Muturreraino ikusgarria

Bihar jokatuko da Munduko Motoziklismo Txapelketako Lehen Sari Nagusia, Qatarren. Efren Vazquezek argi du: «lehia ederra» izango da maila guztietan.

Marc Marquez MotoGPko gidari kataluniarra, gorputza aurrera eramaten, Sepangen egindako entrenamendu batean (Malaysia). FAZRY ISMAIL / EFE.
Julen Etxeberria.
2018ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Dohan, Losailgo zirkuituan daude moto gidaririk onenak. Han jokatuko da bihar Munduko Txapelketako Lehen Sari Nagusia. Efren Vazquez (Bilbo, 1986) ez dago han. Ia bi urte dira ez duela parte hartu Munduko Txapelketako lasterketa batean. Ez du batere oroitzapen onik azken aldi horretaz, istripu larria izan baitzuen. Erori egin zen Austinen (AEB), eta lesio larriak izan zituen: eskuineko orkatila txikitu zuen, eta orno bat ere konprimatu zitzaion. Akabo denboraldia. Bi probatan besterik ezin izan zen lehiatu.

Urtebete geroago, ordea, errematea iritsi zen. Osatuta zegoen, baina ez zuen lortu nahikoa diru taxuzko moto bat izateko, eta uko egin zion Munduko Txapelketan parte hartzeari. Erretiroa hartu zuen, bederatzi sasoiz onenekin aritu eta 140 lasterketa baino gehiagotan parte hartu ostean. Hamasei podium, tartean Indianapolisen (AEB) eta Sepangen (Malaysia) lortutako garaipenak; horra haren garaipen zerrenda.

Baina ezin motoen burrunbarik gabe bizi. Egun, Moto3 mailako KTM motoaren probatzailea da, Laglisse gazte mailako Munduko Txapelketako taldeko trebatzailea eta bere izena daraman eskolako arduradun eta irakaslea, Olaberrian (Gipuzkoa). «Motoak dira nire bizitza. Gozatzen ari naiz bizitzaren alde berri honetan».

Halere, ezin du ezkutatu sumatzen duela punta-puntako lehiaren falta. «Gidaritzat dut oraindik neure burua, eta inbidia galanta ematen dit telebistaz lasterketak ikustea». Etsipena nabari da haren hitzetan. «Pena da, baina gaur-gaurkoz, motoziklismoan ez da funtsezkoa pilotu ona izatea, dirua izatea baizik. Horregatik utzi nuen nik, nahikoa babes ekonomikoa ez nuelako».

Bi adibide eman ditu egoeraren larritasuna azaltzeko: «Julian Simon eta Nico Terol, biak ala biak munduko txapeldun izandakoak dira, baina denbora daramate aurre egin ezinik. Zorpetuta ere badaude. Egoera txarra da». Haien aldean, «sekulako zortea» du berak. «Luxua da Olaberriko zirkuituaren gisako azpiegitura bat izatea. Aukera ederra da goi mailako lehiaketari lotuta jarraitzeko, non eta etxean, nola eta etxekoekin lanean». Etxekoekin dio, Vilariño-Facal familiaren kide baita. Angela Vilariño Facal autoetako gidariaren senarra da.

KTM motoak garatzen eta pilotu gazteak trebatzen ematen du eguna Efren Vazquezek, baina beti du Munduko Txapelketaren egunerokoan begi bat. Motozalea izanik, irrikan da lehia has dadin. Ziur da aurtengoa ere txapelketa «ikusgarria» izango dela.

Moto2 eta Moto3n aritutakoa da. Bikain ezagutzen ditu biak. Beraz, oso kontuan hartzekoak dira haren iragarpenak. Lehenik eta behin, nabarmendu du ez batean ez bestean ez dela lehiatuko iazko txapelduna. «Franco Morbidelli Moto2tik MotoGPra pasatu da, eta Joan Mir, Moto3tik Moto2ra». Ez da ausartu esatera nork hartuko dien lekukoa. «Hautagai bat baino gehiago dago. Moto2n, adibidez, Miguel Oliveira eta Alex Marquez aurrean egongo dira. Sam Lowes, berriz, oso azkar ibili da sasoi-aurrean, baina garai horretan lortutako denborak ez dira oso fidagarriak, talde bakoitzak nahi duen motorra erabil baitezake. Txapelketan, aldiz, zozkatu egiten dira motorrak, eta denek berbera dute. Moto3n, berriz, are parekatuagoa dago dena: Jorge Martin, Enea Bastianini, Niccolo Antonelli, Lorenzo Dalla Porta, Marco Bezzecchi, Aarcon Canet... makina bat hautagai dago».

Inon baldin badago faborito argi-argirik, hori MotoGPn da. Azken bost ekitaldietatik lautan nagusitu da Marc Marquez kataluniarra —hirugarren sailkatu zen 2015ean—. «Honda bete-betean ez zebilenean txapeldun izan bazen, zer esanik orain, Honda goian dagoela. Ducatiko eta Yamahako gidariak izango ditu berriz aurkari: Italiako taldetik, Andrea Dovizioso eta Jorge Lorenzo, eta Japoniakotik, Valentino Rossi, Johann Zarco eta Maverick Viñales».

«Izugarria da Rossirena»

Efren Vazquezek Rossiz jardun nahi izan du preseski. Gidari italiarrak beste bi urterako luzatu berri du kontratua Yamaharekin, 2020ra arte. Beraz, ondo bidean, 41 urterekin arituko da lehiatzen. «Txapela kendu beharra dago Rossiz hitz egiteko. Nahiz eta jada 39 urte izan, eta nahiz eta jada bederatzi aldiz munduko txapeldun izan, bete-betean jarraitzen du lehian. Egin eta irabazi duenarekin, etxean egon zitekeen lasai-lasai, errentetatik bizita. Baina nahiago du maila nagusian jarraitu, eta hamaika sakrifizio eta ahalegin egiten segitu. Ikusgarria da nola eusten dion goseari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.