Errusiako Munduko Kopa. Nigeria 2-0 Islandia

Nigeriak irabazi egin du, eta Argentinari sailkatzeko aukera eman dio

ainara arratibel gascon
2018ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Musak (49. min). 2-0: Musak (75. min).

Nigeriak irabazi egin behar zuen Islandiaren aurka Munduko Kopatik kanpo ez geratzeko, eta atzo 2-0 irabazi zuen. Hala, sailkatzeko aukera du oraindik. Garaipenarekin, mesede egin zion Argentinari. Izan ere, aukera izango du sailkatzeko. Ziurra da Kroazia multzoko lehena izango dela, eta bigarren postua Nigeriak, Islandiak eta Argentinak izango dute jokoan, azken jardunaldian.

Abiaduran eta fisikoan oinarritu zuen garaipena Nigeriak. Musa aurrelaria izan zen partidako izarra. Hark sartu zituen bi golak, 49. minutuan eta 75.ean. Lehen golean, Musak hasi eta amaitu zuen jokaldia, kontrol oso bat egin ostean. Bigarrenean, abiadura baliatu zuen. Arnasoni lasterketa irabazi, eta Halldorsson atezainaren aurrean geratu; hari izkin egin, eta erabakita utzi zuen norgehiagoka. Islandiak aukera izan zuen 82. minutuan emaitza estutzeko, baina Sigurdssonek penalti bat huts egin zuen. Islandiak geldikako jokaldietan baino ez zuen sortu arriskua.

Emaitza horrekin, Argentinak aukera du herenegun hartutako bizkarrekotik osatu eta final-zortzirenetarako sailkatzeko. Horretarako, multzoko azken jardunaldian Nigeriari gailendu, eta Islandiak Kroaziari ez irabaztea behar du. Islandiak irabaziz gero, berriz, Argentina ere irabaztera behartua dago, eta Islandiak baino gol alde handiagoarekin.

Nigeriak bere esku du sailkatzea. Argentinarekin berdintzea nahikoa du, betiere Islandiak ez badio bi golez baino gehiagoz irabazten Kroaziari. Bi partidetan berdinketa egonez gero ere, barruan legoke.

Islandiak, berriz, irabazi egin behar du, eta beste partidan berdinketa edo Argentinak irabaztea. Berdinketa gertatuz gero, Islandiak gutxienez bi golen aldeaz irabazi behar dio Kroaziari. Argentina gailenduz gero, berriz, gol batengatik irabaztea gehienez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.