M-8. Emakumeen greba

Iris Garcia. «Orbain ilun bat nintzela esan zidan giza baliabideetako buruak»

Hoteleko garbitzailea eta transexuala da Garcia. Duela urtebete, sei eguneko greba egin zuen sei lankiderekin batera, hoteleko jarrera baztertzaileen eta jarri nahi zizkieten baldintzen aurka. Lortu zuten: «Borrokatu egin behar da».
IRIS GARCIA

Samara Velte -

2018ko martxoak 4
Turismoaren sektore joriko ogibide prekarioenetako batean dihardute kelly-ek, hoteletako solairuko langileek. Logelak garbi mantentzeaz arduratzen dira, gaueko 90 euro ordaintzen duten erabiltzaileak eroso egon daitezen. Eurek hiru euro baino gutxiago kobratzen dituzte logela bakoitzeko.

Haietako bat da Iris Garcia, sevillar bilbotartua eta emakume transexuala: bi urte daramatza sektorean, eta gaur egun ELAko ordezkaria da hotelean. Bertan diharduenetik, bere larruan bizi izan ditu hainbat gatazka. «2016 amaieran, kate berri batek hartu zuen hotela», ekarri du gogora: ordura arte Holiday Inn Bilbao zena Hotel Occidental Bilbao Barcelo bihurtu zen. Logeletako garbiketa azpikontratatutako enpresek egiten dute era horretako kate gehienetan; ordura arte, Garcia eta zortzi lankide Samsic enpresarentzat aritzen ziren, eta aurrerantzean Constantek kudeatuko zuen zerbitzua. Orduan jakin zuten hoteleko kateak ez zuela haien subrogazio eskubidea betetzeko asmorik. «Aginte aldaketa horrek solairuetako langileei egiten die kalte gehien, gastuak haien bidez murrizten saiatzen delako enpresa», salatu zuen bere garaian ELAk: «Kateek estatu mailako enpresen esku uzten dute zerbitzua, erkidego mailako itunak errespetatu gabe». Ondorioz, hitzarmen kolektiboak exijitzen dituen 1.200 euroen ordez, «ozta-ozta heltzen dira lanbide arteko gutxieneko soldatara».

«Aldaketa egin aurretik gauzak entzun genituen, eta hor hasi ginen antolatzen; hala ere, zaila izan zen, ez ginelako asko elkartzen», ekarri du gogora Garciak. Gatazka horretan zeudela, genitaletako operazioa egin zioten berari. «Berez 180 eguneko gaixoaldia zegokidan, baina hamabost egunera kaleratu egin ninduten». Operazioa ez zioten osasuneko beste edozein ebakuntzaren moduan aitortu nahi izan: «Nik, berez, abendurako espero nuen, baina ustekabean irailera aurreratu zidaten. Jakina: hotela beteta zegoen, eta nik abendurako iragarrita neukan gaixoaldia. Oporrak hartzea proposatu nuen, baina gaixoaldia hartu behar izan nuen».

Garciak garbi du transexualitateak eragina izan zuela enpresarengandik jaso zuen tratuan: «Giza baliabideetako zuzendariak esan zidan orbain ilun bat nintzela enpresaren irudian». Lankideek greba eskaera egin zuten 48 ordutara, eta azkenean lortu zuten kategoriaz igotzea eta Garcia berriz lantaldean sartzea.

Orduan, zuzendaritza aldaketa iritsi zen. «Enpresako batzordeak jakinarazi zigun Barcelok hartuko zuela berriz hotela, eta bota egingo gintuela. Hori guztia, ni gaixoaldian nengoela». Iazko martxoaren 18an lanera itzuli zenerako, erregistratuta zeukaten greba eskaera: 20an hasi zuten zazpi lankidek. Sei egun igaro zituzten kalean; enpresak kanpoko langileak kontratatu zituen haiek ordezkatzeko, eta komunikabideetan ez zen grebaren berririk agertu. Azkenean, apirilaren 4an sinatu zuten lantaldearen egonkortasuna bermatzeko ituna. Gainera, Laneko Ikuskaritzak 30.000 euroko isuna jarri zion hotelari, grebalariak legez kanpo ordezkatzeagatik. «David eta Goliaten bataila irabazi genuela pentsatzen dut maiz», gogoratzen du orain Garciak. Osteguneko grebarekin bat egingo du: «Jakina, ez naiz lanera joango; afixari eusten ibiliko naiz. Aski da: nazkatuta gaude esplotatuta egoteaz, beti emakumeok, gainera. Soldata duina nahi dugu, eta ikusi dugu borrokatuz bakarrik lortzen direla gauzak».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna