Lointek Gernika 83-70 IDK Gipuzkoa

Iritsi berriak erabaki du

IDK mendean hartu, eta Espainiako Kopako finalerdietan izango da gaur Gernika, Perfumeriasen kontra. Courtney Willamsek 29 puntu sartu ditu

Iritsi berriak erabaki du.
ainara arratibel gascon
2019ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Lointek Gernika. Vanderwall (6), Williams (29), Roundtree (16), Nacickaite (5), Berezhynska (11) —hasierako bostekoa— Ariztimuño, Alberdi (1), Diez (6), Banham (7), Mazyonite, eta Pascua (2).

IDK Gipuzkoa. Brikic (2), Iparragirre (2), Nystrom (10), Weaver (22), Sarr (21) —hasierako bostekoa— Lara Gonzalez (7), Esnal, Olaberria, Aduriz, Erauntzetamurgil (1) eta Westbeld (5).

Markagailua. 25-21, 47-39 (atsedenaldian); 66-58 eta 83-70. Epaileak. Yasmina Alcaraz, Sara Pelaez eta Eva Areste. Ez dute jokalaririk kanporatu. Bestelakoak. 3.000 ikusle inguru bildu dira Mendizorrotza kiroldegian derbia ikustera.

Lointek Gernika Bizkaia izango da euskal ordezkari bakarra gaur, Espainiako Kopako finalerdietan, atzo IDK Gipuzkoa mendean hartu eta gero: 83-70. Mario Lopezenjokalarien banakako jardunak erabaki zuen partida, batez ere Courtney Williamsenak. Fitxatu berriak 29 puntu sartu zituen, eta, hegalekoa izan arren, erakustaldia eman zuen taldea gidatzen: paseak eman, barneraketak egin, jokoaren erritmoa ezarri... Denetik egin zuen estreinakoan, eta dena ondo.Amesgaiztoa izan zen Azu Muguruzarenentzat. Ezin izan zuten geratu. Ligan gertatu ez bezala, gipuzkoarrek ezin izan zuten azken laurdenean partida irauli. Weaverren 22 puntuak eta Sarren 21ak ez ziren nahikoa izan.

Beraz, Perfumerias Avenida egungo txapeldunaren kontra jokatuko du gaur finalerdia Gernikak. Espainiako taldeak astindua eman zion Al Qazeresi: 102-63. Baina Gernika ezustea ematen ahaleginduko da.

Atzo, Gernikak hobeto ekin zion derbiari, eta ederki baliatu zituen defentsan IDK-k utzi zituen zuloak, partidan lehen errentak lortzeko. Lehen laurdenean, alderik handiena bederatzi punturena izan zen: 19-10.

Donostiako taldean, Brkic partidaren erritmoa ezarri ezinik ari zen, eta Weaver kamuts erasoan. Aitzitik, Gernikaren aldetik kanpotik min egiten hasi ziren Williams eta Rondtree. Horren aurrean, Lara Gonzalez atera zuen Azu Muguruzak, eta Sarrek hartu zuen taldearen zama. Markagailua estutzea lortu zuen aldaketarekin, eta lehen laurdena 25-21 amaitu zen.

Bira ere jarri ziren bigarren laurdeneko lehen jokaldian gipuzkoarrak : 25-23. Bazirudien Weaver eta Sarr nagusitzen ari zirela pixkanaka uztaipean. Horrek Mario Lopez jokoan aldaketa batzuk egitera behartu zuen, eta defentsa gehiago ixtera. Orduan hasi zen Courtney Williamsen erakustaldia. Joko erritmo bizia jarri zuen, bere taldeak gustuko duen moduan, eta, Berezhynskak, Roundtreeketa Banhamek lagunduta, berriro ere zuloa ireki zuten partidan:38-28.

IDK-k, gainera, beste arazo bat zuen: Brkicek hiru falta zituen. Baina ez zuen amore eman: serio jarraitu zuen lanean. Horri esker, partidan sartuta segitu zuen, eta,azken jokaldian Weaverrek sartutako saskiratze baten bidez, zazpira gutxitu zuen aldea atsedenaldirako: 46-39.

Koska bat estutu zuen defentsa IDK-k hirugarren laurden hasieran. Nystrom gai izan zen minutu batzuetan Williams geratzeko, eta hori antzeman egin zen, bi puntura gerturatubaitziren Azu Muguruzarenak: 54-52. Sufritu egin zuen minutu horietan Gernikak. Baina artean jokatu gabe zegoen Naiara Diezek eman zion argia. Hark bi hiruko erreskadan sartu, eta 59-52 koarekin Gernikak lasai heldu ahal izan zion azken txanpari.

Laugarren laurdenaren hasieran, zortzi puntu aurretik zegoen Gernika (66-58), eta Roundtreeren saskiratze batek berriz hamarpunturen aldea eman zion. IDK nekea antzematen hasi zen, eta erasoan asmatu ezinik egon zen laurden horretako lehen sei minutuetan. Horrek Gernikari ahalbidetu zion hamalau punturen aldea lortzea bost minuturen faltan: 72-58. Etsi egin zuten orduan IDK-ko jokalariek, eta amaiera lasaia izan zuen Gernikak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.