KRITIKA. Zirkua

Desolazioaren ederra

Agus Perez.
2018ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun

'Opus'

Konpainia: Circa Contemporary Circus. Zuzendaritza: Yaron Lifschitz. Musika: Dmitri Shostakovitx. Musikariak: Quatuor Debussy. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Maiatzak 20.

Oso modu aratzean eta aldi berean lehorrean hasi da Opus izeneko emanaldia, Debussy laukoteko hiru biolinistek eta txelo-joleak Xostakovitxen kuarteto bat zutik eta lerroan jarrita interpretatzen zuten bitartean. Zinta bertikaletik eskegitako neskaren eboluzioekin hasi da guztia, eta haren krema koloreko prakak izan dira emanaldi osoko nota kromatiko bakarra.

Emanaldian zehar musikariek errusiar konpositorearen hiru kuarteto jo dituzte. Lehen piezan beltzak izan dira prakak eta soinekoak, eta zuriak gizonen alkandorak. Bigarrenean gris-urdinxka koloreko txabusinak jantzi dituzte emakumeek, presondegi edo kontzentrazio-esparru bateko uniformeak subliminalki gogoraraziz, eta hirugarrenean bainu-jantzi beltzekin agertu dira akrobata guztiak. Argiak ere ez dira urrundu zuriaren gamatik, eta zenbait momentutan giro espektral eta hotza ere sortu dute.

Ikusten denez, nahiko panorama desolatua ekarri digu Australiako Circa Contemporary Circus konpainiak, eta pena da, Yaron Lifschitzen gainontzeko sorkuntzak ez direlako oraingo hau bezain ilun eta goibelak. Baina Opus honetan ezinbestean zen goibela giroa, zeren eta heriotza, beldurra eta kezka pertsonalak baitira Xostakovitxen kuartetoen ideia nagusiak. Ordea, inork ez die edertasuna eta gaurkotasuna ukatuko, eta balio horien gainean eraiki da teknikoki zein estetikoki zur eta lur utzi gaituen ikuskizun paregabe hau.

Hari-laukoteak etengabe eta maisuki jotzen zuen bitartean, agerraldi eta jauzi deskribaezinak burutu dituzte konpainiako 11 artistek —jatorrizko bertsioan hamalau dira—. Ekitaldi gehienak taldekako akrobazia eremutik abiatu dira, muturreko indar fisikoan oinarrituta, eta zuzendariak beste diziplina batzuk —trapezioa, uztaiak, soka bertikalak, bihurrikatzeak...— txertatu ditu haien artean. Hala ere, zirku-ikuskizun batean baino gehiago dantza-emanaldi batean egotearen sentsazioa izan dut gehienetan, agian musikaren eraginez, baina seguruenik oso koreografikoa izan delako mugimenduaren diseinua, gorputzen fisikotasun itzelean bermatuta eta haien jardunari esangura existentzial nabarmena emanda. Alde horretatik, Pina Bauschen estiloa etorri zaigu gogora behin baino gehiagotan.

Esandako efektu hori argiagoa egin zaigu lau musikariei begiak bendatu dizkietenean eta haiek berdin jotzen jarraitu dutenean—aipatzekoa da ez dutela une batez ere partiturarik erabili—, eta bitartean, akrobata-dantzariek beren arrisku handiko jauzi eta giza-dorre sinestezinekin jarraitzen zuten. Amaiera aldera kendu dizkiete bendak musikariei, eta areagotu egin da gorputzekin eraikitako irudi dinamikoen lirismoa. Ikusleen eskariz, lau aldiz irten behar izan dira agurtzera, eta agerikoa zen publikoaren erantzun beroak artista askorengan sortutako emozioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.