Espetxe politika. Jesus Lozaren kargu-hartzea

Presoak «progresiboki eta indibidualki» gerturatzearen alde agertu da Jesus Loza

Espetxe politika «birformulatu» egin behar dela esan du, «zentzu gutxi» duelako «terrorismoaren aurkako politikaren parte» izaten jarraitzeak

Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Jesus Loza, kargua hartzeko ekitaldian, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Iosu Alberdi.
2018ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Euskal presoak «progresiboki eta indibidualki» Euskal Herrira gerturatzearen alde agertu da Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Jesus Loza. Hala adierazi zuen atzo, kargua hartzeko Gasteizen egindako ekitaldian. Beharrezkotzat jo zuen ETA desegin ondoren espetxe politika «birformulatzea», eta aldaketa hori «bizikidetzarako lagungarria» izango litzatekeela uste du.

Lozak defendatu du elkarbizitzaren alde gehien egin dezakeen espetxe politika birgizarteratzearen alde egiten duena dela; beti ere, legearen barruan. Horregatik, euskal presoak Euskal Herrira gerturatzearen alde egin du. Halere, PSE-EEko kidearen esanetan, presoak gerturatzeak ez luke «berritasunik» ekarriko. Azaldu du PPren eta PSOEren hainbat gobernuk ere hartu izan dituztela halako erabakiak.

Langraitz bideari erreferentzia ere egin dio Lozak, haren «alde positiboak» errekuperatu beharra adierazita; «birgizarteratzeko printzipio konstituzionala helburu». Espainiako presidente ohi Jose Luis Rodriguez Zapaterok jarri zuen bide hura martxan, euskal presoen birgizarteratzea aurrera eramateko. Pauso horiek «lidergo politikoaren» bidez egin behar direla nabarmendu du Lozak, eta horretarako ezinbestekoa dela instituzio eta alderdi politikoen arteko «adostasuna». Izan ere, orain arteko espetxe trataera «terrorismoaren aurkako politikaren parte» izan dela azaldu du, jada «zentzu gutxi» duen zerbait.

Lanak daude egiteko

Lozak azaldu du elkarbizitza eta memoria gaietan lanak daudela egiteko, uste baitu oraindik «gorroto hausberoak eta intolerantzia txingarrak» daudela. Horregatik, «terrorismoaren deslegitimazio etiko, sozial eta politiko- an» sakontzeko konpromisoa hartu du: «Helburu politikoak lortzeko biolentziaren erabileraren legitimitate eza aldarrikatzeko». Bide horretan, lehentasuna biktimak direla azaldu du, baina elkarrizketarako deia eginda.

Lozak adierazi du «oinarrizkoa» dela «egiazko errelato bat» eraikitzea, «biktimak eta borreroak» egon direla azalduko duena. Hainbatek «gatazka baten atzean» euren erantzukizunak ezkutatuizana ere kritikatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.