Katalunia. Puigdemonten aurkako euroagindua. ANALISIA

Frisiarren erru aurpegia

Martxelo Otamendi -

2018ko uztailak 13
Hamazazpi laguneko frisiar talde bat dabil egunotan gure herrian euskara sustatzeko egindako lanak aztertzen. Atzo, BERRIAn bisitan zeudela jakin zuten Alemaniako auzitegi batek erabaki zuela Puigdemont presidentea Espainiaratzea. Frisiarren erreakzioa sutsua izan zen, «ez gara gu izan» irakur zitekeen haien aurpegietan. Frisian atxilotu zuten Puigdemont, eta hango kartzelan eduki zuten Frisiaren barruan dagoen Schleswig-Holsteingo Auzitegiko epaileek behin-behinean aske utzi zuten arte. Epaile horiek beraiek erabaki dute orain, gure bisitari frisiarren etsipenerako, Puigdemont Espainiari eman behar diotela, diru publikoaren erabilera bidegabeagatik. Ez matxinadagatik, baina bai urriaren 1eko erreferendumeko gastuak diru publikoarekin ordaintzeagatik.

Eman dezagun Puigdemonten defentsak jarriko duen helegiteak huts egiten duela eta Alemania prest dela Puigdemont Espainiara eramateko. Zer egingo du Auzitegi Goreneko magistratu Llarenak azken unean? Onartu Puigdemont Espainiaratzea delitu horrengatik bakarrik edo, azken hilabeteotan batean eta bestean filtratu denaren bidetik, uko egin euroaginduari eta jakinarazi Alemaniako Justiziari ez duela nahi Puigdemont ematea?

Espainiaratuz gero, prozesuko beste akusatuekin batera epaituko dute Puigdemont, kontraesan handi batekin. Komandoburua delitu txiki bategatik epaituko dute —diru publikoaren erabilera bidegabea—, eta nagusiaren menpekoak, aitzitik, askoz delitu larriagoengatik —matxinada, sedizioa...—. Jakina da, zigor kodeetan, logikaren aplikazioaz, gaizkile talde bateko arduradunek zigor gehigarri bat daukatela.

Espainiako Gorenak Rajoyren garaian zer nahi zuen badakigu; ez dakigu, ordea, zer nahiko duen auzitegi horrek Sanchez sozialistaren garaian.

Zer komeni zaio Sanchezi elkarrizketazale itxura eginez katalanekin denbora irabazi nahi duen garai honetan? Puigdemont Espainiaratu, hilabete batzuetan kartzelan eduki eta delitu txiki bategatik epaitzea, urte batzuetako zigorra jasotzeko aukera handiarekin, edo hurrengo urteetan libre uztea Belgikan, denborarekin bere figura eta eragina ahultzen joango diren itxaropenarekin?

Prozesuko arduradunen aurkako epaiketa egin bitartean agerikoa da Sanchezen estrategia: Generalitatearen eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketa prozesuaren bidez, lehendik nahiko pitzatuta dagoen independentziaren aldeko blokean beste pitzadura bat eragitea. Urte bukaerako epaiketara distentsio giroarekin iritsi nahi du Sanchezek, epaiketan fiskaltzak edukiko duen jokabidea, orain artekoa edo leunagoa, erabakigarria izango dela jakitun.

Sanchezek badaki erakundeen arteko elkarrizketa horretan ezin duela Kataluniako independentziazaleak aseko dituen ezer eskaini; ez orain, ezta bi urte barru egingo diren hauteskundeen ondoren ere presidentea baldin bada. Era berean, ez zaio komeni independentziazaleen aurkako zigor gogorra, bere asmoa lehertu egingo bailuke sententziak.

Kolpea Espainiaren kontakizunari

Karguak eteteaz txosten bat eskatu die Mahaiak parlamentuko abokatuei

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna