BORROKAN ALIATU

Fidel Castro eta Nelson Mandela, Genevan, 1998. urtean. PATRICK AVIOLAT.
2016ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
1959. urtean iraultza gailendu zenetik, Fidel Castro eredu bihurtu da borroka askorentzat. 40 urte baino gehiago egon da Castro agintean, eta nazioarteko aliantza sare bat eratu du denbora horretan.

Hugo Chavez (Venezuela). 1994ko abenduan ezagutu zuten elkar. Ordutik harreman estua izan dute, eta Latinoamerika subirano, solidario eta batu bat sustatzeko Unasur eta ALBA proiektuak garatu zituzten.

Salvador Allende (Txile). 1971. urtean ezagutu zuten elkar, Allendek boterea hartu baino urtebete lehenago. Castrok Hego Amerikara lehen bisita egin zuen orduan, eta jendetza bildu zen hura ikusteko. Latinoamerikako bi gobernu progresista bakarrak ziren, eta harreman estua izan zuten, Allenderen aurkako kolpean Txileko agintaria hil zuten arte.

Juan Domingo Peron(Argentina). Argentinak inbertsio handiak egin zituen Kuban Juan Domingo Peronen agintaldian, eta AEBen blokeo itogarria baretzeko arnasaldi bat eskaini zion. «Fidelen eta herrialdea askatu duten jende horren guztiaren alde nago. Orain diote komunista naizela. Zeini inporta zaio komunista izatea? Fidel ni bezain komunista da. Hobeto esanda, Fidel justiziaren aldekoa da», esan zuen 1968an.

Muammar Gaddafi (Libia). Gutxitan ikusi zuten elkar Fidel Castrok eta Muammar Gaddafik, baina gertuko harremana izan zuten. 2011n Gaddafi hil zutenean NATOren rol «genozida» salatu zuen. «Erakunde militar horrek armatu zituenek gatibu hartu eta hil egin zuten».

Nelson Mandela (Hegoafrika). Fidel Castroren lagun handia zen Nelson Mandela, baita inspirazio iturri ere. 27 urte kartzelan eman ondotik 1991n aske utzi zutenean, bisitatu zuen Latinoamerikako lehen herrialdea Kuba izan zen. Mandelak onartu zuen kartzelan igarotako urteetan Kubako Iraultza eredu gisa aztertu zuela.

Malcom X (AEBak). Behin bakarrik ikusi zuten elkar, 1960. urtean, Castro New Yorkera iritsi zenean NBEko batzarrean parte hartzeko. «Osaba Sam zure aurka badago, badakizu gizon zintzoa zarela», esan zion orduan Malcomek.

Ho Chi Minh (Vietnam). «Gure odola emango genuke Vietnamengatik», esan zuen Fidel Castrok 1969an. Ez zuten inoiz elkar ikusi, baina bi agintariak adiskideak izan ziren, eta, Vietnamgo gerran, agintari komunistaren alde lerratu zen Castro. 1960an berrezarri zituzten harremanak bi herrialdeek, eta, ordutik, politikan zein ekonomian estua da bien arteko hartu-emana.

Nikita Kruxev (SESB). Kruxeven eta Castroren arteko harremana Sobietar Batasunaren eta Kubaren artekoa da. AEBek Kubari ezarritako bahimenduaren ondoren, Kruxevek eta Castrok hainbat akordio sinatu zituzten uhartearen egoera larria arintzeko. Azukrea petrolioaren truke jasotzeko hitzarmenak egin zituzten, lurra lantzeko makineria bidaltzeko edota hezkuntza arloko laguntzetarako. Hauxe jarri zion eskutitz batean agintari sobietarrak Castrori, misilen krisia zela eta: «Uste dugu Kuba defendatzeko aukera guztiak baliatu behar ditugula, bere independentzia eta subiranotasuna defendatzeko; eraso militarra eragozteko eta gerra termonuklear global bat saihesteko.

Mao Tse Tung (Txina).Fidel Castrok ez zuen pertsonalki ezagutu Mao Tse Tung. Fidel Castro: mi vida Ignacio Ramoneten liburuan halaxe dio kubatarrak: Mao Zedong gertutik ezagutzeko benetako gogoa dut. Baina ezinezkoa gertatu zen garai hartan Txinaren eta Sobietar Batasunaren arteko kontraesanengatik eta ezberdintasunengatik. Ezin da Mao Zedong munduko estratega politiko handienetatik kanpo utzi, ezta munduko militar buruzagietatik ere».

Gamal Abdel Nasser (Egipto). Gamal Nasser arabiar sozialismoaren aitzindaria inspirazio iturri izan zen Castrorentzat. Laguna ere bazen. Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimenduko sortzailea izan zen, eta Kuba hantxe sartu zen iraultzaren ondoren. Nasser 1970ean hil zen, bat-batean, bihotzekoak jota. Halaxe esan zuen Nasserren alabak aitak irakatsi zionaz: «Aitak Fidel miresten zuen. Haren bidez ezagutu nuen Kubako askapena».

Yasser Arafat (Palestina). Harreman estua eta elkartasun handia izan zituen buruzagi palestinarrak kubatarrarekin. Munduko herrien independentzia eta subiranotasunaren ideia partekatu zuten. Arafat hirutan joan zen Kubara. 2004an hil zenean «oso penatua» zegoela esan zuen Castrok. «Kolpe gogorra da munduko mugimendu aurrerakoientzat, Arafatengan aurkitu baitute borrokalari nekaezinaren eredua, herriek aske izateko duten eskubidearen alde».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.