Audientzia handienarekin, arnasa hartzeko bideen bila

Inoiz baino audientzia handiagoarekin itxi zuen urtea iaz BERRIAk, baina diru galera izan zuen. Hekimen elkarteak gogoeta hasi du instituzioekin

BERRIA Taldeko akziodunen batzarra egin zuten atzo goizean, Andoainen. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Andoain
2017ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Inoiz baino audientzia handiagoa, baina alde ekonomikoan ezintasun handiak. Iazko jarduna aztertzeko bilera egin zuten atzo BERRIA Taldeko akziodunek, Andoainen (Gipuzkoa). Iazkoa galera txiki batekin itxi zuen taldeak, eta aurtengo aurreikuspenetan ere galera ageri da. Bide bila hasi dira horri buelta bateko: batetik, erakundeei dagokienez, gogoeta prozesu bat hasi du Hekimen hedabide elkarteak Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Diputazioarekin. Bestetik, BERRIAn bertan ere gogoetan hasi dira, etorkizunerako ildoak zein diren erabakitzeko.

Azken urteetako joerak errepikatu egin ziren 2016an ere. Batetik, audientziei dagokienez, inoiz baino irakurle gehiago ditu BERRIAk, sarea eta papera kontuan hartuta. Paperekoan, irakurle kopuruari eusten ari da kazeta: CIES etxearen ikerketen arabera, adibidez, 63.000 irakurle ditu. Interneten, berriz, goraldi betean dago BERRIA: 2015etik 2016rako aldeari erreparatuta, webguneko bisitak %16 igo dira, eta erabiltzaile bakarrak, %10; 6,4 milioi bisita izan zituen iaz. Sare sozialetan ere nabarmena da gorakada: Twitterren, %29 jarraitzaile gehiago ditu, eta Facebooken, %24 gehiago. Aurten ere igotzen segitzen du.

Gero eta audientzia handiagoa, hortaz. Bestetik, ordea, alde ekonomikoari begiratuta, goraldirik ez da nabari: jaitsiera dago. Egunkari salmentari dagokionez, etenik ez du izan beheraldiak; hala ere, aurrekoetan bezala, jaitsiera leunagoa du BERRIAk, harpidedun sareari esker. Publizitatean ere beherakada izan zen iaz. Orain bi urte gora egin zuen publizitateak, aspaldiko partez, baina iaz jaitsiera agertu zen berriro ere. Iban Arregi kontseilari ordezkariak esplikatu duenez, batez ere bi aldetatik iritsi da beherakada: batetik, «marka handi batzuek» iragarki gutxiago jarri dituzte; bestetik, erakundeenak ere behera egin du.

Diru galera txiki batekin amaitu zuen iazko urtea taldeak. Gastua txikitzearen eraginez ez zen galera handiagoa izan. Hain justu, Beatriz Zabalondo taldeko lehendakariak gogoan hartu zituen beharginen lan baldintzak: hobetzeko «bideak zabaltzea» jarri du aurrera begirako erronka gisara.

Aurtengo egitasmoak

Diru galera horretan zerikusi zuzena izan du Eusko Jaurlaritzak euskarazko hedabideen diru laguntzetan egindako aldaketak; BERRIAk 17.000 euro gutxiago jaso zituen iaz, eta aurten eta datorren urtean are handiagoa izango da murrizketa. BERRIAk iaz izandako galeraren neurrikoa da, hain justu ere, Jaurlaritzaren murrizketa.

Aurtengo egitasmoan leku nabarmena du diru laguntzen gaiak. Ituntze prozesu bati buruz gogoeta hasi dute hiru eragilek: Hekimen hedabide elkarteak, Gipuzkoako Aldundiak eta Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailak. Egonkortasuna lortzea eta irizpide batzuk ezartzea dute helburu.

Diru sarrerei dagokienez, gero eta pisu handiagoa dute BERRIAlagunek ere. Iaz, urte amaieran, 5.925 BERRIAlagun ziren, aurreko urtean baino %4 gehiago. Komunitatea indartzea ere nabarmendu dute aurtengo asmoetan.

Beste bi jomuga ere badira aurten BERRIA Taldean. Batetik, gogoeta prozesu bat martxan da etorkizuneko ildoak zehazteko; prozesu parte hartzaile bat egin nahi dute BERRIAren geroa aztertzeko. Bestetik, BERRIAren aldeko dinamika bat prestatzen ari dira, datorren urtean hamabosgarren urteurrena izango baitu kazetak.

Zabalondo presidenteak nabarmendu du euskarari «ekarpen» handia egiten diola BERRIAk. Horren aurrean, «bultzada politikoa» eskatu du. «Estrategikoki pentsatu behar dira euskal hedabideak eta agora digitalean izango duten eginkizuna». Hortaz, «ausardia» galdegin die erakundeei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.