Albistea entzun

«Gu gara Euskal Herrixe Floridan»

Maialen Goirizelaia Altuna - EHUko ikertzailea

2018ko ekainak 1

Posible da lotura kultural eta lokaletatik nazioartean eta herrialdeen artean eragina izango duten harreman transnazionalak sortzea. Gero eta globalizatuagoa den munduan, hainbat eta hainbat kultura, erlijio eta herrialde dira horren adibide. Horien artean daude, besteak beste, juduak, italiarrak, armeniarrak, irlandarrak, greziarrak, indiarrak, txinatarrak, irlandarrak edota, nola ez, gu, euskaldunak.

Munduan zabaldu eta nazioartean ezaguna izan nahi duten herrialde askorentzat, euren diasporen rola oso garrantzitsua bilakatu da. Ezaguna da indiar diaspoaren arrakasta Sillicon Valley-n eta teknologia sektorean, baita horren eragina esparru ekonomikoan zein sozialen ere. Armeniar diasporarentzat, oso garrantzitsua da hezkuntza, eta diasporako kideek milioiak inbertitzen dituzte euren herritarrentzako scholarship-etan eta Harvard, MIT, Yale edo Columbia unibertsitate arrakastatsuetan institutu edo sailak sortzen.

Euskaldunok ere badugu munduan zehar ordezkari edo, azkenaldian izendatu diren moduan, «enbaxadore» nahiko, bai Hego Amerikan, Europako hainbat herrialdetan, Kanadan, Filipinetan, Japonian, Txinan zein Estatu Batuetan.

Ezagunak dira Estatu Batuetako mendebaldean bizi diren euskaldunak, baita bertan bost urtean behin antolatzen den Boiseko Jaialdia eta, eurei esker, egun Euskal Herriaren eta Estatu Batuen artean dauden harremanak ere. Massachusets, New York eta Washingtoneko estatuek ere erakarri dute euskaldun nahiko, hango unibertsitate, banku, eta politika elkarteak direla eta. Horiei esker izan ginen Euskaldunak Smithsonian Folklife Festivaleko protagonistak.

Hala ere, azken asteotan, Estatu Batuetako Florida estatuan bizi diren euskaldunak izan dira protagonista: Visarekin arazoak direla-eta Jai Alaira jokatzera etorri ezin direnak, eta Jai Alairen etorkizun eskasa. Jai Alai, horrela deitzen da zesta-punta ingelesez.

Jai Alaia da munduko kontinente guztietan euskal kulturaren zati bat zabaldu duena Filipinasko, Mexikoko, Estatu Batuetako, Egiptoko edota Italiako frontoietan euskara hizkuntza entzun dutelarik. Garaian, kultur elkarteak publikatutako Miguel Angel Bilbaoren erreportaje batean, munduan 170 frontoitan zesta-puntan jokatu izan dela esaten zuen. Estatu Batuetan, 24 frontoi izan dira, eta Floridako estatuan 12 inguru, non euskaldunak euren indar, abilezia eta abiadurarekin frontoiak 15.000 pertsonekin betetzen zituzten, eta apustuak milioi batera iristen ziren egun bakar batean.

5.000 euskaldun inguru izan dira Floridan barna pilotari, eta, nahiz eta gehiengoa erretiratzean Euskal Herrira bueltatu, badira oraindik, besteak beste, Miamin, Danian, Hollywooden, Orlandon, Daytonan, Melbournen, Fort Piercen edo Tampan bizi direnak. Oraindik ere, Daniako frontoia aktibo dago, eta han lanean ari diren euskaldunek, gehi oraindik Floridan geratzen direnek, euskal komunitate indartsu bat osatzen dute.

Estatu Batuetako azken erroldaren arabera, egun 2.127 euskaldun inguru bizi dira Floridan. Datu horiek errealitatetik urrun daude; izan ere, gutxi dira erroldan euskaldun direla jartzen dutenak.

Frontoian aritzeaz gain, pilotariak eta euren bikoteak unibertsitate ikasketak egiten ari dira Florida International University unibertsitateetan; maila federal eta estatalean ezagunak diren enpresak sortu dituzte euskaldunen artean edo amerikarrekin batera; banku, jatetxe, aireportu edota eskoletan lan egiten dute, eta Floridako eta Estatu Batuetako egoera sozial, ekonomiko eta politikoa ondo ezagutzen dute.

Jai Alaia, beraz, oraindik existitzen da: «Floridan, kasinoa eukin ahal izetako eukin beharzuz txakur karrerak, zaldixek edo zestie» (zesta jokalari profesionala, Daniako Kasinoan) eta, horrek aldatu ezean, bizirik jarraituko du. Bizirik iraungo du ez bakarrik Jai Alaiak, baita han dauden euskaldunen joan-etorriak, eta Euskal Herriaren eta Floridaren artean harremanak sortzeko ateak ere.

Diasporek, beraz, jatorrizko herrialdeetan eragina dute hainbat esparrutan (ekonomikoan, sozialean, akademikoan, politikoan eta kulturalean), eta, gure kasuan ere, horrela da.

Floridako euskaldunak, gure kultura munduan zabaldu ez ezik, bi herrialdeen artean harremanak ere sortu ditzaketen aktiboak dira, eta Euskal Herritik hori ezagutu eta lagundu beharra dago, inbertsio horrek, etorkizun ez horren luzean, oso eragin positiboak ekar ditzakeelako gure herriaren nazioarteko harremanetan. Lotura kulturaletatik, nazioarteko harremanetara, hain zuzen.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...