Podemos haurdunaldi subrogatuaren aurka agertu da

Espainiako legedia dagoenean geratzeko eskatuko du, eta urtebeteren buruan hala jaiotako umeak erregistratzeari uztea nahi du

Haurdunaldi subrogatuaren aurkako protesta bat, iaz, Madrilen. FERNANDO ALVARADO / EFE.
Ibai Maruri Bilbao.
2018ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Hainbat hilabeteko eztabaida prozesua bukatuta, Podemosek erabakia hartu du: Hego Euskal Herrian, Espainian, Galizian eta Herrialde Katalanetan haurdunaldi subrogatua baimenduko lukeen legedi aldaketaren aurka dago. «Uste dugu gure estatuko eta mundu osoko emakumeen eskubideak urratuko lituzkeela», ohartarazi du Eukene Aranak, EAEko Ahal Dugu-ko Feminismo, Berdintasun eta LGTBI Idazkaritzako buruak. «Emakumeen ugaltzeko gaitasuna merkatuaren legeen menpe jarriz gero, esplotaziorako arrisku larria egongo litzateke».

Gainera, salatu du gaur egun haurdunaldi subrogatua baimenduta dagoen herrialdeetan jaiotako umeak erregistratzen ari dela Espainia, «beste alde batera begiratuta». Urtebeteren buruan horrela jokatzeari uzteko eskatuko dute. Hartara, une honetan martxan dauden haurdunaldiei ez lieke eragingo.

Aranak aitortu du alderdiaren barruan jarrera ezberdinak egon direla, baina azkenean «adostasunez» hartu dutela erabakia. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kide gehienak haurdunaldi subrogatua ez baimentzearen aldekoak izan dira, baina gainontzeko erkidegoetako ordezkariekin batera adostu behar izan dute estatu mailako jarrera bateratua. Euskal Herriko mugimendu feministako kideak gonbidatu dituzte eztabaida prozesua gidatzera. Gogoeta saioetan gizonek ere parte hartu duten arren, azken erabakia andreek hartu dute. «Prozesua oso aberatsa izan da. Jarrera bat zutenak beste aldeko argudioak bilatzen jarri ditugu, eta batzuek iritziz ere aldatu dute».

Aranaren esanetan, eztabaida kanpotik sortutakoa izan da. «Ez dut uste gizartean zabalduta dagoen gai bat denik. Ciudadanosek egindako lege proposamenak eta pertsona famatu batzuk metodo honen bitartez guraso izan direla jakiteak sortu du eztabaida, eta gu ere, alderdi modura, jarrera bat hartzera eraman gaitu».

Aldaketak adopzioetan

Ohartarazi du emakumeen premia ekonomikoekin lotuta dagoela halako haurdunaldi bat izateko erabakia. Hau da, pobrezia egoeran dauden andreek onartzen dutela euren sabela alokatzea, diru truke. Euskal Herriko, Espainiako, Galiziako eta Herrialde Katalanetako egoera sozioekonomikoari erreparatu dio: «Berdintasun falta eta pobrezia handia dago, eta halako haurdunaldiak baimentzeak berekin ekarriko luke emakumeak gehiago zapalduko lituzkeen beste praktika bat onartzea».

Ciudadanosek egindako proposamena eredu altruistan oinarritu da: haurdunak konpentsazio ekonomiko bat jasoko luke, baina egoera ekonomiko «egonkorra» egiaztatu ostean. Aranaren ustetan, horrek ere ez lituzke bermatuko emakumeen eskubideak, «boterean oinarritutako harremana» izango litzakeelako. Dena den, Espainiako Kongresuan gainontzeko alderdiek duten jarrera ikusita, ez du uste arauak aurrera egingo duenik.

Aranak zehaztu du guraso izateko nahia desio bat dela, baina ez eskubide bat. «Desio horrek ezin ditu urratu beste batzuen eskubideak; ezin ditu salgai bihurtu emakumeen gorputzak».

Bide batez, adopzio politikak aldatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari: «Familia eredu ezberdinak daudela hartu behar du kontuan, eta adopziorako dituen atzerriko itunek jartzen dituzten oztopoak berrikusi». Adibidez, Espainiarekin ituna duten herrialde askok ez dute baimentzen euren umeak sexu bereko bikoteek edo bikotekiderik gabeko pertsonek adoptatzea. Adopziorako jartzen diren baldintzak berrikusteko ere eskatu du, batzuk ez direlako «bidezkoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.