela 40 urte, Hego Euskal Herriko eta Bilboko garai politiko eta sozial berria ikusita, berria bezain korapilatsua, aukera zegoela ordura arte edukitako festa eredu klasistaren gainean gogoeta egiteko. Ez ideia lehiaketa antolatu zutenek, ez eredu berria proposatu zuten irabazleek, ez zuten orduan irudikatu ere egingo festak lortu duen arrakasta.

Bilboko festa eredu horrek, logikoa den bezala, aldaketak ekarri dizkion bidea egin du; baina sortu zen garaiko espirituari eusten dio indartsu, eta jarrera horri esker bidean gurutzatu zaizkion oztopoak—uholdeak, garai bateko udalaren boikota, ostalaritza handiaren aurkako jarrera, krisi ekonomikoa...— gainditzeko modua aurkitu du.

Bilbo bezalako hiri handi batean, ez dauka zentzurik festa eredu desberdinak lehian jartzeak, nahiko publiko zabala bai baitago festa modu batera edo bestera egiteko. Festaren zentralitatea lekuz, estiloz eta protagonistez aldatu nahi izan zuten batzuek, oraingo eredua gutxieslea zelako Bilborentzat. Herritarren onespenarekin aspaldi irabazi zuten dema hori festaren motor nagusia diren konpartsek.

Bilbon, euskararen egoera urruti dago ondo egotetik, baina eskertzekoa da festari Aste Nagusia bakarrik deitzea eta kanta—Badator Marijaia— euskaraz izatea.

Milaka konpartsakideren lan boluntarioari esker ateratzen dira festak aurrera; orain arte horrela izan da, eta horrela segituko du izaten aurrerantzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.