Donostiako 66. Zinemaldia. Kritika. Perlak

Pauso txiki bat

Ryan Gosling da filmeko protagonista. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Uxue Arzelus Lasa.
2018ko irailaren 25a
00:00
Entzun

'First Man'



Zuzendaria: Damien Chazelle. Herrialdea: AEB.Iraupena: 141 minutu.

Neil Armstrongen ibilbidea erakusten du Damien Chazellek bere azken filmean; nola iritsi zen ilargia zapaltzen zuen lehen pertsona izatera. Baina, horrez gain, ikusleak Armstrongen bizitza pertsonala ezagutzeko aukera edukiko du: bere alaba txikiaren galerak harengan izan zuen eragina, eta berrien zain geratzen zen emazteak zuen indarra, besteak beste.

First Man Chazelleren aurreko filmetatik aldentzen da. Beharbada gidoia berak idatzi ez izanak badu zer ikusirik. Edonola ere, filmak alferkeria pixka bat ematen zidan; aitortu beharra daukat, ordea, eserlekutik mugitu ezinik utzi nauela. Oso ondo landutako erritmoak eta Armstrongen alderdi pertsonalaren eta profesionalaren arteko oreka egoki batek erraz ikusten den filme bat bilakatzen dute Chazellena, baita espazioari buruzko filmek apur bat nazkatuta daukaten norbaitentzat ere.

Film oso baterako gaia dira astronauten familien tramak, etaistorio honetan presentzia handia dute. Askotan ikusten ez den arren, trama horiek benetako pisua dute, emazteek ia interes gehiago baitute protagonistak diren gizonek baino; Claire Foyren antzezpen bikainak asko laguntzen du horretan. Esan bezala, emakume horiek film baterako gai zirraragarria dira, eta filmean testuinguru soil bat baino gehiago izateak asko aberasten du kontakizuna.

Azkenik, aipatu beharra daukat AEBetako harrotasun patriotiko horren presentziaren beldur nintzela, eta, tamalez, baduela kutsu hori. Ez da Hollywoodeko beste hainbat filmetan bezain agerikoa, baina nahikoa da hasperen bat edo beste eragiteko. Edonola ere, Chazellek film egokia egin du, erraz ikusten dena, baina haren aurreko filmen ausardia falta zaiona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.