ERREZETA

Hostopil koka

Ostopil koka. Kataluniako jakia da koka.
Ostopil koka. Kataluniako jakia da koka. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Iker Markinez - Kuko Jatetxea, Ormaiztegi

2015eko irailak 19
OSAGAIAK

Hostopil xafla.

Etxeko tomate frijitua.

Ziazerba sorta bat.

Dozena bat gari zainzuri.

250 gramo bakailao gezatu.

Dozena bat antxoa.

Gatza.

Oliba olioa.

1

Koka Katalunian oso ezaguna den jaki bat da. Esan genezake pizzaren antzekoa izan ohi dela: ogi masa bat, eta, gainean, labean erregositako osagai freskoak —batez ere barazkiak—. Guk gaur koka hori hostopilarekin egingo dugu, beste aukera goxo bat izan baitaiteke.

2

Hasteko, gari zainzuriak lau minutuz egosi, eta, jarraian, ur hotzetan pasatu.

3

Ondoren, zartagina hartu, eta, oliba-olio zurrusta batekin, ziazerbak minutu batez frijitu. Horiek ere geroko gorde.

4

Bakailaoa karratu txikitan moztu. Antxoak garbitu eta hezurra kendu ondoren, bi xerratan jarri. Xerra horiek irekita utzi. Gero, antxoei gatz pixka bat bota.

5

Hostopila hartu, eta, arrabol baten laguntzaz, ongi zabaldu. Kafe plater txiki baten laguntzaz, zortzi bat borobil moztu, eta labeko erretilu batean ipini. Orain, sardexka baten laguntzaz, hostopil borobilak zulatu, izkinako zirkunferentzia izan ezik. Zulatutako lekuan, etxeko tomate koilarakada bat ipini, baita bi bakailao pusketa eta hiru antxoa xerra ere, eta, bukatzeko, barazkiak goialdean. Hostopil guztietan gauza bera egin, eta osagaien gainean oliba-olio zurrusta fin bana bota.

6

Erretilua 200 gradutan berotutako labean sartu. Segidan, 180 gradutara jatsi, eta bertan 15 bat minutuz eduki. Ondoren, atera, eta, epeltzean, jateko prest izango ditugu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna