Realak ez du nahi gurutzaontzia geratzerik

Jon Ander De la Hoz.
2020ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Sasoi hasieratik norabide egokian jarrita, Realak bizi jokatuz agurtu zuen 2019. urtea. Hain erraz egiten zituen gauzak abenduan, ezen bazirudien aurreko hilabeteek ez ziotela nekerik gehitu taldeari. Gurutzaontzi baten gisara amaitu zuen joan zen urtea, eta tankera beretsuan abiatu nahi du 2020a. Lehen itzuliko azken neurketa jokatuz hasiko du, gaur, Anoetan, Vila-realen aurka. Horiak hamargarren dira sailkapenean, eta, estualdi bat gainditu ostean, Espainiako ligan jokatutako azken bi neurketak irabazita iritsiko dira Donostiara.

Goian ibiltzeko moduko taldea du Vila-realek. Gauzak ez zaizkio nahi bezain ondo joan lehen itzulian, baina badu gora egiteko esperantza. Arerio zaila dela uste du Imanol Alguacil Realeko entrenatzaileak: «Bi talde erasokor ariko dira lehian. Partida estua izango da, baina, aldi berean, ikusteko polita».

Prestatzaile oriotarra lehen aldiz eseriko da Anoetako aulkian herenegun kontratua luzatu zuenetik. Hain justu, bihar beteko da urtebete Realaren prestatzaile kargura itzuli zenetik, eta, gauzak horrela, agerikoa da esne mamitan dagoela. Baita bere jokalariak ere, eta Imanolek adierazi du «ondo» itzuli direla oporretatik:«Gustura, eta pisuz ondo iritsi dira; zainduta eta gogotsu. Egia da Aritz Elustondok, Asier Illaramendik eta David Zurutuzak ez dituztela lesioak gainditu, baina gainontzekoak ondo daude». Hori kontuan, Imanolek azken asteetako talderik onentsuena zelairatu ahalko du.

Aurrekari eskasak

Oro har, Reala makal aritu da Vila-real etxean jaso izan duenetan. Donostiarrek hamasei aldiz jokatu dute Anoetan haien aurka, eta galdu egin dute aldien erdietan. Zortzi porrot horiei bost berdinketa gehitu behar zaizkie, eta txuri-urdinek hiru aldiz besterik ez dute lortu horiak mendean hartzea.

Sasoi honetan, Javier Callejaren taldea ez dabil eroso etxetik kanpo. Halere, Imanolek ez dio aterik zabaldu nahi patxadari: «Etxetik urrun hiru partida soilik irabazi dituzte, eta badirudi kostatzen ari zaiela, baina garaipen haietako bat azken partidan izan zen, eta non eta Sevillaren zelai zailean. Saiatuko gara orduko hari segidarik ez ematen».

Europako postuei eutsi eta aurrekoengana gerturatzeko xedea du gaur Realak. Horretarako, ezinbestekoa da Vila-real mendean hartzea, eta, hartarako, erasoko jokoari eutsi nahi dio Imanolek: «Gol gehien jaso dituzten taldeetan zazpigarrenak gara, baina gol gehien sartu dituztenetan hirugarrenak. Balantze positiboa da».

REALA-VILA-REAL
Reala. Remiro; Zaldua, Llorente, Le Normand, Monreal; Zubeldia, Merino, Odegaard; Oiartzabal, Portu, eta Isak.
Vila-real. Asenjo; Mario, Albiol, Torres, Quintilla; Iborra, Anguissa, Trigueros; Chukweze, Moi Gomez, eta Gerard.
Epailea. Sanchez Martinez.
Lekua. Anoeta (39.500 ikusle).
Ordua. 14:00etan (Gol).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.