Gerardo Bujanda

Sasetako azken kidea

EAJ.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Oraintxe bi aste egin zioten jendaurreko omenaldi bat Gerardo Bujandari (Donostia, 1919), Donostian, Antigua auzoan, abuztuaren 25ean. 100 urte bete zituen egun hartan, eta senideek eta EAJko kideek lagunduta ospatu zuen, ekitaldi batean; dozenaka lagun bildu zitzaizkion. Urteen arrastoa nabaria zuen, baina hitza hartu zuen saioan, eskerrak emateko: «Zuen animoa, maitasuna eta bihotzak beti izango dira neureak. Baita zeruan ere». Herenegun hil zen Bujanda, Saseta batailoiko azken gudaria.

Oso gazterik harrapatu zuen 36ko gerrak. Euzko Gaztediko kidea zen Bujanda guda hasi zenean, eta Euzko Gudarostearen Saseta batailoian eman zuen izena. 17 urte zeuzkan, eta, besteak beste, Oiartzun inguruan (Gipuzkoa) egon zen gerran. 1937an preso hartu zuten, Santoñako akordioak tarteko zirela; lau urtez eduki zuten espetxean eta bortxazko lanak egiten, eta 1941ean Afrikara erbesteratu zuten, bost urterako.

Euskal Herrira bueltaturik, 1946 aldera, EAJko arduradunetako bat izan zen klandestinitatean. Berriemaile ere aritu zen Radio Euzkadin, Jon de Igeldo izengoitia hartuta. Irratira kronikak bidaltzen zituen, Euskal Herrian zer gertatzen ari zen jakinarazteko. 2004an liburu bat argitaratu zuten Bujandaren kronikak ardatz hartuta: 'Jon de Igeldo', Corresponsal clandestino de Radio Euzkadi ('Jon de Igeldo', Radio Euzkadiko berriemaile klandestinoa). Hau esan zuen liburuaren aurkezpenean: «Egindakoa ez da isilik eduki behar; egindakoak ikasbidea ekar badezake, esan egin behar da».

Francoren diktadura amaitu zenean, Espainiako Gorteetako diputatu izan zen bi aldiz, 1977ko eta 1979ko hauteskundeetan eserlekua lortuta, EAJren ordezkari. Urte haietan, gainera, alderdi barruan ere izan zituen ardurak; GBB Gipuzko Buru Batzarreko zuzendaritzan sartu zen 1979an.

Politikaren esparruan bakarrik ez, kulturgintzaren eta euskalgintzaren arloan ere ekarpena egin zuen Bujandak urte haietan. Besteak beste, Loiolako Herri Irratiaren sortzaileetako bat izan zen 1960ko hamarkadan. Hain justu ere, 2003an Argizaiola saria eman zioten Durangoko Azokan, Herri Irratian egindako lanagatik. Iruñerriko Euskalerria Irratiko zuzendaria da haren seme Mikel.

Ordezkari politiko ugarik zabaldu dute dolumin mezua, haren heriotzaren berri izanda. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak nabarmendu du «konpromisoa eta elkartasuna» agertu zituela. Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren esanetan, «itzal handiko gizona» izan da Bujanda. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak nabarmendu du «herriaren eta demokraziaren alde» asko egin zuela: «Eredu izan da euskaldun askorentzat». Maddalen Iriarte EH Bilduko kideak nabarmendu du «ikuskera ezberdinak» bateratzeko gai zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.