Bidea garbitzeko

Eibarrek Leganesen jokatuko du gaur, aurkari zuzen baten aurka, eta irabaztea altxor handia litzateke

Aitor Manterola Garate.
2019ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Estu dago Espainiako Lehen Maila, eta jaitsierari ihes egiteko lehian ligako taldeen erdiak baino gehiago dabiltza. Eibar da horietako bat, eta Leganes ere antzera dabil, gaurko aurkaria. Eibartarrek hiru puntu gehiago dituzte, eta jaitsiera bost puntura dutela ekingo diote gaurkoari. Kontrario zuzena da, hortaz, Leganes, eta, gaur irabaziko balu, Eibarrek altxor handia batuko luke: lehiakide bat atzean utziko luke, eta jaitsiera, atzerago. Bidea garbitzeko aukera du gaur.

Kontu jakina da garaipen batek ikuspuntu eta pentsamolde asko aldatzen dituela, eta astelehenean Eibarrek Espanyolen aurka lortu zuenak argitu egin ditu buruak. Aurretik, kezka zen nagusi, sei partida baitzeramatzan taldeak irabazi gabe, horietako bitan bakarrik izan bazen ere galtzaile. Astelehenean irabazi izanari esker, aldatu egin da analisia: orain, azken zazpi partidetatik bi bakarrik galdu ditu Eibarrek. Lehen txarra zena orain ez da hain txarra, eta balio dezala horrek datu zehatz honi balio handia emateko: 25 puntu dauzka, eta, bigarren itzuliko partida bat jokatu eta gero, mailari eusteko egokiera onean da.

Aukera horiei bide eman behar die, ordea, eta, nola futbolean talde batek ez duen bere buruaren aurka jokatzen, zeresana izaten dute aurkariek. Gaurkoa izen gutxiko taldea izanagatik, oso lehiakorra da. Baita arriskutsua ere, atzo Jose Luis Mendilibarrek azaldu zuen bezala: «Lehen Mailako talde lehiakorrenetako bat da». Jokoa ere xehatu zuen, eta bere taldearen antzeko ezaugarriak ikusten dizkio Mauricio Pellegrinorenari: «Oso garbi daukate nola jokatu, eta ez zaie axola zein den aurkaria. Zaleak dira erdiraketa asko egiten, eta horretan gure antza daukate».

Leganesek erdiko hiru atzelarirekin jokatzen duela eta, Mendilibarrek gogora ekarri zuen Eibar ondo moldatzen dela horrela jokatzen duten taldeen aurka, baina ez zion aparteko garrantzirik eman: «Guk oso garbi daukagu nola jokatzen dugun, eta erdiko hiru atzelarirekin eta birekin jokatzen dutenen aurka moldatu gara ondo. Hemen denok daukagu elkarren berri».

Hemezortzi jokalarirekin joan da Eibar Leganesera (Espainia), eta Mendilibarrek etxean utzi ditu Orellana eta Pedro Leon, biak min hartuta, eta Cardona eta Calavera. Leganesen kasuan, falta ditu jokalari garrantzitsu batzuk. Guido Carrillo aurrelaria eta Ruben Perez erdilaria ez daude jokatzeko moduan, biak min hartuta baitaude.

Lehen itzulian, Ipuruan, Eibar izan zen garaile, Kike Garciaren gol bati esker. Eibartarrek gaur ere antzeko emaitza lortzen badute, aurrerapauso galanta emango dute helburua lortzeko bide malkartsuan.

LEGANES-EIBAR

Leganes. Cuellar; Bustinza, Omeruo, Siovas; Nyom, Vesga, Recio, Silva, Oscar; Braithwaiteeta En-Nesyri.

Eibar. Riesgo; Peña, Arbilla, Bigas, Jose Angel; De Blasis, Escalante, Diop; Cucurella; Jordan eta Enrich.

Epailea. Hernandez Hernandez.

Lekua. Butarque (12.450 ikusle).

Ordua. 18:30 (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.