Juan Luis Zabalak irabazi du Kutxa Irun Hiria eleberri saria

'Txistu eta biok' lanagatik saritu dute.Asier Serranok irabazi du 41. lehiaketako poesia arloko saria, 'Ate osteko itzalak' bildumarekin

Juan Luis Zabala eta Txistu txakurra, Donostiako Txominenean. BERRIA.
mikel lizarralde
Donostia
2015eko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Juan Luis Zabala idazle eta BERRIA-ko kazetariak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1963) irabazi du eleberri alorreko Kutxa Irun Hiria saria, Txistu eta biok lanarekin. Hamabi eleberri aurkeztu dira sariketara, eta Paulo Iztuetak, Felipe Juaristik, Joxe Mari Iriondok, Arantxa Urretabizkaiak eta Jon Kortazarrek osatu dute Zabalaren lana saritu duen epaimahaia. 25.000 euro eta garaikurra jasoko ditu idazleak.

«Ez dakit autofikzioa den, nire izena ez delako agertzen nobelan, baina protagonista nire alter-ego-a da, disimulurik gabe», adierazi du sariaren berri jaso ostean Zabalak. Idazlea bezala, nobelako protagonista kazetaria da, lehen Egunkaria-n eta orain BERRIA-n ari dena lanean Kultura sailean. Hala ere, kulturarekin etsita, kirolzale eta batik bat Realaren zale amorratu bilakatu da, eta, lanerako bidean, Jose Saramagoren heriotzaren berri izango du Radio Marcaren bidez. «Egokituko zaio Saramagoz idaztea, eta konturatuko da kulturaren ikuspegia asko aldatu zaiola».

Horrekin batera, etxetik gertu txakurrarekin paseatzen ari den egun batean, protagonista eta kontalariak hilotz bat aurkituko du. Horrek «zirriborratutako» trama poliziako bat erantsiko dio kontakizunari. «Niri gustatuko litzaidake trama poliziako sendo bat egitea, baina ez zait ateratzen. Edo ez naiz jartzen horretara. Eta ia-ia, parodia bat izatera iristen da». Istorioak badu umore puntua ere, Zabalak dioenez. «Eleberria ez da barre egitekoa, baina umorea badu, umore leuna; kultur erreferentzietan eta keinuetan oinarritutakoa».

Poesia arloan Asier Serranoren (Eibar, Gipuzkoa, 1975) Ate osteko itzalak lana saritu du Iñaki Aldekoak, Lourdes Otaegik eta Patri Urkizuk osatutako epaimahaiak. 25 lan aurkeztu dira sariketara, eta irabazleak 15.000 euro eta garaikurra jasoko ditu.

Gaztelaniazko eleberri alorrean Ana Muela Pareja espainiarraren El falso cuerno del rinoceronte saritu dute —254 nobela aurkeztu dira—, eta gaztelaniazko olerki atalean, berriz, Ramon Crespo espainiarraren Las hojas enfermas. Parejak 25.000 euroko saria jasoko du, eta Crespok, 15.000koa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.