Albistea entzun

Literatura. 'Gorputzak, desirak eta almendratxo batzuk. Sra. Polaroiskaren film bat'

Guztion azal

Egilea: Sra. Polaroiska. Itzultzailea: Amaia Apalauza Ollo. Argitalpena: Egilea editore.

Nagore Fernandez -

2021eko maiatzak 23

Azalak memoria duela esaten dute; baina, nago memoriak ere azala (eta gorputzak) d(it)uela. Urteak aurrera doaz, eta bizipenak ez dira gorputzetatik aienatzen; grabatuta geratzen dira, azaletan, zirrikituetan. Hain, non gorputzen bitartez eta gorputzetatik oroitzapen asko gorde eta konta ditzakegun. Eta, hori da Gorputzak, desirak eta almendratxo batzuk. Sra. Polaroiskaren film bat obrak, hitzez, irudiz eta gorputzez erakusten diguna. Sra. Polaroiskak (Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe) ondutako eta Amaia Apalauzak itzulitako gidoiak, adinean aurrera egindako sei emakume fikziozko hartzen ditu protagonista, eta hauen gorputzen istorioak berreskuratzen: Angela, 86 urte; Mikele, 72; Elena, 73; Alicia, 78; Belén, 76 eta Luisa 73. Izan ere, dokufikzioaren bidetik, sei emakumeak beste askoren bizipen errealetatik sortutakoak dira. Frankismoan bizi izandako pertsonaiak dira guztiak, sexualitatea, bikotekidea, mundu ikuskera eta fedea perspektiba askotatik ulertzen dutenak. Sexua maitasunarekin batera bizi dute zenbaitek; besteek, bereiz, harreman sexualak izan baitituzte, berariaz maiteminduta egon barik. Hainbat masturbatu egiten dira, eta bada libidoa guztiz itzalita duenik ere.

Aipamena merezi duen alderdia: paratestua. Mimoz zaindutako edizioa prestatu dute Arenzanak eta Ibarretxek. Liburuaren azalak oihalez forratuta daude, eta Haizea Barcenillaren hitzaurreaz gain, azken orrietan, artxiboetatik erreskatatutako argazki erreal eta dokumentalak dakartzate, zuri-beltzean, protagonistek bizi izan zuten garai frankista berpizten eta pertsonaiak are sinesgarriagoak egiten laguntzen dutenak. Emakume bakoitzak atal bereizi bat osatzen du, zeinetan hitzez ez ezik, collage teknikaz eta marrazkiz pertsonaien soslaia eraikitzen den.

Obraren denborazkotasunak ere guztiz harrapatu eta erakarri nau. Sra. Polaroiskak protagonista guztiak elkarrizketatzen ditu, eta hauen fikziozko testigantzak ekartzen orrietara. Bada, emakumeek orainetik iraganaz hitz egiten dutenean, igarotako bizi-txatal eta sekuentzia konkretuak eszenaratzen dira, eta ardatz kronologikoan tartekatzen, honen ordena hankaz gora jarriz. Esan genezake, emakumeen hitzez hitzeko diskurtsoak eta iraganeko jazoeren sekuentziak eta antzezpenak, elkarrekin etengabe eta aldi berean katramilatzen direla, denbora lineala auzitan jarriz. Hortaz, ez dira testigantza lau eta arruntak, urte askotako esperientzia performatu eta gorpuztu andana baino.

Sra. Polaroiskaren gidoiak ez du emakumeaz hitz egiten, emakumeez baino: sei emakume, sei unibertso, sei bizitza. Guztiak bereziak eta desberdinak, baina, fikziozkoak izanik ere, guztiak errealak, benetako esperientzia eta ahots ugariren isla eta bozgorailu. Emakume guztion errepresentazioa aurkituko du, beraz, irakurleak orriotan, emakumeon konstelazio askotariko bat, guztion azala eta memoria. Petits récits. Irakasle, adiskide eta gidari dudanak gomendatuta aukeratu dut Sra. Polaroiskak ondutako obra hau, eta ez naiz damu. Ez dadila nirekin gomendioen haria eten!

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sergio Prego artista, Bilboko Arte Ederren Musoean ikusgai jarri duen <em>Hamahiru Centaurusera</em> instalazioa bisitatzen. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Sergio Prego: «Artelanaren parte bihurtu behar dira hutsegiteak»

Iñigo Astiz

Ekainaren 20tik aurrera, Bilboko Arte Ederren Museoak sarrera zaharra berreskuratuko du, eta, handitze lanek iraun artean, Pregoren instalazio bat izango du ikusgai, besteak beste

Mendekuaren erritua
Maite Gartzia, Aizpea Otaegi, Ainhoa Alberdi, Iraia Elias eta Oier Guillan, Donostian. ©Idoia Zabaleta / Foku

Plaza bat arriskuari

Ainhoa Sarasola

Eztena arte eszenikoen 14. jaialdia ekainaren 5ean hasiko da. Urtero bezala, dramaturgia berrien erakusleiho bilakatuko du Errenteria.

Pedro Salaberri margolaria, artxiboko irudi batean, 2018an. ©Iñaki Porto / Efe

Pedro Salaberri margolariak jasoko du Vianako Printzea saria

Itziar Ugarte Irizar

Naturaren interpretazioan oinarritutako obra piktoriko zabala osatu izana nabarmendu du Nafarroako Kultura Kontseiluak. Arte Talentua Sustatzeko saria, berriz, Sofia Esparza sopranoak jasoko du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...