Iparraldearekin, «nazionalagoa»

Udalbiltzak Ipar Euskal Herriko 108 kide ditu, inoiz baino gehiago.Denera 1.471 udalbiltzakide dauzka; 183 alkateak dira

Udalbiltzakideak, atzo, Uztaritzen egindako batzar orokorrean. SYLVAIN SENCRISTO.
enekoitz esnaola
2014ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Udalbiltzak Ipar Euskal Herrian egin du urteko batzar orokorra, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan egiten ari den apustu estrategikoaren eta harekin jasotzen ari den babesaren seinale. Uztaritzen (Lapurdi) egin du bilkura Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarrak, eta jakinarazi du orain Iparraldeko 108 kide dituela partaide. Udalbiltza 1999an sortu zenean, Ipar Euskal Herriko 30 hautetsik eman zuten atxikimendua. Iaz berrantolatu zenetik orain arte, 61 izan dira. Atzotik aurrera, 108 —19 auzapez eta 89 hautetsi—: Lapurdikoak 68 dira, Zuberoakoak 22 eta Nafarroa Beherekoak 18. Udalbiltzak jakinarazi du kide gehiago lortzeko kanpaina batean ari dela.

«Datuok esan nahi dute gaur egun Udalbiltza nazionalagoa dela, eta Ipar Euskal Herria lortzen ari dela nazio eraikuntzan dagokion tokia», adierazi du Nikolas Blain Makeako (Lapurdi) hautetsi eta Udalbiltzako Nazio Gobernuko kideak, Uztaritzen.

Nazio erakundeak uste du Ipar Euskal Herrian modu praktiko baten ondorioz ari dela Udalbiltzarekiko atxikimendua hazten. Euskal Pirinioetan Lan eta Bizi garapen sozioekonomikoaren proiektuak jasotako sostengu instituzional eta sozial askotarikoa jartzen du adibide gisa.

Biltzarrak 1.471 udalbiltzakide ditu; haietatik 183 alkateak dira. Udalbiltza gustura da horregatik eta azken urte eta erdiko ibilbideagatik, Blainek esan duenez: «Ia hutsetik hasita lortu dugu erakunde hau berriro abiatzea». Mertxe Aizpurua lehendakariak nabarmendu du «kontsentsu berrien bila» segituko dutela.

Kohesioa

Kohesioa da urte politikorako Udalbiltzak hautaturiko hitza. Kohesioa lurralde, herritar eta udalerrien artean. «Sinetsirik gaude Euskal Herrian nahitaezkoa dela kohesioa lankidetza eta barne sinergiak sortzeko, garapen sozial, ekonomiko, kultural eta politikoan aurrera egiteko». Hainbat egitasmo garatu edo gauzatu nahi ditu.

2014rako 592.120 euroko aurrekontua dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.