HIZPIDEAK

Oraindik ere auzipetuta

Luhusoko polizia operazioa, 2016ko abenduaren 17an.
Luhusoko polizia operazioa, 2016ko abenduaren 17an. BOB EDME

Martxelo Otamendi Egiguren -

2018ko abuztuak 31
Luhusokoak oraindik ere auzipetuta daudela gogoratu digu atzo jakin genuen albisteak: Frantziako epaile batek badaezpadako neurriak kendu dizkie Luhusoko armagabetze partziala antolatu eta bultzatu zutenei. Gure herriaren normalizazioaz hitz egiten dugunean, saiatu beharko dugu gauza batzuk herri normalek egiten dituzten bezala egiten. Alegia, bakea ekartzeko ahalegina egin dutenei aitortu egin duten lana, saritu edo saritu gabe, baina ezagutza publikoa eskaini eduki zuten ausardiagatik eta praktikatu zuten irudimenagatik.

Horren ordez, justiziaren pisua buru gainean eramatera behartu ditu Frantziako justiziak Jean Noel Etxeberri, Beatriz Molle-Haran, Mixel Berhokoirigoin eta Stephane Etxegarai.

Euskal Herri osoko egoera politikoa ez zatekeen oraingoa izango Luhusoko bakegileek bakearen aldeko konpromiso sendo hura hartu ez balute; ezta Frantziakoa eta Espainiakoa ere. Frantziari arazo larri bat konpondu zioten, armategiak Parisko Gobernuaren ardurapeko eremuan zeudelako, eta Espainiari nola konpondu ez zekien arazo baten irtenbidea eman ziolako.

Bistan da, Luhusokoen lanak ez zuen emaitzarik emango aurretik ETAk erabaki ez balu borroka armatuaren zikloa ixtea. Behin erabaki hori hartuta, eta bi gobernuen hasierako jarrera oztopatzailea ikusita, bizkor jokatu zuten Luhusokoek eta haien kideek: Frantziako Gobernuari, laket edo ez, derrigorrean onartu behar izan zuen metodoa jarri zioten mahai gainean.

Parisek ezin zion uko egin, delitua egin nahi ez bazuen, armak biltzeari. Harrapatuta zeuden justizia eta Polizia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna