Herri harresi bat irudikatzeagatik, 50 lagun epaituko dituzte Madrilen

Asteartean hasiko da epaiketa, Alcala de Henaresen. Bosna hilabeteko kartzela zigorra eskatzen du fiskalak, desordenak eragiteagatik

Ernaiko zazpi kideren eta Topatu.info-ko kazetari baten kontra 2015ean egindako epaiketan irudikatu zuten harresia. EFE.
enekoitz telleria sarriegi
2018ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Ernai ezker abertzaleko gazte erakundeko zazpi kideren eta Topatu.info-ko kazetari baten kontra Espainiako Auzitegi Nazionalean 2015eko maiatzean egindako epaiketa batean izan ziren gertaerak. Terrorismoa goratzea egotzita ari ziren zortzi lagun horiek epaitzen —2013ko Gazte Danbadan Xabier Lopez Peña espetxean hil berria zen euskal presoaren alde ekitaldi bat egiteagatik—, eta, ahozko saioa hasi baino lehen,protesta egin zuten Angela Murillo epailearen aurrean. Protestak hiru aste lehenago Auzitegi Nazionalak emandako sententzia zuen oinarrian. Izan ere, Segiko kideak izatea egotzita, zazpi gazte zigortu eta espetxeratzeko agindua eman zuen auzitegi horrek berak —horietatik hiru Gasteizko herri harresian atxilotu zituen Ertzaintzak, epaiketa hasi bezperan—, eta, haiei elkartasuna adierazteko, herri harresi bat irudikatu zuten epaitegian bertan.

Deklarazioaren erdian, zutitu,eta espetxeratuen aurpegiak zituzten elastiko laranjak soinean, «gazteria aurrera!» oihuak egin zituzten, eta, epaimahaiari bizkarra emanda, herri harresi bat irudikatu zuten, publikoaren babesean. Murillo epaimahaiburuak agindu zuen auzipetuek ez beste guztiek aretoa uzteko; epaiketa haiekin bakarrik jarraitzeko. Aretoko beste kide guztiak kanporatu zituzten lehenengo, eta akusatuak eurak ere bai azkenean, protestan segitzen zutela ikusita.

Murillok jakinarazi zien «desordenagatik» diligentziak irekiko zizkiela, bai auzipetuei eta baita haiei babesa agertu zieten publikoko kideei ere. Cosladako epaitegiak eraman du aurrera instrukzioa. 50 lagun epaituko dituzte asteartean —hiru madrildar tartean—, Alcala de Henareseko epaitegian. Hilaren 9an hasi eta 15ean amaitzea espero dute. Fiskalak bosna hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.