PJD alderdi islamistak irabazi ditu Marokoko hauteskundeak bigarrenez

Islamistek gobernua osatzeko beste alderdi baten babesa beharko dute. Ordezkarien Ganberako 395 eserlekuetatik 125 eskuratu dituzte

Naiara Elola -

2016ko urriak 9
Duela lau urte Marokon egin ziren hauteskundeetan erdietsitako emaitzak hobetu ditu PJD Justizia eta Garapenaren Alderdi islamistak. 2011ko erreformen ostean egindako hauteskundeetan baino hemezortzi ordezkari gehiago izango ditu Ordezkarien Ganberan (kongresua), 125 hain zuzen ere. Marokoko sistema politikoak oso zail bihurtzen du alderdi batek gehiengo osoa eskuratzea, eta PJDk, aurrekoan bezala, beste alderdi batzuekin negoziatu beharko du.

Bigarren indarra PJD alderdiaren arerio politikoa den PAM Benetakotasunaren eta Modernitatearen Alderdia izan da, Mohammed VI.a erregearen alderditzat jotzen dutena. Ordezkarien Ganberan 81 eserleku izango ditu datorren legealdian. Hauteskunde kanpainan gobernuan izan den alderdiaren kontra gogor egin duten arren, ez dute boterera itzultzeko helburua bete. Hirugarren indarra bestalde, Istiqlal alderdi historikoa izan da, eta 46 ordezkari izango ditu ganberan. 2012. urteko hauteskundeetan eskuratu zituen 60 ordezkarietatik oso urrun gelditu da oraingoan. Hauteskundeetako parte hartzea oso apala izan da. Botoa emateko izena eman duten 15,7 milioi lagunen %43k hartu du parte; aurreko hauteskundeetan baino ehuneko bi gutxiago.

Datozen egunetan hasiko da lehen ministroa aukeratzeko prozesua. 2011ko protesten ostean egindako erreformez geroztik, erregeak ez du zuzenean aukeratzen: boto gehien eskuratzen duen alderdiak du zeregin hori, nahiz eta erregeak hainbat ministerio dauzkan. PJDri zailtasun ugari ekarri izan dizkio horrek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna