Artsakh Errepublikaren historia

2020ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Armeniarren ustez, 1990eko hamarkadan munduak ez zion inolako kasurik egin Nagorno Karabakhi, egun, Artsakh Errepublikari. Jugoslaviako gerrek protagonismo handiagoa zuten, nonbait. Hala ere, sasoi hartan izan ziren armeniarren eta azeriarren arteko borrokak (1991-1994), Tajikistaneko gerra zibila (1992-97), Moldavian Transnistriaren sezesioa (1992), eta Txetxeniako lehenengo gerrak (1994).

Armeniarren (kristauak) eta azeriarren (musulmanak) arteko harremanak inoiz ez dira oso onak izan, eta 1918an Armeniak eta Azerbaijanek burujabetza lortzeak, eta Artsakh Errepublika biek nahi izateak, areagotu baino ez zuen egin euren artekoa. Stalinek 1921eanerabaki zuen populazioaren gehiengoa armeniarra duen Nagorno Karabakh eskualdea Azerbaijanekoa izatea. 1988an, armeniar karabakhtarrek batasunaren aldeko mugimendua sortu zuten Armeniako hiriburuan, Erevanen. Moskuren eta Azerbaijaneko gobernuaren ezezkoak sekulako gorabeherak ekarri zituen; tartean, hildakoak eta kanporaketak: azeriarrak, Armeniatik eta Nagorno Karabakhetik, eta armeniarrak, Azerbaijanetik.

1991n, Mikhail Gorbatxoven aurkako kolpe ahaleginean, biolentziak bere garroak zabaldu zituen, eta Moskuko ejertzitoaren presentziak indarra galdu zuen Nagorno Karabakhen. Izan ere, Errusiak arazo potoloagoak zituen leku askotan garai hartan. Horren aurrean, armeniar karabakhtarrek independentzia aldarrikatu zuten erreferendumaren ostean. Horrek gerra, eta Azerbaijanek Nagorno Karabakh eta bere inguruko lurrak galtzea ekarri zituen. Harrezkeroztik, Artsakh Errepublika independentea da Armeniaren babespean, nahiz eta inork onartu ez.

Hala ere, Europan badaude beste herrialde batzuk egoera bertsuan: Osetia Hegoaldea, Abkhasia eta Transnistria. Bakoitzak burujabetasun politikoa eta ekonomikoa du, baina guztiek dute haien lurrak erreklamatzen dituen beste herrialderen bat: Azerbaijanek Nagorno, Georgiak Osetia eta Abkhasia, eta Moldaviak Transnistria.

Lau eguneko gerra

2016ko apirilaren 2an, Azerbaijaneko armadak 1994an lortutako bake ituna bertan behera urratu, eta hegazkinak eta tankeak erabili zituen Artsakh Errepublikaren aurka. Azerbaijanek ez zuen argitu hildakoen kopurua, baina ejertzito armeniarraren arabera, eurek 25 soldadu galdu zituzten. Apirilaren 10ean, negoziazioak izan eta gero, Azerbaijanek hildako 18 soldadu armeniarren gorpuak entregatu zituen, batzuk torturatuak eta beste batzuk burua moztuta. Itxura denez, Azerbaijanek oraingo gudan aurrekoan baino hobeto armatuta dagoela erakutsi zuen, eta 800 hektarea lur Artsakh Errepublikari kentzea lortu zuen. Inoiz ez da giro izan bi nazioen artean, baina orain dela lau urteko gerra horrek lozorroan egondako gorrotoa esnatu egin du berriro, eta askori gogorarazi die zauriak sendatu gabe daudela. Egun, gerran dago, nahiz eta komunikabideetan bonben oihartzuna gero eta gutxiago entzun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.