Koronabirusa

Prestazioetarako baldintzak malgutzea proposatu du EH Bilduk

jokin sagarzazu
2020ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak ez du zertan Madrilen zain geratu behar babes sistema publikotik kanpo geratzen diren langileak laguntzeko. Hala uste du EH Bilduk, eta eskura dituen tresnak erabiltzeko eskatu dio. Koalizio subiranistak hiru egitasmo aurkeztuko ditu bihar Eusko Legebiltzarrean. Besteak beste, lanean ez daudenen prestazioak osatzeko, bai eta enpresa txiki eta autonomoen gastuak ezabatzeko eta galerak konpentsatzeko ere.

Maddalen Iriarte bozeramaileak gogoratu duenez, langabezian geratu diren edota aldi baterako enplegu erregulazioan dauden «milaka langile» babes sistema publikotik kanpo daude, DSBE diru sarrerak bermatzeko errentatik kanpo, hori jaso ahal izateko baldintzak «oso zorrotzak» direlako, eta horiek «malgutzeko» eskatu du: zehazki, Jaurlaritzak 400 euro gehiago emateko, bere babes sistemaren bidez, aldi baterako enplegu erregulazioan dauden langileen artean, seme edo alaba bakarra daukaten bikoteei —egun, 985 euro bermatzen zaizkie—.

Horrez gain, EH Bilduk enpresa txiki eta autonomoentzat ere hainbat proposamen egingo ditu: besteak beste, zerga moratoria bat eskatuko du, eta, horrekin batera, gastu finkoak ezabatzeko larrialdiak iraun bitartean —ura, elektrizitatea…—eta konpentsazio funts bat sortzeko.

Osasun sistemari buruzko neurriak ere aurkeztuko ditu. Iriartek berretsi du funtsezkoa dela test masiboak egitea gaitzaren hedapena gelditzeko; halaber, Osakidetzako langile guztiei babes materiala bermatzeko eskatuko du, EAEko Justizia Auzitegiak agindu bezala; eta «planifikazio oso bat» egiteko, alarma egoeraren ostekoa prestatzearren, «egoera posible guztiak aurreikusita». Zahar etxeei dagokienez, eta aurreko neurriez gain, EH Bilduk proposatuko du lantaldeak indartzeko, eta, bete beharreko baldintzak betetzen ez dituzten egoitza pribatuen kasuan, horien kontrola administrazioak hartzeko.

PP: «Ekonomia ala euskara»

PPk, berriz, Eusko Jaurlaritzari eta bereziki EAJri eskatu dio Espainiako Gobernuaren politiketatik «urruntzeko» eta ekonomia suspertzeko «plan propioa» egiteko. EAEko PPko presidente Amaia Fernandezek nabarmendu du Jaurlaritzak baduela tresna bat, Kontzertu Ekonomikoa, balio dezakeena «enplegua eta ekonomia suspertzeko, erakunde maila guztiak inplikatzeko, eta, sektore bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuz, zer inbertsio eta zer gasturi egin erabakitzeko». «Herritarren behar eta eskaeren aurretik joan behar dute euskal erakundeek, eta ez alde batera egin eta PSOE eta Podemosen esku utzi ardura hori».

Bi alderdi horiekin «hausteko» eskatu arren, jeltzaleentzako kritikak ere izan ditu Fernandezek. Leporatu die «osasun krisi baten erdian» 400.000 euroko diru sail bat onartzea Ipar Euskal Euskal Herrian euskara sustatzeko, eta datorren igandean Aberri Eguna ospatzera deitzea. «Kontraesana da Euskadiren susperraldi ekonomikoaren alde egitea eta, aldi berean, identitate diskurtsoak sustatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.