Herri inplikazioa giltzarritzat jo dute ikasleak euskalduntzeko

Sortzen-ek gida bat osatu du, Donostian eta Diman egindako proba bana erabilita. Beste ikastetxeentzako eredua sortzeko asmoa du

Ibai Maruri Bilbao.
2017ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Sortzen elkarteak eredu bat eskaini du euskara eskoletako irakaskuntza hizkuntza bakarrik ez baizik bizi hizkuntza ere izan dadin zelan lortu jakiteko. Kontseiluak duela hamar urte egindako ikasle euskaldun eleaniztunen proposamenetik abiatuta, Eskol Herrian Euskaraz izeneko gida sortu dute. Donostiako Egia auzoko Aitor ikastolan eta Dimako (Bizkaia) Ugarana herri eskolan egin dute proba, eta bietan ikasitakotik atondu dute gida. Atzo aurkeztu zuten, Dimako eskolan. Herritarren inplikazioa gakotzat jo dute.

Sortzen-eko kide Olatz Egigurenek gogora ekarri du Kontseiluak proposamenean ohartarazi zuela D ereduak ez duela balio ikasleak erabat euskalduntzeko. «Proposamen hura teorikoa zen. Eta Sortzen-ek erabaki zuen behetik gorako prozesu bat martxan jartzea, proposamen teorikoaren gako garrantzitsu batzuk praktikara eramanda». Horrela aukeratu zituzten testuinguru soziolinguistiko ezberdina duten bi ikastetxe. Eta proba horrek bi helburu izango zituen: bi ikastetxeok euren hizkuntza proiektua berrituko zuten, eta, prozesua bukatutakoan, Sortzen-ek bi adibide horietatik abiatuta beste ikastetxeentzat gida bat osatuko zuten. Dimak egin du bere hizkuntza proiektu berria; Egiak ikasturte honetan egingo du; eta Sortzen-ek bere gida argitara atera du.

Euskal Herrian Euskaraz leloa hartu, eta Eskol Herrian Euskaraz bihurtu dute. «Eskolak bere lana ondoen eginda ere, ezin du bermatu gaztetxo horiek euskaraz bizi ahal izango dutenik. Beraz, eskola egiten ari den ahalegina ezerezean geratuko da gizarteak dagozkion konpromisoak hartzen ez baditu. Eta hori da gure proposamenak besteekiko duen bereizgarri nagusia: ikastetxe biek bizi diren komunitatearekin elkarlanean sortu dute proiektua». Sareak antolatu behar direla zehaztu du Egigurenek. Eta adierazi du eragile bakoitzak bere esparrutik egin behar duela ekarpena. «Ezinbestekoa da guztion konpromisoa».

Teoriatik praktikara

Hiru atal ditu gidak. Hasieran, marko teorikoa zehaztu dute. Bigarrenean, Egiako eta Dimako adibideak azaldu dituzte; bakoitzean zer eta nola egin duten. Eta, hirugarrenean, hasierako marko teorikoan azaldutako gakoak praktikara zelan eraman jakiteko eredu orokor bat finkatu dute, faseetan banatuta: lehenik, sentsibilizazioarena; segidan, diagnosi eta gogoeta fase bat; eta, bukaeran, plangintza estrategikoaren fasea dago, tokian tokiko helburuak lortzeko bidea zehazteko. «Gida orokorra da, baina ikastetxe bakoitzak bere ingurune soziolinguistikora eraman behar du. Diman eta Egian lehen faseak elkarrekin egin zituzten, baina helburuak zehazterakoan ohartu ziren horiek lortzeko bide ezberdinak hartu behar zituztela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.