Donibane Garazin emazte bat hil dute, eta bikotekide ohia ikerketapean daukate

Andreak 32 urte zituen: bikotekide ohiak autoarekin harrapatu du. Istripua izan dela esan du gizonak; positibo eman du alkohol proban
Donibane Garaziko Kale Nagusian hil zuten emakumea.
Donibane Garaziko Kale Nagusian hil zuten emakumea. ISABELLE MIQUELESTORENA

Nora Arbelbide Lete -

2018ko apirilak 29
Emazte bat hilik aurkitu zuten atzo goizaldean Donibane Garazin (Nafarroa Beherea), eta ikerketapean ezarri dute haren bikotekide ohia. Andreak 32 urte zituen, eta Donibane Garazin bertan bizi zen. Auto batek harrapaturik zendu zen. Emaztearen bikotekide ohia zen auto horren gidaria, eta ikerketapean dago. Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak BERRIAri azaldu dionez, gizonak adierazi du istripuz harrapatu zuela emakumea. Alkohol proba egin zioten, eta positibo eman zuen. Ikertzen ari dira istripua izan ote zen, edo bikotekide ohia nahita jo ote zuen.

Goizaldean jaso zuten abisua larrialdi zerbitzuek, 04:40 aldera: berri eman zieten emakume bat kordea galduta zegoela Donibane Garaziko Kale Nagusian, turismo bulegotik gertu. Herriko suhiltzaileak joan ziren artatzera, baina ezin izan zuten suspertu, eta kalean bertan zendu zen. Poliziak ikerketa hasi zuen berehala, zantzuak baitzituzten ibilgailu batek harrapatuta zendu zela emaztea. Lehen ikerketen arabera, Kale Nagusian oinez zihoan emaztea.

Prokuradoreak azaldu duenez, emaztearen bikotekide ohia bertan zen larrialdi zerbitzuak iritsi zirenean, eta haiei laguntzen aritu zen. Ez zien esan, ordea, berak harrapatu zuenik emaztea. Ibilgailua handik urrundu zuen gizonak, eta ehun bat metrora utzi zuen, aparkaleku batean. Poliziak eremua itxi zuen, ikerketa martxan jartzeko, eta gizonak aitortu zuen berak harrapatu zuela emakumea. Hain justu, kolpearen zantzuak ditu ibilgailuak. 08:00 aldera atxilotu zuten bikotekide ohia, emaztea hil eta hiru ordura.

Vuelta Simonek azaldu duenez, gizonari ezin izan zioten galdeketa zehatzik egin atzo, alkoholaren eraginpean zegoelako. Bitartean, ibilgailua aztertzen ari da Polizia, eta informazioa biltzen; besteak beste, aztertzen ari direla gizonaren aurkako salaketarik ezarri ote zuen emazteak. Prokuradoreak dio «goizegi» dela kasua indarkeria matxistarekin zuzenean lotzeko. Atzo arratsean elkarretaratzea egin zuten Donibane Garazin, hilketa gaitzesteko. Azaldu zuten hiru haur zituela andreak.

Bi hilketa joan den astean

Indarkeria matxistarekin lotutako kasua dela baieztatzekotan, aurten Euskal Herrian hildako hirugarren emakumea litzateke Donibane Garazikoa. Joan den astean hil zituzten beste biak, Gasteizen: Florentina Jimenez eta Maria Jose Bejarano ama-alabak, 69 eta 43 urtekoak. Alabaren bikotekide ohiak hil zituen, alabaren etxean. Ondoren, han itxi zen gizona, su eman zion etxeari, eta leihotik salto egin zuen. Ordurako bertan zeuden larrialdi zerbitzuak, eta suhiltzaileek jarritako koltxoneta batera jausi zen gizona. Atxilotuta eraman zuten. Astelehenean eraman zuten epailearen aurrera, eta kartzelatzeko agindu zuen hark. Gizonak eta hildako emakumeak 9 eta 11 urteko bi ume zeuzkaten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna